2015(e)ko urtarrilaren 31(a), larunbata

Pierre Etxeberriren Egunkaria: Euskaldun bat Lehenengo Mundu Gerran (7)

1915eko abuztuaren 24a.

Gauean oso ongi egin dut lo, zeren atzoko eguna oso gogorra izan zen. Goizean oso goiz esnatu naiz, alemaniarrek bonbak eta gauza asko botatzen dituzte. Ni oso beldurtuta nago zeren nire lehen aldia da gerra batean nagoela eta bonba batek nire lagun bati ondoan egin dio eztanda. Lubakietako erizaintzara eraman dut nire laguna. Odol asko dauka hankan, hilda dagoela ematen du. Eta horrela da, erizaintzan hilda dagoela esan didate. Orain nik neuk ordezkatu behar dut bere postuan. Izuturik nago, zeren hiltzeko arrisku handiagoa daukat. Bere postuan jarri naiz, eta esan didate fusilarekin egon behar dudala. Eguna oso gaizki zegoen, euria egiten zuen, eta ez zen ia ezer ikusten. Lubakiaren kanpoaldean pertsona bat ikusi dut eta tiro bat eman diot. Dena lokatzez zegoenez, ez naiz konturatu Frantziakoa zela. Oso gaizki sentitzen naiz.
20:00ak dira, eta afaldu behar dugu. Ez dago ezer jateko. Askotan zaldia jaten dugu, gaur ere bai, besterik ez dago eta.
23:00ak dira, afaltzen bukatu dut, eta ohera joan naiz. Beno, ohera esaten dut lo egitera joaten
naizelako, baina oherik ez dago.


Josu Etayo.


Pierre Etxeberriren Egunkaria: Euskaldun bat Lehenengo Mundu Gerran (6)

1915eko abuztuaren 23a.

Gaur oso goiz esnatu naiz, ezin nuen lo egin eta! Goizeko seietan zehazki, eta ez dut gau osoan lorik egin, zerua argitu arte itxaron behar izan dut zerbait egin ahal izateko. Kobazulo zakar horretatik joateko gogo izugarriekin nengoen, ze nolako gaua pasa dudan!... Gauerdian euria egiten hasi da, gure kobazuloan arratoi guztiak sartu dira eta lokatzez bete zaigu dena. Hau zen gehien kezkatzen ninduena: zegoen eguraldiarekin herrixkara joateko zailtasun handiagoak izango genituela. Atzo ez genituen txalupak bukatu eta bukatzeko zaila izango genuela pentsatzen nuen, baina bai edo bai bukatuko behar genituen ez bagenuen nahi beste gau bat gehiago pasa. Horregatik geunden esnatuta hamar lagun.
Txalupak egiteari ekin diogu, soka bezalako batzuk bilatu behar izan ditugu eta ibiliz eta ibiliz zorte onez aurkitu ditugu. Kobazulora iritsi garenean, txalupak egiten bukatu dugu, kaxkarragoak geldituko zirela pentsatzen nuen, baina azkenean ez dira hain zakar gelditu. 9:00ak ziren eta oraindik lotan zeuden, oso gose geunden, haiek esnatu eta genuenarekin zerbait gosaldu dugu, txalupak erakutsi dizkiegu eta egindako lanarekin pozik gelditu dira.

11:00etan bidaia hasi dugu, txalupak poliki-poliki arrastaka eraman ditugu ibaira ailegatu arte. Euriarekin zaila izan da, baina lortu dugu. Txalupak uretan sartu eta herrira iristeko orduak eman ditugu, ibaiaren ura kontra zetorrenez poliki joan behar izan dugulako. Azkenean eta zorte onez ailegatu gara, 5:00etan zehazki. Ailegatu eta errieta ikaragarria eraman dugu gainera, zigorraz lehengo ilaran jarri gaituzte eta asko haserretu gara. Nirekin zeuden asko hiltzen ikusi ditut eta desatsegina izan da oso, zorionez niri ez zait ezer gertatu. Orain gaueko 8:30ak dira, “ohera” joateko ordua. Gaur afaldu gabe “oheratu” beharko dut, baina izan dudan egunarekin seguru nago azkar lokartuko naizela. Bihar arte!


Irune Elizagaray



2015(e)ko urtarrilaren 30(a), ostirala

Pierre Etxeberriren Egunkaria: Euskaldun bat Lehenengo Mundu Gerran (5)

2015ko abuztuaren 22a

Gaur goizeko bataila oso gogorra izan da, eta gure taldeko laurden bat galdu da. Ni zoritxarrez, galdu den taldearekin noa. Orain kobazulo batean gaude. Gure soldadu asko oso gaizki daude baina eskerrak gurekin sendagile on bat dagoen. Gutxienez hamasei soldaduri besoan, hankan, buruan... zeuzkaten zauriak itxi dizkie.

Beste taldearekin komunikatu gara hemendik nahiko urruti dagoen herriska batera joateko, eta hortxe aurkituko gara. Arazo bakarra da hemendik oso urrun dagoela eta gure soldadu asko ezin direla ibili. Zaldi guztiak jan egin ditugu, hori bai, penaturik oso. Gainera, eremu hauek alemanez josita daude, eta ez dakigu nola joan hartara atentzioa eman gabe.


Ordu asko egon gara pentsatsen eta honako hau da izan dugun ideia onena: zuhaitzen emborrarekin txalupa batzuk egitea, zeren hemendik ibai bat pasatzen den, eta kalkulkatzen dugu ez dela oso urrun egongo herri horretatik. Bihar hasiko gara lanean, gaua berriz kobazulo zikin, hots eta beldurgarri honetan pasako dugu. Baina konbentzituta nago desastre hau pasako dela eta berriz aske izango naizela.

Unai Díez de Ure

2015(e)ko urtarrilaren 29(a), osteguna

Film laburra: "El viaje de Said"

   Egun hauetan Migrazioak gaia lantzen ari gara DBH-3an. 2007an Coke Riobóok zuzendutako lanak Goya saria lortu zuen Animazio film laburrak atalean. Hausnartzeko aukera polita.

Pierre Etxeberriren Egunkaria: Euskaldun bat Lehenengo Mundu Gerran (4)

1915eko abuztuaren 21a.

Atzo gehienok mozkortuta joan ginen ohera. Ez dakit zergatik esaten dut ohera, bat bestearen gainean lo egin dugu eta. Gaur esnatzean bi pertsona oka egin didate gainean, benetan ez da atsegina. Gaur bi pertsona hil dira bonben leherketen ondorioz; bat ez nuen ezagutzen, baina bestea nire gainean lo egin dutenetako bat da. Kontatu didate ezkonduta zegoela eta bere emaztea zortzi hilabetez haurdun dagoela.
10:30etan alemanen aurka joan gara. Bigarren ilaran joatea tokatu zait, baina lehenengo guztiak hil eta haien tokia ordezkatu behar izan dugu; gutxienez, ez naiz denbora asko lehenengoan egon, azkar erretiratu gara.
Zaldia izan dugu afaltzeko, niri tokatu zait barruan bala bat zuen zati erre bat. Bala ez dut ikusi, eta kosk egitean hortz bat apurtu zait.
Lo egitera gindoazenean, alemanek berriro eraso digute; 6 frantses eta 9 aleman hil dira, 15 hildako guztira eta pentsatzen jarri naiz: Zertarako gaude hemen? Frantziaren onerakoa al da? Egia esanda, berdin zait, etxera bueltatzea besterik ez dut nahi, baina seguraski hori ere ezingo dut egin.

Iker Barron

2015(e)ko urtarrilaren 28(a), asteazkena

Pierre Etxeberriren Egunkaria: Euskaldun bat Lehenengo Mundu Gerran (3)

1915eko abuztuaren 20an.

Soldadu ingelesa gasaren aurkako maskara
eta zaldia zapi batekin babesten
Ez dut egun hauetan idatzi, ezin izan dudalako. Pasa den astean, 14an, besoan hartu nuen mina eta obserbazio gelan egon naiz atzo arte. Azkenean ez da ezer ez, baina ahul sentitzen dut. Gaur esnatzean, esan didate ez naizen egon egun hauetan estrategia aldatu dutela. Guztiok multzo sakabanatu batean joan beharrean, hiru ilara luze egin behar ditugula esan digute, astebetez astebete egiten da errotazioa. Lehenengo ilaran daudenak dira batailan gehien parte hartzen dutenak, oso prestatuak izan behar dute. Bigarren ilaran daudenak nolabait errefortzuak dira, lehengo ilaran daudenak laguntzeko, eta azkenik hirugarren ilarakoek ia ez dute batailatzen, aste osoan zehar jasotzen dituzten zauriak sendatzen dizkiete, dutxatzen dira, logela handiagoetan eta garbiagoetan lo egiten dute... Beldurra sentitzen dut. Gaur bigarren ilaran egotea tokatu zait, baina pasa den astean guztia aldatu zutenez, bihartik aurrera lehenengoan egongo naiz. Etorri naizenetik gaur arte ez dut hainbeste beldur pasa, kontuan izanik hau uste nuena baino askoz gogorragoa dela. Sarritan gosez hilko nintzela pentsatu izan dut, pasa den astean bonba bat ni nengoen lekutik bi metrora eztanda egin zuen, eta esan didate alemaniarrek gas kimikoa botatzen dutela, 'gas mostaza', gorputzarekin kontaktua izaten badu, zauri larriak sor ditzake eta askotan hiltzeko arriskuan jartzen zaitu.
Obserbazio logelan nengoen bitartean, lagun bat egin dut, bera hor zegoen batailara ez ateratzeagatik, hobeto esanda, saihesteagatik. Koronelak jo egin zuen eta batailatzera behartu zuen, hanketan min egin zuenez jada ahul sartu zen su zelaian eta besoan tiro bat jaso zuen.
Horretaz guztietaz gain, gaur oso pertsona txarra sentitu naiz, oso eskas gaude janariari begira eta koronelak zaldi bat jatera behartu gaitu, egunean 7.000 zaldi inguru hiltzen direnez, soberan ditugu... Orain afaltzeko koñaka edatera behartzen gaituzte, esaten dutelako gauean beldurra ez sentitzeko modu bakarra mozkortuak egotea dela, ez zait ideia txarra iruditzen, gutxienez nire hemengo lagun gehienak pozik ikusten ditut gauean. Jada 20:30ak dira, eta joan beharra dut, hurrengo arte.

                                                                                                                      Irantzu Barcia.


2015(e)ko urtarrilaren 27(a), asteartea

Pierre Etxeberriren Egunkaria: Euskaldun bat Lehenengo Mundu Gerran (2)

1915eko abuztuaren 2an.

Batzuk azaldu ez badira ere, gizonak oro, 21 eta 48 urte arteko gutiz gehienak eta zenbait gazteago ere bai boluntario aurkeztuak, partitu gara gure etxeetatik trenetan, karrosetan, bizikletan, zaldi-mandoetan, oinez, dilijentziaz, autoz oraino zenbait, partitu gara eta bagoaz herrietarik, Bonazaharretik, Iholditik, Gixunetik, Baigorritik, Bidarraitik, Luhusotik, Garruzetik, Hendaiatik, Itsasutik, Arnegitik, Irisaritik, Kanbotik, bagoaz Baionara, bezperan mobilizazio libretak eskuratu eta. Lau egun barru, gerra frontera abiatuko gara 49. erreximenduaren hiru batailoiak.


1915eko abuztuaren 6an.

Gaur izan dugu abiatzeko eguna. Otoitz hunkigarria finiturik, kapotak soinean ezarri eta zakuak bizkarrean emanik, fusilak zerura zutik, Frantziako banderaren eta Bainoako Infanteriako 49. erreximenduaren estandartearen gibelean. Musikari lotu zaio banda, turuta eta atabalekin errabia gorrian, eta partitu gara soldaduok oinez, Saint Espriteko zubitik beheiti, azken lau egunetan ikasiak agertuz; partitu gara aitzindariak zaldiz aitzinean, ezpatak agerian lurrera begira tinko; partitu gara Iruten ari nuzu kantatuz.
Hiri guzi izan dugu zain. Zenbaiti senideak ere zaizkio herritik joan, partitzera ikustera. Aitzindariek gaztigatuak izan gaituzte, irrintzirik ez egiteko, ez egiteko keinurik nabarmenegi, armada diziplina denez gero, eta serios behar genuenez joan aurrera begira, gorpu bakar bezala. Baina karrikarat jalgi dira emazte, heldu, gizon zenbait eta haurrak, irriz, algaraz, oihuz, eta baziren etxeko leihotik txaloka ari ziren horiek ere, hunkidura ezin atxikiz desfilatu dugu 49. erreximenduko soldaduok. Emakume batzuek ezarri dizkigute arrosak edo lore sorta osoak arma kanoiaren puntan soldadu batzuoi, eta lehertu da karrika: "Berlinera!", "Biba berrogeita bederatzigarrena!".
Soldaduok hegan bezala egin ditugu treneko urratsak, arteka gazte ausart batzuek pausoa hausten dutela emakume gazteen multzoei: "Adio, ederrak" edo hitz eder gordinagoak, emakumeak irriz ezarriz.

1915eko abuztuaren 7an.

Bagoietan bero itoa eta zaldien usaina metatzen doaz. Bi egun oso egingo dugu gisa honetan. Baina etxetik eraman jakiak, arno xahakoak, tabako belarrak eta museko kartak bihotz berritzen gaituzte.

1915eko abuztuaren 8an.

Ailegatu gara. Hartu zakuak bizkarrean, beren kinkaileria guziarekin (platerak, kantinplorak eta gainerateko trasteria guztia, zenbat kilo gizon bakarrarentzat), eta atera gara. Azkar ezarri gaituzte formazioan. Fitsik ere azaldu gabe abiatu gara pauso bakarrean.

1915eko abuztuaren 12n.

Aitzindarien hitzik gabe, nora garamatzaten jakin gabe, egin ditugu lau egun oinez. Bidean galdu dugu lehen kidea, François Latournerie. Bero kolpe batek hila da: jauntzi guziak, berrogei kiloko zakua bizkarrean, fusila, kartutxoak, abuztuko bero astun hau, eta kilometroak eta kilometroak eginarazi dizkigute lau egunez. Txori bezala zorabiatu eta erori da bidean. Itorik. Julien Bizkai eta ondoan negarrez dituen adiskide batzuei gorpua jasotzeko agindu die Leon Iturri kanpitainak zalditik jautsi gabe. Lehen heriotza. Verdunen gara. Fusilak askatu gabe lurrean lo egingo dugula jakinarazi digute. Lehen kanoikadak entzuten dira, beraz, hurbil ditugu alemanak, su zelaiak.

1915eko abuztuaren 13an.

Gaur izan dugu suzko bataioa. Gau guzian begiak sobera itxi gabe, goizeko bederatzietako baionetak fusiletan ezarri eta hiru orduz zain izan gara lubakietan. Eguerditan hasi dira frantses kanoiak orroka. Lubakietatik atera eta aurrera egin dugu, aleman obus batzuk buru gainerat zapartatzen zitzaizkigula. Hor izan dira lehen gorpuak, soldaduak eta zaldi lehertuenak. Aleman metrailetak jo eta su. Gu tiroka fusilekin, baina azkenean atzera egin behar izan. Ehunaka hildako eta buelta gure lubakietara. Ikaragarria izan da.




2015(e)ko urtarrilaren 26(a), astelehena

Pierre Etxeberri-ren Egunkaria: "Euskaldun bat I. Mundu Gerran" (DBH-4 L)

Papera eta boligrafoa lubakian
Frantziako Armadak 1914ko udan gerrara deitu zituen euskal gazteak ere. Hilabete gutxi batzuetako kontua izango zela uste zutenak tronpatuta zeuden, ordura arteko gerra odoltsuena bilakatuko baitzen, 60 milioi pertsonaren mobilizazioarekin eta teknologia militar berrienarekin.
Lehen Mundu Gerrako bataila eta triskantzetan Euskal Herriko 6.000 lagun hil ziren, eta beste milaka batzuk ere lazgarrian hondatu: itsu, maingu, herren, zoro. Belaunaldi oso bat sakrifikatu zen.
Intsumituak ere milaka izan ziren, eta desertoreak ere bai. Horietako bat, Pierre Etxeberri, 1914ko urriaren 21ean fusilatu zuten, etsaiaren aitzinean ihes egitea leporatuz. Izpurakoa zen (Ispoure, Nafarroa Beherea) sortzez, eta Lasan bizi zen, laborari gisa. 1909an hiru hilabetez egin zuen soldaduska, baina Eguberrian etxean iragaiteko baimena eman ziotenenan, ez zen armadara itzuli. Hala ere, gerra hasi baino bi hilabete lehenago, 1914ko ekainaren 4an, armadara itzuli zen. Gerra lehertu zenean, soldadu gisa joan zen.
Hilabete bat baizik ez zeramanean gerran, bonbardaketa latz bat jasan zuten hark eta haren konpainiakoek, Argona eskualdeako Avocourt inguruan. Bonbardaketa irailaren 3an izan zen, 13:00etan. Etxeberri desagertu zen, eta biharamun goizeko 5:00etan joan zen, bere baitarik, dozena bat kilometro hegoalderagoko Parois herrian zegoen infanteria erregimentu batera. Berehala atxilotu zuten, bere postua abandonatu zuelakoan. Azaldu zuen obus bat erori zitzaiela gainera eta bere kide andana bat hilik ikusi zituela bere ondoan. Ondorioz, oihanera joan zen eta han iragan zuen gaua, gorderik. Urriaren 19an epaitu zuten eta hiltzera kondenatu. Bi egunen buruan, urriaren 21ean, fusilatu zuten, Récicourten (handik lau kilometrora), 6:30ean. 25 urte zituen.

Pierre Etxeberriren Egunkaria
Klasean ikusi bezala, hasiera batean, mugimendu gerrako jarraibide militarretara jo zuten armadek. Baina aurreikuspen guztiek kale egin zuten eta, Marneko gudua ondoren (1914ko iraila), berehala fronteak egonkortu eta lubakietan oinarritutako defentsa taktikak nagusitu ziren.
Pierre Etxeberri egoera hori ezagutu ez bazuen ere, hor kokatuko ditugu bere bizipenak: Pierre, beste euskaldun askorekin batera, fronteko lubakietan. Nolako egoera pairatu behar izan zuten? Nolakoa zen egun arrunt bat lubaki horietan? Ze nolako esperientziak bizi behar izan zituen Pierrek?... Zergatik desagertu zen Pierre? Nolakoak izan ziren Pierren azken egunak?
Hurrengo egunetan Pierrek berak kontatuko digu hori guztia, DBH-4 Lko ikasleen eskutik.


2015(e)ko urtarrilaren 25(a), igandea

DBH-4ko azterketak eta Kubrick-en "Senderos de Gloria" ("Paths of Glory")

Larunbat arratsalde osoa lanean, DBH-4ko azterketak zuzentzen, bai, 47 ikasle... eta alaben etengabeko galderak, beti ere lan ordu horiek luzatzen: "Nor da Oier?"... "Eta Iranzu?... "Bikain atera al du?"... "Zer moduz...? Uffa, gu bai txapeldunak, biba aitatxo irakasleok! Eta, gainera, pozik emaitzekin... oro har, jakina! Pozik erritmoa hartu dugulako, gehixeago ezagutzen dugulako elkar, eta gustura, bai, benetan diot. Oroitzen naiz talde horietako baten lehenengo azterketa hartaz, irailean, 28 ikasletik 8 besterik ez zuten gainditu, hura desastrea! Honetan, klase berean 22k gainditu egin dute. Tranparik egin gabe, eh? Mailari eutsiz, hori den/k! Hori bai, guztiok gaindituko dugulako itxaropena galdu gabe, aukerak izango ditugu eta. Beste taldean ere, erritmo ezberdina bada ere, aurreratzen ari gara poliki-poliki. Ea garaiz ailegatzen gara ekainera, hala bedi!

Inperialismoa eta I. Mundu Gerra gaian murgilduta gaude. Honetan, ari gara Alizia Lurralde miresgarrian bezala, atzetik abiatuz. Azken batean, I. Mundu Gerra hura Inperialismoaren ondorioa besterik ez zen izan, iragarritako ondorio zorigaiztokoa.
Stanley Kubrickek zuzendutako Senderos de Gloria (Paths of Glory) izan dugu aztergai, lehenengo 35 minutuak, lubakien gerra irudien bidez ezagutzeko. Militarismoaren aurkako lana dugu Kubrick-en lana. Eta "-ismo" horietan guztietan murgiltzeko proposamena  izan da etxerako lana: Ze nolako baloreak azaltzen dira filmean? Militarismoa, matxismoa, autoritarismoa... Zein eszenetan azaltzen dira?


[Iraupena: 05:16 minutu]


2015(e)ko urtarrilaren 22(a), osteguna

Mendillorriko Mendi Zikloa: Ixostia mendi-taldea

Urtarrilaren 26an, 19:00etan
Elorri Ikastola (Behe Mendillorri)
Chakrahu: escalada en Perú, Patxi Goldaraz

Urtarrilaren 27an, 19:00etan
Mendillorriko Civivox
Kayak en Nepal, Fermín Pérez Larrea

Urtarrilaren 28an, 19:00etan
Elorri Ikastola (Behe Mendillorri)
Pico Lenin 7.000 m.s.m., Mikel Resa

Urtarrilaren 29an, 19:00etan
Mendillorriko Civivox
Arroila-jaitsierari buruzko film laburrak

Antolatzailea: Mendillorriko Ixostia Mendi taldea.

2015(e)ko urtarrilaren 21(a), asteazkena

Dokumental solasaldia: "Bideberriak: Elikadura burujabetza Euskal Herrian"

Euskal Herriko esperientzi desberdinak bisitatzera gonbidatzen zaituztegu, non utopia errealitate bihurtzen den. Bai, hemen, auzoan, etxetik oso hurbil. Dokumental emanaldia eta, ondoren, solasaldia Teo Llorens-ekin (Bihurko Gorri ardo ekologikoaren ekoizlea) eta Jaxin G. Viniegrarekin (elikaherria.eus-ren koordinatzailea).

Otsailaren 2an, astelehenean, 18:00etan
Tudelillan

   Badakigu zer jaten dugun?
   Nondik datorren?
   Nork ekoizten duen?
   Badakigu elikagai osasungarriak, kulturalki egokiak eta modu jasangarrien bidez ekoiztutakoak izatea herri guztien eskubidea dela?
   Elikadura ekoiztu eta kontsumitu baino gehiago da, antolakuntza eta harreman desberdinak eta justuagoak eraikitzea, non pertsonak, duintasuna eta elkartasuna modu berri batean proposatzen diren.


2015(e)ko urtarrilaren 18(a), igandea

Ama langile baten eskutitza (DBH-4 l )

Kaixo ama
Belgikako emakume meatzariak, 1881. Van Gogh.
Etxetik joan nintzenetik bizitza nahiko gogorra daramat. Ordu asko lan egiten dut meategian, soldata eskas baten truke, gainera. Gaur, adibidez, goizeko bostetan esnatu naiz lanera joan baino lehen seme-alaben eta senarraren gosaria prestatu ahal izateko. Janari gutxi daukagu eta nik hondarrak besterik ez ditut jaten, besteentzako janari nahikoa egon dadin. Ondoren, meategira joan naiz eta han ohikoa jasan behar izan dut.
Nire lana oso gogorra da, gizonek ateratzen duten ikatza orgetan eraman behar dudalako. Gizonak, gainera, ez dira nirekin ongi portatzen, eta horrek asko zailtzen dit lana. Hala ere, eguneroko kontua denez, ez diet kasurik egiten. Orgak bultzaka eramatea ez da daukadan lan bakarra, puntelatuak ere egin behar ditut. Orgak garraiatuz ahalik eta diru gehien lortu nahi dudanez, askotan ez dira egokiak lantzen ditudan puntelatuak. Egun askotan soldatatik dirua kentzen didate puntelatuak gaizki edo egin behar ez ditudanean egiteagatik. Niri ere ez zait egoki iruditzen, baina ezin dut gehiagorik egin.
Ikusten duzunez, lan nahiko gogorra da, eta lortzen dudan dirua ez da nahikorik izaten nire senarrarenarekin batera familia osoa mantentzeko.
Hamabi ordu edo gehiago lan egin ondoren, etxera itzultzen naiz eta han ere lan egin beharra izaten dut. Nire senarra oso nekatuta iristen da lanetik, eta nik seme-alabentzako afaria eta etxeko lan guztiak egiten ditudan bitartean, horrek atseden hartzen du.
Ni gose handiz iristen naiz etxera, lanean ogi zati bat besterik ez baitut jaten, eta gauean berriz ere hondarrak jaten ditut. Normalean gosez gelditzen naiz, nahiko aurrera egin ahal izateko, ordea.
Horrelakoak dira urteko egun guztiak. Hala ere, beste aukerarik ez dut familia aurrera eraman nahi badut. Espero dut zure bizitza atseginagoa izatea, ama.
Maite zaitut

Leire Moreno

Haur langile baten eskutitza (DBH-4 L)

Kaixo lagun
Haur meatzariak (AEB, 1906-1908)
Egunero zutaz oroitzen naiz, baina ez dut zu idazteko momenturik aurkitzen. Dakizun bezala, duela hilabete eta erdi hamar urte bete nituen. Egun horretan bertan sartu ninduten lanean meategian.
Oso gogorra egiten zait, baina pixkanaka ohituratzea espero dut. Ama nahiko ondo dago, ahizpa anaia txikiak zaintzen egoten da egunero, aurrera egiteko ahal duena lortzen. Aita, ordea, berdin jarraitzen du. Ia egunero, altxatzen garenean, aita oso mozkor etortzen da, amari aginduak emanten gainera, tratu txarrak eragiten, eta gu aurrean, dena ikusten.
Lanera joatean ere oso gaizki pasatzen dut. Beldurrak jota sartzen naiz zulo zakar horretan, baina derrigorrez joan behar dut familiarentzako dirua ateratzeko, bestela ez gara inora joango.
Oso gogorra da ikustea jendea nola dagoen, nik baino urte batzuk gehiago dituztenek hortzik gabe, pentsatzea ni urte batzuk pasata horrela geratu ahal naizela, oso gogorra da. Goizero altxatzean gauza bakarra pentsatzen dut: zulo zakar arriskutsura joan behar!
Espero dut zu ere nitaz oroitzea. Uste dut gehiago idatzi behar diogula elkarri. Espero dut zure eskutitza bueltan izatea eta dena ongi izatea.
Muxu bero bat lagun!

Irune Elizagaray

2015(e)ko urtarrilaren 15(a), osteguna

Lana katean: "Garai Modernoak", Charlie Chaplin

   Erritmo polita hartu dugu aste honetan DBH-4an: 1. ebaluazioaren errekuperazioa, Industrializazioa gaia amaitu eta berriari heldu, hurrengo astean 2. ebaluazio honetako lehenengo azterketa... Atzo Bigarren Industria Iraultza aztertu genuen, eta Charlie Chaplin izan genuen maisu. Garai Modernoak filmeak erakutsi zigun badagoela ikastea ongi pasatuz, eta ongi pasatzea ikasiz. 15 minututan ederki ulertu genuen XIX. amaieran ezarri zen serieko ekoizpenataylorismo gisa ezagutzen dugun lan egiteko modu berri hura.

   Era honetako ekoizpenean lana katean egiten da, alegia, produkzio prozesua banatu egiten da zeregin oso espezifikoetan, zehaztasun handiko makinak erabiliz. Kate horretan, langile bakoitzak prozesuaren zati oso zehatza gauzatzen du, erabilgarriak ez diren mugimenduak baztertuz eta esku lanari ahalik eta etekin gehien ateraz. Filmean ikus dezakegu ze nolako ondorio txarrak eragin zituen langileengan: lan istripuak, langileen arteko harremanak gaiztotzea... Estresak erotu egingo digu Charlot.

   Filmeko lehenengo eszenan ardi taldea agertzen da, baita ardi beltza ere. Zer esan nahi digu zuzendariak?


Tiempos modernos from pluviason on Vimeo.

2015(e)ko urtarrilaren 14(a), asteazkena

Mendillorri larru gorritan

   Ez duzu oraindik etxerako egutegirik eskuratu? Honetan gonbidatu nahi zaitugu erostera Gaztelumendi Mendillorriko Erraldoien Konpartsak ekoiztutakoa. Konpartsak  berak esan bezala, oso egutegi ederra atera da, Sonia Ariz argazkilariaren pazientzia eta lanari esker, zein egitasmoan parte hartu duten 37 modeloei esker. Azken batean, ez da berria esaten badugu soilik auzolanean erakiko dugula gure etorkizuna. Txalo bero bat, beraz, modelo gazte eta beti-gazte horiei guztiei. Ah!, 12 € besterik ez dira. Bi tiradak agortu egin badira ere, aukera dago eskaera egiteko, gaztelumendi2008@gmail.com helbidera edo washapez 679 871 064 telefono zenbakira idatziz. Hartu zurea!

2015(e)ko urtarrilaren 13(a), asteartea

Pipitaki, papataki, nork daki...?

   Aurreko egunean aurkeztu nizkizuen Termidor eta Pilako Espeka lagunak. Honetan, atzerago joko dugu, XIX. mendera, Kolonietako komertzioa eta esklaboen trafikoraino. Gure testu liburuak (DBH-4, Vicens Vives) dituen akats eskandalagarri horietako beste adibide bat. Ea nork asmatzen duen. 

Jatorrizko mapa:

Lurra. Historia. Vicens Vives, 2008.

Euskarazko bertsioa:


Lurra. Historia. Vicens Vives, 2008.


2015(e)ko urtarrilaren 11(a), igandea

Ziztadak (1): Beti besteak aukeratzen


Patriziaren semeak dio gazteleraz egiten duela gazteleraz egiten diotenekin, eta euskaraz euskaraz egiten diotenekin. Eta amak esaten dio:

- "Hara! Beti besteak aukeratzen du hizkuntza?"


2015(e)ko urtarrilaren 10(a), larunbata

Anarkismoa, Durruti eta punkyak

   Laburra astea, ezta? Bi egun besterik ez ikasgelan. Eta giro polita, dena esan behar. Nork dio luxoak direla irakaskuntzako oporraldiak? Lasai-lasai bertaratu gara, ikasleak zein irakasleok, indarberriturik. DBH-3an oporretako lana zuzentzen eta biztanleria-piramideak landu ditugu. DBH-4an marxismoa, sozialismoa eta anarkismoa izan ditugu aztergai. Haien arteko aldea eta elementu komunak. Hemen ditugu gelan landutako testu laburra, eta jarraian Carlos Gimenez margolariak kontatutako istorioa 1970. hamarkadaren amaieran, non Durruti bera (ikusi: Buenaventura Durruti) haserretuko zaigun anarkismoa batere ulertu ez duten punky horiekin.

Guk askatasuna nahi dugu eta iruditzen zaigu haren izatea bateraezina dela beste edozein botereren existentziarekin, boterearen sorrera eta itxura zeinahi dela ere [...].
Gaitza, anarkisten begietan, ez dago gobernu motan, baizik eta gobernuaren ideian, agintearen printzipioan bertan"

Kropotkin iraultzaile errusiarra eta anarkismoaren teorikoa, 1883


Carlos Gimenez, Espainia, una, grande y libre, Glénat, 1999.



2015(e)ko urtarrilaren 8(a), osteguna

Termidor eta Pilako Espeka lagunak

   Hurrengo astean 1. Ebaluazioko errekuperazio azterketa izango dugu DBH-4an. Beraz, aste buruan ikasle batzuek bidaia egin beharko lukete XIX. mendeko Europako Iraultzetaraino. Dalton filmea, Iriarteren Iraultzaren maratoia liburua eta bestelako bitartekoak erabili baditugu ere, testu liburua ere izan dugu bidelagun, Lurra: Gizarte zientziak. Historia (Vicens Vives argitaletxea). Bertan denetik topatu dugu:

Historia DBH-4. Vivens Vives, 2008.
- Mapen izenburua: "Europa en 1811" (34 or.), "Europa en 1815" (36 or.)... (euskaraz izan beharko, jakina!)
- "independentzia" hitza gaizki justifikaturik lerro amaieran: "independent-/ zia" (38 or.).
- Zer izango ziren "1848ko Iraultzak berarekin ekarri zituen ideial demokratikoak"? (39 or.). Ideia demokratikoak ala ideal demokratikoak?
- Eta nor izango zen "Austriaren aukako" hori? (41 or.) Bai, aurkako izan beharko.
- Unitatearen amaierako kontzeptu-mapan ere horrelakoak agertzen dira: "Inperio napoleoniko  derrotado por  Berrezarpen absolutistak"; "jabetza eskubidea eta komunitate nazional  influyeron en iraultza liberaletan eta batasun nazionaletan" (42 or.). Bai, hemen ere denetik: ergatiboa, euskara eta gaztelania batera, en fin!
   Hala ere, bi lagun hauek dira gehien harritu gaituztenak: Termidor eta Pilako espeka. Beitu:
- "Modu honetan, Termidorrek Estatu kolpea jo zuen 1794ko ekainean..." (31 or.). Bai, Termidor ez zen izan Robespierren aurka aritu zen inor, frantziar iraultzaileek ezarritako egutegi berriko hilabetea baizik, uztaila-abuztuari zegokiena.
- Eta zergatik ez esan derrigorrezko errekrutatzea edo errekrutatze-masiboa "Pilako espeka" horren ordez? (30 or.)

   Noizko euskaraz sortutako testu-liburuak? Hona hemen proposamen ausarta ikastetxeko Irakurketa Planean sartzeko: XIX. mendeko Europako Iraultzak aztertu nahi izanez gero, ez irakurri Vicens Vives argitaratutako Lurra liburua. Ikasleek izugarri eskertuko ligukete.


2015(e)ko urtarrilaren 7(a), asteazkena

Ça c'est fini!. ¡Se acabó!. Bukatu egin dira oporrak!!

Grafitia, 2015eko urtarrila
Argazkia: Patxi Abasolo
  

   Ça c'est fini!. The end!. ¡Se acabó!. Bukatu egin dira oporrak!! Beraz, bihar berriro gelan ikusiko dugu elkar, gelan eta auzoko kaleetan, jakina!, horma guztiak gainditzeko erronkak baitira. Antzinako Auñamendiak bezalakoak mugak bihurtarazi baino lehen, pasabideak, topaguneak. Ea guztion artean lortzen dugun!. Askotan klik bat besterik ez da egin behar... hasteko!

2015(e)ko urtarrilaren 4(a), igandea

Ahuntzape musika taldea: "Ostikoa eta porlana"

   

   Honetan medebaldeko lurraldeetara egingo dugu bidaia, sortzez nafar hiribildu zen Gasteizera (Antso VI.ak, Jakituna, 1.181ean), Ahuntzape Mendillorriko musika taldearen eskutik.
   Urtarrilaren 24an, larunbatean, parte hartuko dute Gasteizko Gaztetxeko jaialdian, "Ostikoa eta porlana" landa-okupazio egitasmoaren aldeko dirua lortzeko. 19:00etan hitzaldia izanen da, ondoren Kontzertua eta Gau pasa. Proposamen ederra!