2015(e)ko maiatzaren 30(a), larunbata

Mendillorriko Jauregiaren I. Aste Kulturala

   Mendillorri Auzo Elkarteak aste kulturala antolatu du Jauregia dotazio gisa aldarrikatzeko.



Ekainak 8:
Ipuin kontalaria
Ezpondapea, 18:00etan

Ekainak 9:
Jauregiaren inguruko hitzaldia
Tudelilla tabernan, 19:00etan

Ekainak 10:
Arte tailerrak
Jauregiaren inguruan, 17:00etan

Ekainak 11:
Haurrentzako Gynkana, tailerrak, juevintxo
Jauregian
17:00-19:00
Kontzertua: Ekia

Ekainak 12:
Erraldoien tailerra eta kontzertuak
Jauregian
18:30etatik aurrera

.

2015(e)ko maiatzaren 25(a), astelehena

Enneco: "Gure Historia kontatu beharrean gaude"

Mendeetan isildurikoa, berraurkitu beharrekoa da gure Historia. Gure oraina eta iragana argitzen lagunduko digun argi izpi bat, eraikitzeko daukagun etorkizunari begira dagoena.
Gure Historia dahttp://enneco.org.


2015(e)ko maiatzaren 20(a), asteazkena

146 nafarren gorpuzkinak Erorien Bailaran (Madril)

  Honetan aurkeztu nahi dizuet Espainiako Gobernuak egindako hobi komunen mapa, non 1936ko gerran hildako borrokalari errepublikazaleak ehortzi zituzten:
http://www.memoriahistorica.gob.es  
Momentuz, mapan 2.000 hobi baino gehiago bildu dira. Bi bide dira datu-bilketa bideratzeko: zuzenean hobira jo, edo aurkitu nahi dugun pertsonaren datuak sartu: Hobien mapa.
  Mapan ikus dezakegu Nafarroa Garaian 16 hobi aurkitu dituztela, eta horietatik guztietatik gorputzak atera, nahiz eta seguraski azkenak izan ez. Osotara, 1941 eta 1959 bitartean, 1.215 personen gorpuzkiak eraman zituzten Arabatik (613), Bizkaitik (219), Gipuzkoatik (237) eta Nafarroa Garaitik (146) Madrileko Erorien Bailarara (Valle de los Caídos).


Berria, 2011-05-07
  

2015(e)ko maiatzaren 15(a), ostirala

5 hilabete, 5.000 klik, Historiaren uretan murgiltzen

  Hara! 5.000 klik gainditu eta konturatu ez, hau fundamentu gutxi! Tira, bada, jarraian autoestimarako ariketa bat egingo dugu. Izan ere, 5 hilabete joan dira 2014ko abenduaren 12an Mendillorrik bazuela bere Historiaren Txokoa iragarri genuenetik: "Ikasgelen, etxeen zein auzoko bestelako guneen arteko zubia sortu nahi dugu. Irizpide kritikoa bultzatuz, eta euskaraz, hori den/k". Horrela azaldu genuen. Ederra erronka, ezta?
   Blogaren alde honetan ezin gusturago gaude gure ekarpen txiki hau bideratzen. Gai piloa landu dugu: testu liburuak, auzoko jarduera kulturalak (blogean DEIALDIAK atala badugu), egutegiko data esanguratsuak, historia, geografia, arte, pedagogia, komikiak... Sare sozialetan murgiltzeko ausardiak ere bere saria izan du, egun 97 lagun baikara facebook-en. 100 lagun klik bat egiteko prest, lagun piloa elkarri irakurtzeko prest... izugarria benetan! 5 hilabetetan, 5.000 klik baino gehiago, eta euskaraz, uffa! 
  Hona hemen gehien irakurri diren sarrerak:
   Duela 5 hilabete esan genuen bezala, Txoko honetan jarraituko dugu Historiaren uretan murgiltzen, ikasle, ama, aita zein auzokide hutsa izan. Hormek ezartzen dituzten irizpide zorrotzik gabe, irakurle berak erabakiko du zein olaturi heldu, noiz eta nola. Ez galdu aukera!




2015(e)ko maiatzaren 13(a), asteazkena

Gasa eta multinazionalak Artikon

  DBH-3.ean atzera utzi ditugu jada lurpeko baliabideak eta baliabide horien ustiapena, hainbat  baliabide agortu gabe ustiatzeko erronka, elektrizitatea sortzeko iturri konbentzionalak zein ordezko energiak, eta jakina, ezinbesteko baliabide dugun ura. Gaurko artikuluan, gasaren ustiapena eta multinazionalak izango ditugu protagonistak.

AEBek baimena eman diote Shell petrolio konpainiari Artikoan zulaketak egiteko. Multinazionalak adierazi du AEBetako Energia Ozeanikoaren Kudeaketarako Bulegoaren erabakia «mugarri bat» dela. Artikoan petrolio eta gas ustiaketa mugatua izan da orain arte, baina Shellek lortutako baimen horrek bizkortu egin dezake Artikoan lurraldeak dituzten herrialdeen arteko lehia. Baliabide naturalen gaineko kontrola da atal bat, baina interes gehiagok talka egiten dute Ipar Poloaren inguruan. XXI. mendeko lehia geopolitiko handietako bat hagitz jende gutxi bizi den toki batean gertatzen ari da. [...] Azken urteotan egin diren ikerketen arabera, munduan ustiatu ez diren erreserben %13-20 artean eduki litzake Artikoak.

[...] Gobernuz kanpoko erakunde ekologistek, berriz, ikuspuntu etiko eta biologiko batetik kritikatu dute AEBek Shelli emandako baimena. «Lurreko gunerik garrantzitsuenetako batean arriskutsuak diren zulaketa batzuk onartu ditu modu arinean», kritikatu du Susan Murray Oceana erakundeko presidenteordeak.

Artikoan lurraldeak dituzten herrialdeek aspalditik begiratzen diote irrikaz eremu horri. Ipar Poloaren inguruko eremu erraldoi batean nazioarteko mugak ez dira inoiz ezarri, eta lau herrialdek egin dituzte aldarrikapenak. Joan den hamarkadan hitzartu zuten eztabaida hori NBE Nazio Batuen Erakundearen bidez erabakitzea.

[...] Oraingoz, Danimarkak, Errusiak, AEBek, Kanadak eta Norvegiak banatuko dute Artikoa. Ahotsik gabe gelditzeko arrisku handia dutenak, bertze behin, bortz herrialde horien mugetan bizi diren herri indigenak dira, duela milaka urtetatik paraje hormatua bizitokitzat dutena.

Iturria: Mikel Rodriguez, "Lehia zabalik Artikoan", Berria, 2015-maiatza-13.