2015(e)ko ekainaren 25(a), osteguna

"Kalitatezko Hezkuntza Publikoaren alde, LOMCEri planto"

  Bukatu egin da ikasturtea. Aurten ere, Donibane gauean su-metara hurbildu eta jauziak egin ditugu, suak eraman ditzan berekin urtean gertatu zaizkigun gauza txar guztiak eta gure etsaiengandik libra gaitzan.
 To sua,
zaharra eramantzan
eta berria ekartzan!

   Hurrengo goiza, noten banaketa eguna. Hitzak hitz. Ekainaren 16an Ikastetxeko Batzarrak adostu bezala, 60 bat lagunek, ikasle zein irakasle, bat egin genuen aintziran, Jauregia lagun, "Kalitatezko Hezkuntza Publikoaren alde, LOMCEri planto". Ikasturte amaierako argazki polita. Hurrengo ikasturtean amesten dugun Hezkuntza eraikitzen jarraituko dugun seinale xume bezain polita.

Mendillorriko B.H.Institutuko ikasle zein irakasleek egindako agerraldi publikoa
Argazkia: Txarli Martínez.



2015(e)ko ekainaren 19(a), ostirala

Selektibitatea: zenbatekoen dantza

  Bukatu egin da Selektibitatea, Unibertsitatean sartzeko hautoproben deialdia. 2.656 ikasle aurkeztu dira Nafarroa Garaian, horietatik 720 D eredukoak (%27,27). D eredukoen %98,47k gainditu egin du proba (709); A eta G eredukoen %94,27. Horretaz gain, %98,19ko portzentajea gainditu dute D ereduko aurtengo ikasleek.

  Gure ikastetxeari dagokionez, irailean D ereduan matrikulatutako ikasleen %78,3k gainditu dute, herrialdeko bigarren emaitza onena Zizurren atzetik (A eta G erduan, %71k).

  Argi utzita, gure esku izanez gero, Selektibitate zorigaiztoko horri agur esango geniokeela, txalo bero bana D ereduko eragile guztioi, gurasoei, irakasleei zein ikasleei, kalitatezko irakaskuntza publikoaren alde une oro egindako ahalegin itzelagatik. 
  

2015(e)ko ekainaren 17(a), asteazkena

Ikasleok eta irakasleok batera: Batzar irekia

  Atzoko Batzarrean 27 lagun bildu ginen, 13 ikasle eta 14 irakasle. Ordu bat eta erdi eman genuen ikasturteko balorazioa eta aurrera begirako ekarpenak gauzatzen. Oso gustura. Amaitzear dugun ikasturtean egindakoari (eta ez egindakoari, jakina!) errepaso eginda, gai piloa atera ziren Batzarrean, non 12-13 lagunek hitza hartu eta ekarpenak bideratu zituzten. Beraz, parte hartze polita izan genuen:
  • Pentsalaria, Rodin (Iruñeko Gaztelu Plazan)
    Argazkia: Patxi Abasolo
    Ereduen arteko harremanen argilunak.
  • Emakumearen gaia lantzeko beharra eta horren inguruko hainbat hausnarketa: Zer da eraginkorra, espazio arautuetan lan egitea ala gelatik kanpo?... Ikastetxeko Eguna bezalako gunetan lehiaketa mistoak (neskak eta mutilak batera) bultzatzea?...
  • Sexualitatea lantzeko beharra eta horren inguruko hainbat hausnarketa: Zergatik ez Tutoretzako orduetan? Egokia al da Tutoretzarako egindako lanketa?...
  • Burutzen diren ekimen guztiak unean balorazioa burutzeko beharra.
  • Ikasleen eta irakasleen arteko zubien garrantzia.
  • LOMCE: Informazio eza azpimarratu da. Hitza hartutako irakasleak zein ikasleak ados dira lanketa hori soilik ikasleengandik burutu den. Gaia lantzeko beharra: Eskola Kontseiluak aholku-organo bihurtu da, erabakiak hartzeko demokratizazio-bideak, eskola-eragile guztiok batera aritzeko beharra (irakasleak, ikasleak, gurasoak...), eskola inklusiboa, aniztasun-trataera... Ze nolako hezkuntza eredua nahi dugu?...
  • Murrizketek eragindako kaltea eta horren aurrean izandako erantzun epelak...
  Eta aurrera begira, zer? Hurbildu ginenok oso egokia eta interesgarria ikusi genuen irakasleok eta ikasleok batera biltzeko ariketa praktiko hau. Horretaz gain, honako erabaki hauek hartu ziren:

  1. Irailean beste Batzar bat deitzea. Bertaratuko direnen artean baloratuko dute ze nolako urratsak eman: gune iraunkorra sortu, Hezkuntza ereduak aztertzeko lan taldea osatu...
  2. Irakaskuntza Publikoaren alde eta LOMCEren aurka irakasleon zein ikasleon agerraldi publikoa egitea. Notak emateko egunaz baliatuz, ekainaren 24an izango da, 10:30etan, aintzira ondoan.

2015(e)ko ekainaren 16(a), asteartea

Ikastetxean ere... Ados jarrita hobe!

  Azken klase presentzialak izan genituen atzo. Ez zen batere erraza, ez, materia emanda, azterketak eginak..., eutsi egin genion erronkari, ordea, jakina!. Gaur, Batzar irekia izango dugu 11:45ean ikasle zein irakasleok, elkarren ondoan, ikasturte honetan egindakoaren inguruko hausnarketa-balorazioa egiteko. Ea lagun asko animatzen garen. Nola gorpuztu, bestela, haragirik gabeko egitasmoak? 


Berria


2015(e)ko ekainaren 7(a), igandea

Gure testu-liburuak: "LOMCEri EZ", baina...

  
  Atzo Berrian idatzitako iritzi artikuluan, Mikel Txertudi irakasleak gogora ekarri zigun Joan Mari Torrealdaik orain bi urte Jakin aldizkarian (198 zenbakian), euskal libururuen urteko ekoizpenaren azterketa eta balorazioa.

  
"Ikasmaterialen ekoizpenaren %66a espainiar argitaletxeen esku dago, eta hemengo argitaletxe profesionalen lana %29,5 besterik ez da. Ezohiko argazkia, baina ez guztiz berria. Hemengo argitaletxe eta irakaskuntzako elkarteak 80ko hamarkadan hasi ziren hezkuntza proiektuak bertan lantzen, eta lan horretan dihardute gaur egun. Beraz, 35 urte daramatzate proiektu propioak garatzen eta zabaltzen euskal hezkuntzaren unibertsoan. Proiektu propioak garatzen dituztela esaten denean, Euskal Herritik Euskal Herrirako egitasmoak lantzen dituztela esan nahi da.

Espainian hezkuntza proiektuak lantzen ari ziren editorial nagusiak Euskal Herrira hurbildu eta kokatzen hasi ziren izen euskalduna duten filialak sortuz (Anaya-Haritza, Edebé-Giltza, Santillana-Zubia, Everest-Aizkorri, Edelvives-Ibaizabal, SM-Ikasmina). Argitaletxe hauek bi berezitasun dituzte. Batetik, EAEko esparrura zuzentzen dira, eta soilik hezkuntzaren merkatuan egiten dute lana. Une honetan dozena erdi bat hezkuntza proiektu daude espainiar ikuspegiarekin, eta soilik bi beren ikasmaterialak euskal ikuspegiaz lantzen dutenak: Ikaselkar eta Erein.

Hemengo argitaletxeek zailtasun handiak dituzte: espainiar jatorria duten argitaletxeen ondoan, ez dute baldintza berdinetan lehiatzen merkatuan, eta ekonomikoki oso zaila suertatzen zaie kanpoko argitaletxe horien aurka lehiatzea. Hemengo argitaletxeek, kanpokoek ez bezala, proiektua zerotik abiatu eta landu behar dute, eta horretarako lantaldeak eratu eta finantzatu.

[...] Eta zein da egoera gaur egun? Zer diote hezkuntza eragilek? [...] Espainiako Gobernuak bultzatu duen hezkuntza lege atzerakoi honen aurrean, LOMCEri ez leloa nonahi entzun eta irakur daiteke, baina, datorren ikasturteari begira, espainiar estatuko argitaletxe horiek LOMCEren espiritua jasoko dute beren ikasliburuetan, eta Euskal Herrian zabaldu. Bitartean, LOMCEren edukiak jasoko dituzten ikasmaterialen aurrean ez da ahotsik altxatzen, ezta gogoetarik egiten. LOMCEri ez, baina..."



2015(e)ko ekainaren 5(a), ostirala

Hizkuntzen xarma (Zaldi Eroa)


                                                                                                                                                                                        Zaldi Eroa

2015(e)ko ekainaren 4(a), osteguna

Xabier Amuriza eta Gogor Taldea frankismoan

Xabier Amuriza
Iturria: Euskal Memoria aldizkaria, 2015eko maiatza.
  Amaitzear dugu ikasturtea, amaitzear ere DBH-4Ln abiatutako proiektua: "Gure aiton-amonen garaiak", ahozko iturriak lagun, Frankismo garaira egindako bidaia. Testu liburuak, filmak, NO-DOa eta bestelako materiala lantzeaz gain, ahozko historiaren uran murgildu gara bederatzi aiton-amonaren bizipenen bidez, horiek guztiak 1930. eta 1945. urteen bitartartean jaioak. Horretarako eta horren ondorioz, ikerlari, historialari izan ditugu ikasleak.
   Aste honetan Frankismoaren aurkako mugimendua landu dugu klasean. Testu-liburuak azaldu bezala, "Eliza katolikoaren baitan ere frankismoaren aurkako taldeak sortu ziren. Langileekin lotutako talde kristauak (Juventud Obrera Cristiana) eta apaizen jarrera berriak agerian utzi zuten Eliza ez zela monolitikoa erregimenaren oinarri ideologiko gisa". Gaurko klasean Xabier Amurizak berak azaldu digu nola sortu eta garatu zen Gogor Taldea apaizen mugimendua:

"Bazen lema bat, zenbait ekintza eta idazkitan ia erritual bilakatu zena: Gogorkeriaren aurka gogortasuna. [...] Euskal Herriaren pizkundea eta diktaduraren aurkako erreakzioa abian zen. Apaizok, batzuk (ez gehienak, baina ez gutxi ere) olatu hartan sartu ginen. Zer genuen eskaintzeko? Lehen-lehenik, lokalak. Edozer edonon debekatua izanik, lokal eskuragarri ia bakarrak elizarenak ziren. Apaiz ireki samar bat gertatzen bazen, herri bakoitzean, apaizetxe eta abar, lokal ugari zen.
Leku askotan, ia bakarrak. Eta, noski, eskubide politikoen, sozialen eta kulturalen mezua moztua izan gabe azaltzeko toki bakarrak elizak ziren. Estatuaren eta Elizaren arteko konkordatu-ituna bitarteko -frankismoa erregimen katoliko eta konfesionala zen-, poliziak ezin zuen elizetan interbenitu, ez apaizei eskurik ezarri, gotzainaren baimen gabe. Sermoiez eta apaiz batek bere herrian eta inguruan egin zezakeen lan askatzaile guztiaz gainera, errepresioaren aurkako aldarria eta kontestazioa ageriko edo publiko egiteko ekintzek esangura handia hartu zuten. Apaizen manifestazioetan, adibidez, poliziak edo guardia zibilak ezin zuen zuzenki sartu, gotzainaren baimen gabe. Edo, behintzat, gatazka instituzional bat eragin gabe.
[...] Gogor taldearen ekintzarik entzunena Derioko seminarioko itxialdia izan zen [...] Elizaren eginkizun askatzailea lau betebehar hauetara biltzen zen: Eliza pobrea [...], Eliza librea [...], Eliza dinamikoa [...] eta Eliza autoktonoa, bertakoa, euskalduna".
Argi zegoen hesia estutzen joango zela, eta inpunitate konkordatarioa laster amaituko zela. Elizgizon askok erbesterako bidea hartuko zuten, eta beste asko atxilotuak, epaituak eta kondenatuak izan ziren. [...] Nire espetxealdi luzeagoa ekarri zuena (zazpi urte) beste lau lagunekin baterako gose-greba bat izan zen, Bilboko gotzaindegian [...]".

Xabier Amuriza, "Gogor taldea frankismoan", Euskal Memoria aldizkaria, 2015eko maiatza.



2015(e)ko ekainaren 3(a), asteazkena

Lehen irrintzi grabatua, Parisen (1900. urtean)

  "Euskal gerra oihua; antzinakoa", dio aurkezleak frantsesez. Segidan bi irrintzi datoz, pertsona berak eginikoak: gizonezko batek, ziurrenera. Ez dira oso irrintzi luzeak edo ikusgarriak, baina grabaturiko lehenak dira. Parisen bihurtu zituzten fonograma, 1900. urtean, Leon Azoulay doktorearen ekimenez. Ez dago jasota nor den irrintzilaria. Musee Phonografiquen funtsa hornitzeko grabatu zituzten, hainbat kantu eta Bibliako pasarterekin batera.
  Interneten entzungai dugu. Jo 7. puntura, "Cri de guerre basque" (iraupena: 22''):


2015(e)ko ekainaren 2(a), asteartea

Zer da Bullying-a?

G
arrantzitsua da eskolan ikasleen artean jazarpena zer den definitzeko ahalegin bat egitea. Baina ez da erraza, eta hortik datoz sarri arazo asko. Hona hemen egiten diren definizioetan beti nabarmenduta ageri diren ezaugarriak eta, beraz, martxan dauden protokoloen oinarri direnak. Haur hezkuntzan inoiz edo behin jazarpenaren antza duten portaerak ikus badaitezke ere, ez dira aintzat hartzen hain haur txikitan.

Botere desoreka dago. Botere —dela fisiko, psikologiko edo soziala— desoreka dago erasotzailearen eta biktimaren artean. Erasoa jasaten duenaren kaltetan beti.

Nahita egindakoa da, eta denboran errepikatua era iraunkorrean. Jazarpenaz mintzatzeko, denboran errepikatzen den jokabide erasokor batek egon behar du, nahita egindakoa. Horren ondorioz, biktima etengabeko beldur batean bizi da, hel dakizkiokeen eraso berrien susmotan.

Biktima babesik gabe dago. Biktima normalean —ez beti, kasu klase asko daude— pertsona bakar bat izaten da, eta babes gabezian egoten da. Ez du baliabiderik aurkitzen egoerari aurre egiteko; bakanduta, baztertuta, eta buruestimua eta izen ona galduta sentitzen da.

Motak. Sei jazarpen mota zerrendatzen dira. Bazterketa: norbaiti sistematikoki kasu egiteari uztea. Ahozko erasoak: irain eta burlak izan daitezke. Eraso fisikoak: izaten dira zeharkakoak (eskolako materiala apurtzea) edo zuzenak. Mehatxua eta larderia: beldurra emateko norbaiti mehatxu egiten zaionean. Jazarpen edo abusu sexuala: sexu erasoak dira, edo sexismoa oinarri duten mespretxuzko jarrerak. Ciberbullying-a: mehatxu, burla eta irainak teknologia berriak erabiliz egiten badira.

2015(e)ko ekainaren 1(a), astelehena

Mendillorriko EUSKARAren EGUNA 2015


09:00    Dianak (Beheko ikastetxetik)

11:00    Kalejira (Ezpondapeatik)

12:00    La Jaranako txistulariak (Beheko aldean)

12:30    Umeentzako Gynkana (Mendigoitin)

13:00    Txaranga-bermuta (Goiko aldean)

15:00     Herri bazkaria (Mendigoitin)

            Ondoren Aitor gizon orkesta