2016(e)ko otsailaren 21(a), igandea

Agur Umberto Eco idazle eta pentsalariari

1980ean idatzi zuen mundu mailako ospea emango zion Il nome della rosa (Arrosaren izena). Nobela hark izan zuen arrakasta izateko makineria soil bezain konplexua jarri zuen martxan. Polizia eleberrien egitura ordurako hiperkodifikatua Erdi Aroko trama batean txertatu zuen. Jean-Jacques Annaudek zuzendu eta Seann Connery, Christian Slater eta Ron Perlman protagonista zituen bertsio zinematografikoak fama izugarria eman zion Umberto Ecori. 
Mendebaldeko kulturan oihartzun eta eragin handia izan du Ecoren pentsamendu eta jarduerak, eta pentsatzekoa da, Gorka Erostarbe kazetariak gaur Berria-n idatzi bezala, halatsu izan duela euskal letra jendearen artean ere, baina Il nome della rosa nobela arrakastatsua hizkuntza askotara itzulia izanagatik, ez dago euskarara ekarria, ezta haren beste inolako lanik ere. Gorka Bereziartua kazetari eta kritikariak Angel Lertxundiren Otto Pette (1994) nobela eta Juan Garzia Garmendiaren Itzalen itzal (1993) narrazio liburua Ecoren zordun direla idatzi zuen 2008an Argia-n.
Irakasle eta ikasle euskaldunok, bederen, aukera izan dugu filma euskaraz disfrutatzeko. Zinez aukera paregabea Erdi Aroko urte haietara bidaiatzeko. Noizko eleberria euskarazko bertsioan?


* Erostarberen artikulua:

2016(e)ko otsailaren 19(a), ostirala

Hego Afrikako indiarrek pairatutako zapalkuntza

Badator azterketa-garaia. Ikasle batek iragarri bezala, gaurkoan Akulturazioa eta Apartheid atera dira, besteak beste. Begiratu bat bota diet gainetik eta badirudi azterketak nahiko ongi direla, ikusiko dugu, idatzi bederen idatzi egin dute, eta ez da gutxi, ezta?
XIX. mendearen bukaerako Hego Afrikaz hitz egiten dugunean, 2.000.000 afrikarrak ditugu buruan. Hala ere, 75.000 indiar ere baziren, 30 urte lehenago-edo helduak, azukre-plantazioetan lan egiteko. Horiek ere zapalkuntza gogorra pairatu behar izan zuten.
Orangeko Estatu Librean lege berezi batek indiarren eskubide guztiak ukatu zituen, eta zerbitzari lanetan baino ezin zuten jardun. Transvaalen, berriz, kasu bakanen batzuk salbuetsita, debekatua zuten lurrak erostea; horrez gain, ez zeukaten boto-eskubiderik, ezin ziren parke publikoetan sartu eta iluntzeko bederatziez geroztik etxetik ateratzeko baimen berezi behar zuten.

2016(e)ko otsailaren 17(a), asteazkena

2016(e)ko otsailaren 11(a), osteguna

Stalin, altzairuzko gizona

Georgia, bere jaioterriko mintzairaz ikasi zuen idazten, baina abadeek errusiera mintzarazi zioten apaiztegian.
Hainbat urte gerora, Moskun, engoitik nabari zuen Kaukaso hegoko bere doinua.
Errusiarrik errusiarrena izatea deliberatu zuen orduan. Korsikarra izaki, ez zen bada Napoelon frantsesik frantsesena izana? Eta Errusiako Kattalin erregina, alemana izanik, ez ala errusiarrik errusiarrena izana?
Iosif Dzhugashvili georgiarrak izen errusiarra hautatu zuen. Stalin hautatu ere, altzairu esan nahi duena.
Eta altzairuzkoa behar altzairuzko gizonaren premua: Yakov, Stalinen semea, haurtzarotik sutan gori eta izotzean lei tinkotua, ingudean mailuka moldekatua.
Ez zen modurik egon. Amaren antzekoa zen-eta. Eta hemeretzi urte zituela, Yakovek ez zuen nahi izan, ezin izan zuen, gehiago.
Katuari zion sakatu.
Bala tiroak ez zuen hil.
Ospitalean zen esnatu.
Ohe bazterrean, zera iradoki aitatxok:
- Horixe ere ez dakik egiten.

Eduardo Galeano, Ispiluak: Mundu ia ororen historia, Txalaparta, 2013.

2016(e)ko otsailaren 10(a), asteazkena

Alexandra Kollontai, Iraultza gorriaren bihotz morea

Gaur, klasean landu eta testu liburuetan agertzen ez den emakume bat aurkeztuko dizuet: Alexandra Kollontai idazle eta iraultzaile errusiarra (1872-1952). Hona hemen Alexandrak berak bultzatu eta Errusiako Iraultzak finkatutako benetako parekidetasunerako oinarriak: Emakumeen boz eskubidea, ezkontza borondatezkoa, ezkontza barruko eta sasiko haurren arteko bereizketa desagerrarazi, gizonen eta emakumeen lan baldintzak eta soldatak berdindu, amatasun soldata sortu, diborzioa onartu eta libreki eta doan abortatzeko eskubidea aitortu. Kollontai haratago jo, eta harremanen eta sentimenduen gaineko hausnarketa sakona gauzatu zuen; sexu harremanetan ere benetako iraultza aldarikatu beharra zegoen ezinbestean. Ez da gauerdiko ahuntzaren eztula, ezta?

1927an ikusi zuen argia Kollontairen nobela bakarra: "Maitemindutako Boltxebikea". Txalapartak 2008an argitaratu zuen gaztelerazko bertsioa, "La bolchevique enamorada". Honetan, Kollontairen asmoa, "ahal den heinean bada ere, burgesiaren eta moralaren hipokresia zaharrari aurre egitea" izan zen. Izan ere, Volodya izeneko anarkistaz maitemintzen den Vassilissa boltxebikearen istorioa hartu zuen horretarako oinarri eta protagonistak sexualitateari, leialtasunari, konfiantzari, bikote harremanei eta konplizitateari buruz diteun zalantzekin harilkatu zituen orrialdeak.


* Informazio gehiago: 

2016(e)ko otsailaren 5(a), ostirala

Angela Davis aktibista afro-amerikarra zuzenean

Euskal Herrian da Angela Davis aktibista afro-amerikarra. Egun hauetan hainbat hitzaldi eskainiko ditu, eta igandean Angela Davis gure laguna da! festa egingo dute Bilboko Kafe Antzokian, Fermin Muguruzak bultzatutako egitasmoa.
Bizkaiara eta Gipuzkoara hurbildu ezin garenok ere, aukera ederra izango dugu eskubide zibil eta politikoen aldeko ekintzaile honen iritzia ezagutzeko aukera. Gartzela sistemaren, arrazakeriaren eta genero eta klase desberdintasunen kontra gogor jo du, kalean nahiz maila akademikoan, mundu zabalean askatasunaren aldeko borrokaren ikono izateraino.
Naizek zuzenean eskainiko ditu igandean, 13:00etan, Angela Davis-ekin izango diren topaketak. Maider Eizmendi, David Fernandez eta Laura Mintegi izango ditu elkarrizketatzaile, eta Garako zuzendari Iñaki Soto arituko da moderatzaile gisa. Animatu eta igandean piztu ordenagailua eta klik egin, ez zara damutuko.
Hona hemen Pablo Milanes abeslari kubatarrak Angela-ri 1971ean eskainitako kanta.


2016(e)ko otsailaren 3(a), asteazkena

#OscarsSoWhite


 Segregazioak badirau. Bigarren urtez jarraian, aktore beltzik ez dago Oskar sarietara  izendatutakoen zerrendan. Hainbatek iragarri dute protesta gisa ez direla joango. Mugimendua zabaltzen ari da, eta sareak astintzen ari da #OscarsSoWhite kanpainarekin. Aniztasuna sustatze aldera, aldaketak hitzeman ditu azkenean Hollywoodeko Akademiak. Baina badirudi jada berandu dela otsailaren 28ko gala polemikarik gabe igarotzeko.

Hattie McDaniel aktorea, 1940ean.
 Los Angeles Times kazetak plazaratutako datuen arabera, akademiako kideen %93 zuriak dira; %73, gizonezkoak; eta 63 urte da haien batez besteko adina. Horiek dira hautagaiak aukeratzeko boterea dutenak. Eta, orain arteko sarien historiari erreparatuta, gutxitan aukeratu eta saritu izan dituzte aktore beltzak. Sariek 88. aldia izango dute aurtengoa, eta urteotan guztietan soilik 25 aktore beltz izendatu izan dituzte sarirako hautagai —izendatu guztietatik %1,5 baino gutxiago—. Gutxiago izan dira sarituak. Hattie McDaniel izan zen lehena, 1940an; taldeko aktorerik onenaren saria eman zioten Gone with the Wind filmean neskamearen rolean egindako interpretazioagatik —galan ezin izan zen pelikulako taldekideekin batera eseri, segregazio neurriak indarrean izanik, beltzentzat bereizitako gune batean eserarazi baitzuten—. Aktore protagonista onenaren saria lortzen lehena, berriz, Sidney Poitier estatubatuarra izan zen, 1963an, Lilies of the Field filmean egindako lanari esker. Eta haien atzetik saritu dituzte urteotan Louis Gossett Jr., Whoopi Goldberg, Cuba Gooding Jr., Halle Berry, Denzel Washington, Morgan Freeman, Jamie Foxx, Forest Whitaker, Jennifer Hudson, Mo'Nique, Octavia Spencer eta Lupita Nyong'o.


* Informazio gehiago: