2016(e)ko martxoaren 21(a), astelehena

Umetxoek ikusten dutena ikasten dute



                                                                                                   Iturria: Health Nexus Santé


2016(e)ko martxoaren 20(a), igandea

Juan Martin Guevara, "Che" Guevararen anaia

«Niretzat Che ez da mito bat, anaia baizik»

Marisol Ramirez / Argazki Press

EITBk gonbidatuta, Euskal Herrian izan da egunotan Juan Martin Guevara (Cordoba, Argentina, 1943). Ezkerreko militantea da, FAS Sozialismoaren aldeko eta Inperialismoaren kontrako Fronteko kide izan zen, eta preso atxiki zuten 1975etik 1983ra, baina, batez ere, Ernesto Guevara Che-ren anaia izateagatik egin da ezagun.

Zuen familian bazenekiten jatorria Euskal Herrian zenutela. Zein irudi zenuten Euskal Herriaz?
Bai, bagenekien gure jatorrian euskal osagarri garrantzitsu bat zegoela, gure arbasoak Euskal Herritik iritsi zirela; Txilera lehen, eta gero, handik Argentinara. Baina, horretaz aparte, ez genuen erreferentzia handirik. Gure izeba Beatrizek beti esaten zuen Euskal Herriko eta Irlandako jatorria genuela, eta familiaren izaeran nabaritzen zela hori: burugogorrak gara, erabakimen handikoak eta managaitzak. Baina hori baino askoz gehiago ez; gu aurrera begira bizi ginen, eta ez genuen gure arbasoen berri jakiteko irrika berezirik.

Nolakoa zen Ernesto Guevara?
Familian matxinoak izan gara beti, baina Ernesto, inor baino gehiago. Eta bidaietara oso emana: beti zegoen kanpoan, bizikletan, motorrean, auto-stop eginez eta abar; eta onena zen beti itzultzen zela. Medikuntza ikasketak ere horrela egin zituen, bere kasa; normalean ez zen fakultatera joaten; itzultzen zenean, ikasi, eta azterketetara aurkezten zen. Eta nahikoa zen erronka jotzea eta esatea: «Ezetz egin hau edo bestea», berak egin zezan. Esan didatenez, ezaugarri hori oso euskalduna da.

Jakitun zen iraultzaren ikur gisa hartzen ari zen neurriaz?
Nik esango nuke baietz, bere lidergoaren garrantziaz kontziente zela, nahiz eta Fidel Castrok inoiz kritikatu dion ez zuela iraultzan zuen garrantzia balioetsi eta arrisku gehiegi hartu zituela. Baina niretzat Che ez da mito bat; nik anaia nuen. Iraultza gailendu zenean, [1959ko urtarrilean] ni Kubara joan nintzen, eta han mundu guztiak komandantearekin egon nahi zuen; nik ez, nik anaiarekin egon nahi nuen. Gure belaunaldikoentzat ikur izan zen Che, eta ez soilki ezkerrarentzat, gazte guztientzat baizik.

Zu ere errepresioa nozitutakoa zara.
1974an espetxeratu ninduten lehenengo aldiz, [Juan Domingo] Peron erbestetik itzuli zenean. Orduan hasi zen ezkerraren kontrako errepresioa. Jomuga ez zen ezker osoa, ezker iraultzailea baizik, boterea eskuratzeko estrategia argia zuena. Bolada laburra eman nuen espetxean, baina, jakina, ordurako markatutanengoen, eta 1975ean berriro atxilotu ninduten. 1975etik 1983ra kartzelan egon nintzen. Jakina, militarrak boterera iristeak ez zuen asko lagundu presoon egoera samurtzen.


* Artikulu osoa: 

2016(e)ko martxoaren 17(a), osteguna

1516-martxoa-17: Nafarroa askatzeko saiakera

Irudia: Martintxo
Bestelako historiografia ofizial horiek ukatu egiten dute inbasioa bortzaz egin zenik eta bertakoen menpekotasuna bilatzen zuenik, nahiz eta garaiko protagonistek terminologia hori erabili zuten behin eta berriro; Aragoiko Fernando Katolikoak batetik eta Nafarroako errege-erregina Joan eta Katalinak bestetik.
Bortxaz lapurtutako subiranotasunik ez bada, are gutxiago subiranotasun hori berreskuratzeko izandako saiakerarik, jakina. Eta, hori ukatzerik ez balego, egun gertatzen ari dena Nafarroako historiografia berriak egindako lan itzelari esker, hobe alde batera uztea; izan ere, handia da ustezko berdinen arteko itunaren mitoa ezabatzeko arriskua.
Prozesu historiko hura, hala ere, izan zen, gaur bezalako egun batean, martxoaren 17an, duela 500 urte dagoeneko. 1516an hil zen Fernando Katolikoa eta berriro ere Erresuma berreskuratzeko saiakaera egin zen. Nafarroako Pedro mariskalak, konkistaren aurkako erresistentziaren pertsonaiarik garrantzitsuenak, Pirinioak zeharkatu zituen Erronkarin barna. Horrekin batera, altxamenduak izan ziren Zangotzan, Erriberrin eta Erresumako beste hainbat tokitan. Saiakera hartan beaumondarrak ere tartean ibili ziren, Leringo kondea barne. Mariskala eta bere gudariak berandu iritsi ziren eta kanpoko laguntzarik gabe aritu behar izan zuten, 1512ko udazkeneko lehenengo saiakeran ez bezala.
Soldadu okupatzaileen buruzagi gisa Villalba koronelak jardun zuen. Herritarren askatasun egarriak bultzatuta, armada askatzailea bazetorrelako berria lau haizetara zabaldu zen. Leringo kondeari Iruñearen kontrola kendu zioten, ez baitziren harekin ere fio, eta espainiarrak hirian gotortu ziren.
Pedro mariskalak Pirinioak zeharkatu orduko, Burgi inguruan, Erronkarin, inguratu eta beste hainbat ofizialekin batera atxilotu egin zuten. Mariskala Gaztelara eraman zuten eta baita askatasuna eta pribilegioak eskaini ere errege espainiarrari fideltasuna agintzen bazion; aukera horri uko egin zion, ordea, eta urte batzuk geroago Simancaseko gazteluan hil zen, edo hil egin zuten.
Nafarroan, zenbat gelatan azaldu dira gertaera horiek? Zein ikaslek ezagutzen dituzte pertsonaia historiko horiek? Noiz arte izanen dugu Nafarroa ikasgelatik at?

2016(e)ko martxoaren 13(a), igandea

Euskal "Spotlight": Irungo La Salleko anaia Valero

Spotlight filmearekin agurtu dugu larunbata, zinez oso lan bikaina. Boston Globe kazetak ikerketa zabala abiatu zuen apaizek eragindako abusu eta bortxaketen inguruan 90eko hamarkadaren hasieran. Spotlight izeneko ikerkea taldeak aurrera eraman zuen lan horri esker frogatuta geratu zen Eliza katolikoak isildu zituela, hainbat hamarkadaz, Bostongo abusu horiek guztiak, eta erasotzaileak lagundu eta babestu zituela.
Martxoaren 1ean, Alberto Barandiaranek kronika bat idatzi zuen Berrian, non baieztatzen zuen kazetaritzak baduela injustiziak salatzeko gaitasuna eta, batez ere, eginbeharra... gaur, hemen. Aurretik, kontatu zigun gaztetan Irungo La Salle eskolan pairatu zituzten abusuak.

Gazte ginenean, guk abusuak jasan genituen Irungo La Salle eskolan. Anaia Valeriok, gure tutoreak, asteko azken ordua aprobetxatzen zuen gure aurrean jarri eta patxadaz hitz egiteko, giro lasaian. Esertzen zen bere mahaiaren aurrealdean, edo ikasmahaien lehen lerroko eserlekuan, guri begira, eta gogoetan hasten zen, lagun artean bezala. Han esaten zirenak ezin zirela gelatik atera behar azpimarratzen zuen maiz. Hori zela gure konfiantzazko eremua. Inork gelatik kanpo zerbait esanez gero, traizioa egingo ziola taldeari. Horrela bakarrik lortuko genuela elkarri gure gauzak aitortzea. Ona zela hori.
 Behin esan zigun ezagutzen zituela gu bezalako gazteak elkarri zakila ukitzen ziotenak, «konfiantza edo adiskidetasuna» erakustearren. Ez zuela ezagutzen adiskidetasun aitorpen benetakoagorik elkarri masturbatzea baino.
Hamahiru urte genituen.
Tutoretzak genituenean, ikasmahaien gainean eserarazten gintuen, hankak aulkian jarrita, aurrez aurre. Gure belaun gainean paratzen zituen eskuak, eta besarkada estuak ematen zizkigun. Eskua jertsearen azpitik luzatzen zuen. Izaera koleriko samarra zeukan, haserretzen zen urruntzen baginen. Gaizki pentsatu izanaren errua txertatzen zigun. Konfiantza, hori zen bere hitz klabea.
Garai hartan, eskolan asko lantzen zituzten adiskidantzazko egonaldiak, gogo jardunak edo. Borondatezkoak ziren, eta Valeriok lortu zuen gure lagun taldea konbentzitzea. Donostiako Antigua auzoko etxe batera joan ginen beraz sei lagunak, han asteburua pasatzera. Uda zen, estropadak ikusi genituelako. Kasualitatez, guretako omen ziren hiru logelatako bat txikiegia zen, eta, oheratzeko unea iritsi zenean, Valeriok esan zigun bere logelan bazegoela tokia, gutako bat berarekin joateko. Ez dakit nola, baina txandak azkar osatu ziren, eta ni geratu nintzen tokirik gabe. Ezetz, tematu nintzaion Valeriori, koltxoi bat jarriko genuela lurrean, eta moldatuko nintzela Iñakirekin. Ez zitzaion gustatu. Muturtuta egon zen hurrengo egun osoan. Konfiantzarik ez zegoela eta, kexaka aritu zen. Etxerako trena hartu genuenean, lasaitu ederra hartu genuen denok.
Esango nuke inoiz ez dela hemen benetan hitz egin, benetan aztertu, Elizarekin lotutako irakaskuntzaren inguruan hainbeste urtez gertatutakoa. Nola toleratu den hori guztia. Nola isildu den. Ez dugu galdetu, ez dugu entzun, ez dugu kontatu. Eta hemen, guk, badugu Pullitzer bat.
Ez baitzen bakarrik anaia Valerio izan, eta ez ziren bakarrik grina sexualarekin lotutako abusuak izan. Eskola berean eta garai berean, irakasle batek nerbioak galdu zituen batean Pedro Pablori esan zion leihotik bere burua botatzeko: «Pedro Pablo, hala, tírate por la ventana si te da la gana». Eta Pedro Pablok bere burua leihotik behera bota zuen.
Ez genuen negar egiten. Ez ginen kexu. Irunen, 70eko hamarkadan.
Anaia Valerio ikastetxez aldatu zuten tutoretza horietakoren batean eskua gehiegi luzatu zuela eta gurasoek protesta egin zutenean. Ikastetxez aldatu zuten.



2016(e)ko martxoaren 8(a), asteartea

Martxoak 8... Rosa Luxenburg-ekin

  "Askatasuna pribilegio bihurtzen den unetik eraginkor izateari uzten dio".

Rosa Luxemburg

Elkarlanean biografiak, 2000. urtea.
  

Martxoak 8Nazioarteko Emakume Langileen Eguna. Egun egokia honako proposamen hau luzatzeko: Lorea Agirrek idatzitako Rosa Luxemburg-en biografia. Liburu laburra, irakurterraza eta euskaraz, ezin da gehiago eskatu, ezta? Hortik atera dut arestian idatzitako aipua. Rosa Luxemburg, emakumea eta iraultzailea. Animatu eta irakurri langile mugimenduan ezinbesteko ekarpena egin zuen emakume honen biografia laburra. Izan ere, mundu berdinzaleago, zuzenago bat helburu duen ezker mugimendua inoiz ez baita benetan iraultzaile izango sexu bietako pertsonen aukera eta eskubide berdintasuna praktikan gauzatzea lortzen ez badu.

2016(e)ko martxoaren 7(a), astelehena

"Difret" filma: Etiopiako emakumeen adorea

Gaurko tutoretza-saioan Difret filma ikusten bukatu dugu. 2014an Zeresenay Berhane Mehari zuzendariak eginiko filmak hainbat sari irabazi ditu, Berlinen eta Sundance zinema-jaialdian, besteak beste.

Addis Abeban (Etiopia), Meaza Ashenafi abokatuak legelari baten babesa behar duten emakumeei eta haurrei laguntzeko sare bat sortu du. Poliziaren eta gobernuaren etengabeko xaxatzeari aurre egin beharko dio. Hala ere, Hirut 14 urteko neskatoa defendatzera ausartuko da. Hirut, ikastetxetik itzultzen ari zela, bahitu eta bortxatu egin zuten, baina berak bahitzaile bat hil eta ihes egitea lortu zuen. Bere buruaren defentsan egin zuen arren, heriotza-zigorra jasotzeko arriskuan dago Hirut.

Gizarte patriarkala, emakumeen eskubideak, tradizioaren xama, boterea, justizia... aztergai izango ditugu hurrengo saioan, solasaldi emankorra izango dugu, seguru.



2016(e)ko martxoaren 3(a), osteguna

40 urte ahanzturaren aurka: 1976eko martxoaren 3a

1976ko martxoaren 3an, lan baldintza duinen alde greban ziren ehunka langile bilduta zeuden Gasteizko San Frantzisko elizan, eta handik irtetean tiroz sakabanatu zituen Poliziak. Guztira, bost lagun hil zituzten eta ehunka zauritu. Josu Ormaetxea, Norberto Mujika eta Nerea Martinez Martxoak 3 Biktimen elkarteko kideen testigantzak jaso ditu Berria TBk.


[Iraupena: 6:45 minutu]

2016(e)ko martxoaren 2(a), asteazkena

Iñigo Aritza ikastolan, Arrano beltza lagun

Argazkia: Patxi Abasolo
Klase polita atera zaigu gaur goizean Altsasuko Iñigo Aritza ikastolan. Adi-adi izan ditugu DBH-3ko ikasleak Arrano beltzaren hegaldiari so. Proiketu musikal interesgarria ikastolak proposatutakoa, Arze poetak idatzitako "Arrano beltza" olerkia ardatz. Niri egokitu zait ikasleak Nafarroako historiaren uretan murgiltzea. Historia, memoria, historiografia, historia idatzi ohi zuten/duten horiek, zuriz ditugun liburu horiek guztiak, kateak, mitoak, euskara, erregina idazle eta pentsalariak, nafar pertsonaia historiko ezezagun horiek... Hausnarketa ariketa gisa planteatu dut eta ikasleek dexente lagundu didate; ongi merezitua eraman dute sari bana jarrera aktibo izan duten ikasle horietako bik.
Ondoko argazkian ikus dezakegu ikasleek gainbegiratzeko eraman ditudan komiki eta liburu batzuk eta, jarraian, Arze-ren olerkiaz Negu Gorriak egindako abestia. On degizuela!

Arrano beltza

1200, 1332, 1379
1512
1609, 1789, 1798
1839, 1878
1931, 1937, 1966, 1971...