2016(e)ko irailaren 27(a), asteartea

Siux tribuen azken guda bizirauteko

Hilabeteak daramatzate protestan Red Warrior kanpalekuan, Ipar Dakotako Standing Rock erreserban. AEBetako berrehun tribu inguruk indarrak batu dituzte, Dakota Acces oliobidea egiteko prozesua gelditzeko. “Arriskuan dago gure bizimodua”.

Argazkia: Shawn Thew / EFE
Berrehun tributako milaka lagunek hilabeteak daramatzate kanpatuta Standing Rockeko siuxen erreserban, Ipar Dakotan (AEB). Antolatzea erabaki dute, modu horretan jendeak emandako janaria banatu, umeentzako eskola bat sortu, batzarrak egin eta erlijio erritu tradizionalak egiteko. AEBetako bazter guztietatik ari zaie iristen laguntasuna, eta babes mezuak mundu osora hedatu dira. Siuxak ez daude bakarrik duela bi urte hasitako mobilizazioan. Hala da ze, altxamenduaren zioak batu egin dituela urte luzez etsai izan diren tribuak. Helburu garbia dute guztiek: Dakota Access oliobidea egiteko prozesua geldiaraztea. Petrolio hodiek Missouri ibaia zeharkatuko dute ur azpitik, eta arriskuan jar dezakete siuxen bizimodua. Siuxek ibaiko ura erabiltzen dute edateko, uztak ureztatzeko, abereak elikatzeko eta arrantza egiteko. Tribuetako liderrak, gainera, beldur dira: obrek tribuen hilerriak eta bestelako leku sakratuak suntsi ditzakete.

Mobilizazioak baketsuak ari dira izaten Red Warrior kanpalekuan, eta azken asteetan oihartzun handia lortu dute. Joan den apiriletik hona, kanpin dendak eta tipiak ugalduz joan dira, eta, egun, zortzi mila lagun inguru ari dira protestan. Hainbat korrikalarik 3.000 kilometro inguru egin dituzte, Washingtonera iritsi eta proiektuaren aurkako 160.000 firma aurkezteko. Siuxen erreserbako biztanleek ere martxak egin dituzte zaldi gainean, eta eserialdiak antolatu izan dituzte kamioei eta hondeamakinei bidea ixteko. Erantzuna bestelakoa izan da. Obra zaintzaileek indarrez erantzun dute; joan den astean, zaintzaileen txakurrek protestan ari ziren sei laguni hozka egin zieten.

Behin-behinean, geldituta

Epaitegietatik iritsi zaie itxaropenerako bidea: DC Zirkuituko Helegiteen Auzitegiak lanak
Iturria: Berria.
gelditzeko agindua eman zuen irailaren 16an. Dena den, epaitegiak ez du aztertu proiektua legezkoa den ala ez. Eraikuntza behin-behinean geldituta, auzitegiak denbora gehiago nahi du Standing Rock erreserbako siuxek eskatutako kautelazko neurrien gainean hausnartzeko. Barack Obama AEBetako presidentearen gobernuak ere esku hartu du. Duela hilabete batzuk, auzitegi batek ez zuen onartu lanak eteteko siuxek aurkeztutako helegitea, eta Justizia Departamentuak eta Barne Ministerioak prozesua behin-behinean gelditzeko eskatu zioten ETP Energy Transfer Partners enpresari. Etxe Zuriaren adierazpenen ostean iritsi da DC Zirkuituko Helegiteen Auzitegiak emandako epaia, eta oraingoz debekatu egin dute Oahe lakuaren albo banatan, 32 kilometroko eremuan, lanekin jarraitzea —gainontzeko lekuetan obrek aurrera jarraitzen dute—. Halere, AEBetako Armadako Ingeniari Taldeak eman zion oniritzia 2014an aurkeztutako proiektuari, nahiz eta Ingurumenaren Babeserako Agentziak kontrako argudioak aurkeztu, segurtasunari eta ingurumenari lotuak. 


Dakota Access oliobideak 3.300 milioi euroko aurrekontua dauka, eta, bi mila kilometroko ibilbidea osatuta, AEBetako lau estatu gurutzatuko ditu —Ipar Dakota, Hego Dakota, Iowa eta Illinois—. Hasierako proiektuan petrolio hodiek Bismark Ipar Dakotako hiriburua zeharkatu behar zuten, baina enpresak, segurutzat jo arren, ibilbidea aldatzea erabaki zuen, inguruan jende asko bizi dela iritzita.

Askok jarri dute auzitan oliobideen segurtasuna. AEBetako Segurtasun Administrazioaren datuen arabera, azken 30 urteetan 8.000 ezbehar baino gehiago izan dituzte herrialde osoko gas eta petrolio hodiek, eta kalte handiak eragin dituzte: hiru hamarkadatan 500 lagun baino gehiago hil dira istripuetan, eta batez beste 200 petrolio upel isuri dira egunero. Urteetan luze atzera jo gabe, irailean lau istripu larri izan dira AEBetan; azkena, Sweetwater inguruan, Texasen. Duela urtebete instalatutako hodia puskatu egin zen, eta 125.000 litro petrolio isuri ziren. «Galdera ez da hodia puskatu egingo den ala ez. Galdera da: noiz gertatuko da?», dio Malia Hulleman aktibistak. Hullemanen esanetan, enpresek badakite «lehenago edo geroago» ezbeharrak gertatuko direla.

Ekintzaile batek baino gehiagok iragarri du Dakota Access oliobidea hurrengo Keystone XLa izango dela. Keystone petrolio-hodi sistemak Alberta (Kanada) eta Texas (AEB) estatuak lotzen ditu. Enpresak proiektuaren laugarren adarra jarri nahi zuen martxan, Alberta eta Nebraska (AEB) lotuko zituena, baina Obamaren gobernuak errefusatu egin zuen ideia. «Proiektuak ez du lagunduko gasolioaren prezioa jaisten AEBetan, ez du enplegu egonkorrik sortuko, eta ez du murriztuko kanpoko energia iturriekiko dependentzia», adierazi zuen AEBetako presidenteak iazko azaroan.

XIX. mendeko itunak

Dave Archambault II.a da Standing Rockeko agintari burua. Joan den asteartean, Genevan izan zen (Suitza), NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordean. Archambault II.ak deia egin zien batzordeko 49 kideei «denen artean» Dakota Acces oliobidea gelditzeko. Siuxen liderraren esanetan, AEBetako Gobernuak ez ditu errespetatu tribuekin adostutako akordioak. 1851n Siux Inguruen Ituna sinatu zuten; 1868an, berriz, Fort Laramieko Ituna. Itun horiek AEBetako Senatuak berretsi zituen, eta, hala, aitortu egiten du siuxen nazio burujabetasuna.

Archambault II.ak hitzeman du siuxek ez dituztela besoak jaitsiko. Duela bi aste, Etxe Zuriraino iritsi ziren haien protestak, eta, besteak beste, Bernie Sanders senatari demokratak bat egin zuen martxarekin. Bukaerako hitzaldian erregai fosilak baztertzearen alde mintzatu zen Sanders: «Bizi osoa eman dezakegu oliobide baten eta beste baten eta beste batean aurka borrokatzen, baina norbaitek egin beharko dio aurre benetako arazoari».



GALDERAK:
  1. Laburbildu Siux-en Red Warrior kanpalekuaren gertaerak: Protagonistak, mobilizazioaren zergatiak eta helburua, burututako ekintzak eta auzi legalaren egoera gaur egun.
  2. Zeintzuk eta ze nolako itunak sinatu zuten Siux-ek eta AEBetako Gobernuak? Zer aitortu zien Gobernuak?


Doug Crow, Siux tribuko baliabide naturalen kudeatzailea

Elkartasunaren eta bakearen kanpalekua bihurtu da Red Warrior. “Handia da jasotzen ari garen laguntza”. Eskola bat eraiki dute, eta, hara joandako irakasleei esker, umeek dakota hizkuntza ikasten dute.


Argazkia: Berria
Standing Rock erreserbako siux tribuko biztanleen abizenei erreparatu baino ez da egin behar konturatzeko ingurumenarekin eta naturako elementuekin daukaten harremana. His Horse is Thunder (Bere Zaldia Tximista da), Brave Bull (Zezen Ausarta) eta Sitting Bear (Hartz Eseria) adibide bakan batzuk baino ez dira. «Naturarekin daukagun interesa eta kezka duela mende askotakoa da», dio Doug Crow Ghost (Doug Bele Mamua) siux tribuko baliabide naturalen administratzaileak. Crow 1970. urtean jaio zen, Standing Rock erreserban, eta, duela bi urtetik, arduraz begiratzen dio Missouri ibaiari. Uste du ETP Energy Transfer Partners enpresak ibaiaren azpian egin nahi duen Dakota Access oliobideak «hondamendia» ekarriko duela Standing Rockera.

Nolakoa da bizimodua Red Warrior kanpalekuan? Hilabeteak daramatzazue protestan.

5.000 eta 8.000 lagun artean batu gara Cannon Ball ibaiaren ertzean. Handia da kanpalekua, eta oso baketsua. Eskola bat eraiki dugu, umeek ikasten jarrai dezaten. Bai irakurtzen, bai idazten, bai matematika ariketak egiten. Irakasleak etorri dira eskolak ematera, eta horrela dakota hizkuntza ere ikasten dute [siuxen hizkuntza] haurrek. Guk egunero errezatzen dugu kanpalekuan. Gure ondorengo belaunaldien alde errezatzen dugu batez ere, haiek ez dezaten motiborik izan borrokarako. Gure nahia da gure ondorengo belaunaldiek kutsadurarik gabeko ura izatea, ur garbia edan dezaten.

Elkartasuna sentitu al duzue?

Izugarri. Laguntza handia jasotzen ari gara leku askotatik: AEBetako gainontzeko estatuetatik zein munduko beste hainbat herrialdetatik. Beharrezkoak ditugun gauzak erosten dizkigute, arropak eta janaria batez ere, eta dirua ere ematen digute. Gainera, legeetan adituak direnek gomendioak ematen dizkigute, enpresari nola aurre egin jakiteko. Esker ona adierazi nahi diegu. Haiei esker, uraren alde borrokan ari direnek jantziak dituzte; janaria dute. Eta seguruago daude kanpalekuan.

AEBetako estatu askotako tribuak elkartu zarete oliobidearen proiektua gelditzeko. Esanahi berezia al du tribuen batasun horrek?

Berrehun bat tribu gaude hemen. Gure harremana azken mendeetako onena da. Oso baketsua. Estatu Batu osoan daude halako proiektuak, eta suntsitu egiten dituzte bertako biztanleen kulturak. 500 urte daramatzate berdin jokatzen. Zutitu eta aurre egiten hasi gara. Bizi garen bitartean, gure bizimoduaren alde jarraituko dugu borrokan.

Oliobideak kolokan jarriko al luke zuen bizimodua?

Gure kultura arriskuan dago. Enpresak oliobidea eraiki nahi duen lekuan gure arbasoak eta tribuko kideak daude lurperatuta. Leku sakratu da. Oliobidea Missouri ibaiaren azpitik igaroko da, eta, apurtuz gero, ibai guztia kutsatuko du. Hori gertatuz gero, ezin izango dugu urik edan, ez eta gure abereak elikatu edo lurrak ureztatu ere. Hondamendia ekarriko du.

Zenbat lagun bizi zarete Standing Rock erreserban?

Siux tribuaren populazioa zazpi mila biztanlekoa da Standing Rock erreserban. Baina Missouri ibaiaren bazterretan, ia Mexikoko golkora arte hedatuta, hamaika milioi pertsona bizi dira. Guztiek edaten dute handik ura.

AEBetako Gobernuak huts egin al du tribuen eskubideak defendatzeko garaian?

Ez gobernuak, zehazki; huts egin duena AEBetako Armadako Ingeniari Taldea izan da [talde horrek eman zion baimena ETP enpresari oliobidea egiteko]. Gobernu bati egotzi behar balitzaio errua, Ipar Dakotako Gobernuari egotzi behar genioke.

Zer jokabide izan du orain arte Etxe Zuriak?

Ez da oso aktiboa izan borrokan, baina pauso txikiak ematen ari da. Uste dut laguntzeko prest dagoela.

Uste duzu lagunduko dizuela proiektua gelditzen?

Horren alde errezatzen dugu egunero. Espero dut baietz

Protestak baketsuak izan arren, ekintzaile askok polizien jarrera oldarkorra salatu dute. 

Ez. Poliziak hor daude oliobidea egiten ari diren langileen eta manifestarien segurtasuna bermatzeko. Oliobide enpresa izan da guardiak eta txakurrak lanerako hartuta gu atzera botatzen saiatu dena. 

Tribuok betidanik erakutsi duzue naturarekiko errespetua. 

Kontzientziazio handia izan dugu betidanik. Ez bakarrik urarekiko. Airea, lurra, baliabide naturalak... Bizirik irauteko beharrezkoak ditugu. Gure parte dira.



GALDERAK:
  1. Nolakoa da bizimodua Red Warrior kanpalekuan?

* Iturria: Berria egunkaria.


2016(e)ko irailaren 26(a), astelehena

Ingalaterrako I. Iraultza: "To Kill an King" filma

1. Batxilergoan, azken bi saiotan, Ingalaterran XVII. mendean izandako bi iraultzak aztertu ditugu, Estuardo dinastiaren monarkia absolutua desagerrarazi zutenak. Lehenengo aldiz Europako historian Parlamentoak errege bat (Karlos I.a) tronotik kendu eta exekutatu egin zuen. Harrezkero, Ingalaterrako parlamentarismoa eredu izan zen beste leku batzuetan absolutismoa kendu nahi zutenentzat.
Gaur To Kill an King (Hil errege bat) filmeko hainbat eszena landu ditugu. Bertan I. Iraultzaren bigarren fasea islatzen da, gerra zibila bukatu (1646. urtea) eta Karlos I.a exekutatu zuten bitartean (1649. urtea). Hala ere, ikastetxoko txirrinak jo eta ordenadorea itzali behar izan dugu azken minutuak ikusi gabe. Hemen dituzue, bada, nahi izanez gero, Ingalaterrako historia politikoa irauli zuten gertakari horien inguruko azken eszena horiek:


CIVIGRAF 2016 MENDILLORRIn

X. GRAFITIen LEHIAKETAren FINALA

Argazkia: Patxi Abasolo

Ostiralean, irailaren 30ean
17:00etan
Mendillorri Civivox-en

Larunbatean, urriaren 1ean
10:00etatik 18ra
Mendillorri Civivox-en

2016(e)ko irailaren 25(a), igandea

Hitzaldia: "Eliminación de especies invasoras y limpieza del lago de Mendillorri"

                              

Hizlariak: José Fermín Costero, Mikel Baztan
                eta Camino Jaso (Iruñeko Udala)
Asteartean, irailaren 27an
Mendillorri Civivox
18:30etan
Oparia: "Fauna acuática de los ríos de Pamplona" liburua

Honetan ere irakur dezakezu liburua:


2016(e)ko irailaren 24(a), larunbata

Egunsenti berri bat FARC gerrillan

Mauricio Dueñas, EFE
"Ordezkari gerrillariek aho batez babestu dute bake akordioa". Luciano Marin Arango Ivan Marquez-ek oihanetik, FARCen borroka leku nagusitik, jakinarazi du X. konferentziaren emaitza. "Bukatu da gerra".

Zergatik, bada? Henry Castellanos, Romaña, komandanteak Berria-n azaldu bezala, "bi etsaik ezin dutenean batak bestea garaitu, beti bilatu behar da irtenbide politikoa gatazka sozialarentzat eta armatuarentzat".

Amerikako gerrilla zahar eta indartsuenak (egun 8.000 kide) atzo bukatu zuen Llanos del Yariko oihanean egindako Hamargarren Konferentzia. Bertan eztabaidatu dute nola izango den bizitza zibil eta politikorako aldaketa.

Konferentziara bertaratutakoek FARCen Wodstock deitu diote bilkurari, festa giroa baitu, lokatza alde guztietan dago, eta gauero kontzertuak izan dira lehen mailako jaialdi batean ere ongi emango lukeen agertoki batekin. Saltsak, rantxerak, musika erromantikoa eta reggaeton estilo entzun dira, baina punk-rock talde batek Kortaturen Zu atrapatu arteren bertsio bat ere jo du.

Baikortasunak bi traba ditu bakarrik: gobernuak ez betetzea hitzartutakoa, eta indartzen ari den paramilitarismoak desmobilizatutako gerrillarien aurka jotzea. Hala ere, espero dezagun "gerra bukatu da" hori justizia sozialerako bidean urrats bat gehiago izatea. Hala bedi!

2016(e)ko irailaren 23(a), ostirala

Tamara De Lempicka-ren "Poum Rachou andereñoren erretratoa"

Argazkia: Patxi Abasolo

  Aste honetan politago azaldu zaigu Mendillorri Institutua. Arte lan berri bat dugu atondoan: Tamara De Lempickaren Poum Rachou andereñoren erretratoa (Varsovia, 1898, Cuernavaca-Mexiko, 1980), aurreko ikasturtean 1. Batxilergoko Margoketa artistikoa egin zuten ikasleek egina. Ikasleek hiruna modulo margotu zuten, eta puzzle gisa muntatu. Txalo bana haiei eta Cristina irakasleari!


* Tamara De Lempicha web orrialdea:


2016(e)ko irailaren 20(a), asteartea

Mola eta Sanjurjo militar kolpisten gorpuzkiak

Abuztuaren 31n Iruñeko udalak jakinarazi zuen, Oroimen Historikoarne Legea betetzeko prozesuaren barnean, Emilio Mola eta Jose Sanjurjo jeneral kolpistak Iruñeko hobitik mugituko zituztela. Erorien Monumentuaren kriptan daude bi militar frankisten hilotzak, beste sei pertsonaren gorpuzkiekin batera: denak nafarrak ziren, Francoren aldeko bandoan aritutakoak.
Atzo Nafarroako Parlamentuak Iruñeko Udalaren erabakia babestu zuen. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak horren aldeko botoa eman zuten; UPN eta PP, ordea, aurretik Udaletxean egin bezala, hobitik ateratzearen aurka agertu ziren.

Hona hemen Tasio margolariak egindako komiki-tira gertakari hauen inguruan:

Tasio, Gara, 2016-iraila-20

2016(e)ko irailaren 6(a), asteartea

1.800 €ko zorigaiztoko kasketa Mendillorriko Institutuan

Maiz orrialdeak eta orrialdeak pilatzen dira galdera xume honi erantzuteko: Baina, ze demontre da publikoa? Nik aspaldin topatu nuen erantzuna. Hobe esanda, aspaldin asetu ninduen hezkuntzako eragileek adostutako definizio hark: Guztiona eta guztiontzat dena. Publikoa denak egundoko gabeziak izanda ere, gurea den heinean, guztiok babestu behar, guztiok zaindu eta maitatu, guztion ahaleginaren ondorioz publikoagoa, politagoa izango baita. Nork egingo du publikoago, guk egiten ez badugu?
Igandean txikitu egin zizkiguten Mendillorri Institutuko kristalak. Pedro de Ursuakeriak?, pentsatu nuen. Ez, Pedro de Ursua ez da jada gure artean. Nork ote? Auskalo! Hori bai, zaplastada polita auzoa eta irakaskuntza maite dugunontzat. 1.800 €ko kasketa. Merezi izan al du?


Argazkia: Txarli Martínez

Argazkia: Txarli Martínez

2016(e)ko irailaren 2(a), ostirala

Irakasle erail eta errepresaliatuei omenaldia

Hurrengo astean omenaldia eginen zaie 1936ko kolpe militarren ondorioz Nafarroa Garaian erail edo errepresaliatutako maisu-maistra eta irakasleei. Ekitaldia heldu den irailaren 10ean izanen da, 11:00etan, Iruñeko San Jose plazan. Kartelean duzue marko horretan eginen diren hitzaldien inguruko informazioa.