2016(e)ko urriaren 27(a), osteguna

Mendillorriko Etxebizitza Lan taldearen aurkezpena

Azaroaren 11n Mendillorriko herri eragile berri baten aurkezpena izanen dugu: Etxebizitza Lan taldea. Bertan azalduko digute zergatik Guk dugun giltza!. Ba al dugu? Zuk, zer diozu?


2016(e)ko urriaren 25(a), asteartea

M de Mujer, "Velma y Cris"


T.D.A. elkarteak antolatutako M de Mujer egitasmoaren barruan, gaur Velma y Cris filma ikusiko dugu. Arratsaldeko 19:00etan izanen da, Mendillorri CIVIVOXen. Ondoren solasaldia izanen dugu gaian aditu diren hainbat lagunekin.

Velma eta Cris ez dira heroiak, bizirik dirauen pertsonak baizik. Amak dira, alabak, ahizpak, emakumezko familien emakumeak. Bizitzari aurre egiten diotenak, askatasun bila dabiltzanak. Etorriko al zara? Dantza egingo al duzu? Askatuko al zara?

2016(e)ko urriaren 21(a), ostirala

Lehenengo azterketak, probak eta etsaminak

Bai, lehenengo idatzizko probak izan ditugu aste honetan. Guztiok daukagu azterketa tradizionalen aurkako mila argudio baina, izerdi tantak eta kezkak ahaztu gabe, zeinen ongi ikustea ikasleak isilik, lanean burubelarri eta zintzo-zintzo.

Tira, bada, lana izanen dugu asteburuan azterketa horiek guztiak zuzentzen, ea emaitza politak diren. Hala bedi!

2016(e)ko urriaren 15(a), larunbata

Lekeitioko Armintxe leizeko grabatuak

Lekeitio (Bizkaia) erdiguneko eraikin baten azpian dagoen Armintxe haitzuloan balio eta kalitate tekniko handiko historiaurreko grabatuak topatu dituzte. Cesar Gonzalez Historiaurreko katedradunak jakinarazi du kobazuloaren hondoko lurra inork ez duela zapaldu azken 14.000 urteetan.
Animalia ezberdinak irudikatzen dituzte Madeleine aldiko 50 bat irudi daude, eta lehen aldia da Kantauri isurialdeko leize batean katuaren familiako grabatuak eta irudi abstraktuak agertu direla. Animalien konposizioa izugarria dela deritzo katedradunak. Hemezortzi zaldi, bost ahuntz, bi bisonte, bi lehoi eta zehaztu gabeko lau oineko lau animalia identifikatu dituzte oraingoz. Irudi figuratiboak ez ezik, abstraktuak ere badira; lerro bat eta zirkulu erdiko ikurrak, hain zuzen ere. Zoragarria, ezta?

Armintxeko kobazuloan aurkitu dituzten grabatuetako batzuk
Iturria: Bizkaiko Foru Aldundia


* Informazio gehiago:

2016(e)ko urriaren 14(a), ostirala

AUZINE: "Checkpoint Rock: Canciones desde Palestina"




Urriaren 18an, 19:30etan

Mendillorriko CIVIVOXen

Zuzendaria: Fermin Muguruza

Errealizadorea: Javier Corcuera

Solasaldia:
Irune Sarabia (Internazionalistak Auzolanean)
Juani Rishmawi (Palestinarra)




2016(e)ko urriaren 11(a), asteartea

Hispanitatea, Arrazaren Eguna, Festa Nazionala...

Tupac Amaru
Iturria: https://eu.wikipedia.org
Tortura hobian, erregearen ordezkariak galdekatu zuen.
  - Zeintzuk dituzu gaizkide? - galdetu zion.
  Eta Tupac Amaruk erantzun:
  - Hemen zu eta biok beste gaizkiderik ez dago. Zeu zapaltzaile izaki, neu askatzaile, biok heriotza dugula merezi.
  Zatikaturik hiltzera zigortu zuten. Lau zaldiri lotu zuten eta, hankak eta besoak gurutze eta, zatitu ez, ordea. Zaldien saihetsaldeak ezproiek urratzen, alperrik haiek saiatzen, eta zatitu ez, ordea.
  Borreroaren aizkorari heldu behar, beraz.
  Eguzki goriko eguerdia zen, Cusco haranean agorraldi luzea, baina bat-batean ortzia beltz-beltza zen, eta urratu, eta barra-barra erauntsi mundua ito duten eurialdi horietako bat.
  Beste buruzagi matxinoak ere zatikatu zituzten, Micaela Bastidas, Tupac Catari, Bartolina Sisa, Gregoria Apaza... Eta ibili zituzten euren zatikiak erakusgai matxinaturiko herrietan, eta erre egin zituzten, eta erraultsak airean barreiatu, beraiez oroimenik gera ez zedin.

Eduardo Galeano, "Euria", Ispiluak: Mundua ia ororen Historia, Txalaparta, 2013, 204. or.


* Gehiago jakiteko:

Tupac Amaru-ren exekuzioa
Iturria: https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/2/24/Tupac_amaru_execution.jpg





2016(e)ko urriaren 7(a), ostirala

Isabel Aizpun-ek gelak utzi ditu

Argazkia: Luisa Rodríguez
Aste honetan Isabel Aizpun historia irakaslea ez da ikasgelara hurbildu; bai, irakaskuntzan hogeita hamar urte baino gehiago lan egin ondoren, jubilatu egin zaigu. Beraz, hemendik gure agur beroena.
Heregenun izan genuen Irakasleen Nazioarteko Eguna,   Unesco-k 1994. urtean izendatua. Ez dakit zuek, baina nik ez dut inolako erreferentziarik jaso horren inguruan, ez irratian, ez Sarean, ez idatzizko prentsan. Memoria historikoa lantzean erabiltzen dugun kontzeptua bera etorri zait burura, hainbat giza-taldek historian zehar pairatu eta pairatzen ari diren inbisibilizazio prozesua, hain zuzen.
Gizarte Zientziak [ejem, bai, Zientziak] departamentuan, bederen, ez dugu horrela jokatuko, jakina, guk geure burua maitatzen ez badugu, nork egingo du, ezta?. Isabel Aizpun gure artean izan dugu hasiera-hasieratik, hau da, Mendillorri Institutua sortu zenetik. Gizarte Zientzietan, euskarazko ereduan. 
Ostiralean bildu ginen mintegi kide guztiok (zein iaz jubilatutako Martzelo eta Bittor) agurra egitera, Iruñeko txoko txukun-txukun batean. Izugarri ongi bazkaldu eta, lagun giroan, arratsaldea eman genuen Alde Zaharreko karriketan.
Ongi bizi, Isabel, merezi duzu eta! Aurrerantzean, guretzat ikasgeleen erronkak.




2016(e)ko urriaren 6(a), osteguna

Nafarroa Garaian Francoren oparirik ez

Politago azaldu zaigu Iruñea gaur goizean. Atzo, Gobernuak, Memoria Historikoaren Foru Legea betearaziz, kendu egin zuen ereinozduna Nafarroako Jauregiaren gainaldeko armarritik. Francisco Franco diktadoreak 1937an eman zion San Fernandoko gurutze ereinozduna Nafarroari, 1936ko gerrara kolpisten alde joandako boluntarioengatik eskertzeko. Gurutzik eta frankismorik gabe, ereinotz askoz hobe, nahiko izan zen berrogei urteko gurutziltzaketa hura.

Argazkia: Iñigo Uriz/Argazki Press, Berria, 2016-urria-6

2016(e)ko urriaren 5(a), asteazkena

Eskola eredua auzitara, Prince Ea-ren ahotik

Gaur beste blogari baten hitzak ekarri ditut gurera; azken batean, zertarako idatzi jada idatzita dagoena, ezta? Ikoitz-ek Prince Ea-k egindako bideoa zintzilikatu du bere blogean, Ikoitzen arkatza-n.

Ikoitzek dioskunez, zeresan handia eman du sare sozialetan egungo eskola eredua zalantzetan jartzen duen bideo batek. "I just sued the school system" izeneko bideoak, kolokan jartzen du egungo hezkuntza sistema eta duela hainbat mendeetakoarekin alderatuz berdin-berdina dela kritikatzen du gure bizitzako gainontzeko gauzek eboluzionatu eta eraldatu diren bitartean. Eskolaren bidez ikasleak ebaluazio estandarizatuak egiteko robot hutsak bilakatzen direla aipatzen da pertsona aske, kritiko eta sortzaileak beharrean.

Prince Ea-k egin du bideoa, Ipar Ameriketan ezaguna den aktore, poeta eta raperoak. Bertan, epaiketa bat irudikatu eta eskola eredua auzitara eramaten du Ea-k. Hausnarketa eta ezbabaidarako baliogarria den bideoa da, zalantzarik gabe.