2017(e)ko martxoaren 31(a), ostirala

Mendillorri BHIko Eskola Kontseilua

Luzea atzoko eguna! 13:35ean lan egutegia bete ondoren, 15:00ak arte luzatu nintzen mintegian klaseak prestatzen. Zertxobait bazkaldu, te berde bat hartu, eta 16:30etan Batxilergoko 1.a gainditu ez zutenentzako azterketa. 18:00etan bukatu eta, jarraian, ondoko gelara sartu Eskola Kontseiluan parte hartzeko. 20:00etan edo bukatu genuen. Polita eguna, ezta?

Ez ziren orduak lasai-lasai eta presarik gabe gai asko aztertu eta eztabaidatu ahal izateko. Hala ere, Eskola Kontseiluak duen garrantzia aintzat hartuta (nahiz eta Espainiako Gobernuak kontrakoa pentsatu eta aholku-organo bihurtu), mahai gainean jarri nahi izan nituen bi kontu hauek:

Batetik, hainbat irakasleok dugun kezka handia irakaskuntza pairatzen ari den kanpoko proben eta PISAren zorigaiztoko ondorioengatik. Bestelakoak izan beharko gure lehentasunak: ematea ikasleei bizitzak planteatuko dizkien erronkei egoki erantzuteko bitarteko egokiak, gaitasunak lantzea, beti ere helburu izanik ikasle motibatuak, autonomoak, kritikoak eta, garrantzitsuena dena, zoriontsuak izatea, ez da gutxi, ezta?.

Bestetik, D eredua eraginkor izaten jarraitzeko, benetako euskarazko murgiltze eredua bermatzeko beharra; horretarako, ezinbesteko ikusten dugu berezko espazio fisikoa izatea, non administrariak, pasabideetako giroa, irakasleok, patioa... euskaldun izanen diren. Oinarri hori bermatuta, murgiltze ereduan sakontzeari helduko genioke, benetako murgiltze eredua izan dezagun. Azken batean, murgiltze eredua euskarazko klaseak baino askoz gehiago da. Hala ere, espazio hori lortu bitartean, ongi legoke sakontze horretan murgiltzen hastea, ezta?

2017(e)ko martxoaren 30(a), osteguna

Etxerako lan erakargarriak

 Aram (Syrus Shahidi) eta Anahit
(Razane Jammal)
Sorpresa ederra hartu dut gaur goizean Batxilergo-ko klasean. Aurreikusitakoa emanda, eta bost-hamar minutu gelditzen zirenean, ikasle batek deitu eta jakinarazi dit lau ikasle joan direla astelehenean gomendutako filma ikustera, Une histoire de feu. Bi ordu eta laurden filma ikusteko, beste ordu bat joan eta etortzeko, asteazken batean, ikastera, ulertzera eta, batez ere, hunkitzera; ederra, ezta? Are gehiago, zinema aretoa gainezka baitzegoen.
Bost minututan filmaz solastu, eta positibo bana lau ikasleentzako. Ikastea, gozatzea eta nota igotzea 3,90€tan, ona inbertsioa!. Animo eta jarraitu burua janzten, merezi du eta.

2017(e)ko martxoaren 28(a), asteartea

Ander Fuentes irakaslea finalera

Eneko Fernandez gailendu da Nafarroako Txapelketako azken finalaurrekoan. Erabaki da finalerako zortzikotea; seigarrena dugu Ander Fuentes, Iturri, Mendillorri BHIko ingeles irakaslea. Apirilaren 8an aurrez aurre izanen dira Iruñeko Anaitasuna kiroldegia. Eutsi, Ander!

Finalera sailkatuak

1. Julio Soto                  422,5 puntu.
2. Eneko Lakoz             401,5 pt.
3. Eneko Fernandez      394 pt.
4. Xabier Maia               392 pt.
5. Aimar Karrika            384 pt.
6. Ander Fuentes          383,5 pt.
7. Xabier Terreros         381,5 pt.
8. Julen Zelaieta           380,5 pt.

2017(e)ko martxoaren 26(a), igandea

Armeniar genozidioa: "Une histoire de fou" filma

Ostiral gauean zinemara hurbildu nintzen, 2015ean Robert Guédiguianek zuzendutako Une histoire de fou (Ero istorio bat) filma ikustera. Ikustera baino, Guédiguianek espero bezala, ikastera, ulertzera eta, batez ere, hunkitzera: "Espero que el espectador [y la espectadora, supongo] se emocione. Emoción, etimológicamente, significa poner en movimiento. Me gustaría que gracias a la emoción, el espectador aprendiera mejor esta historia y, pero eso ya es el colmo de la ambición, que entendiera mejor la Historia en sí. En el fondo es sencillo. Quisiera que el espectador, al acabar la proyección, estuviera más emocionado y fuera más inteligente que al entrar en el cine". Beraz, kasu honetan bai, egilea eta ikuslea aseturik gara, zalantzarik ez.

1915ean Armeniar herriak Turkiak eragindako genozidioa pairatu behar izan zuen. Garai hartan, bi milio biztanle zituen Armeniak eta, horietatik, 1.300.000 erail zituen Turkiak era plantifikatu eta sistematiko batean. Egun, Estatu askok, Espainiak tartean, ez dituzte gertakari haiek aintzatetsi. Hala ere, Guédiguianek ez du genozidioan berean zentratu nahi izan: "Contar la historia del genocidio no me interesaba mucho. Quería contar cien años de historia, es decir, hablar del genocidio y del efecto que ha tenido en varias generaciones. Quería contar la historia de la memoria de este genocidio y, más aún, la historia de la memoria de esta historia. Y todo a través de los personajes". Eta, esan beharra dago, bete-betean asmatu egin duela.

Guédiguianek berak azaltzen digu zergatik egin du filme hau: "Por dos razones. La primera es que, durante mucho tiempo, mis preocupaciones eran lo que suele llamarse internacionalistas. Como comunista e internacionalista, las cuestiones de identidad eran totalmente secundarias. Importantes, pero secundarias. La segunda, y tiene que ver con la primera, es que el tema de la identidad se ha vuelto muy importante desde los años noventa, quizá el tema más importante, hasta convertirse en el núcleo de numerosos debates políticos en Francia. En consecuencia, aunque el tema no preocupaba en absoluto a la izquierda, de pronto fue de gran importancia encararlo sin dilaciones. Y eso mismo he hecho, empezando con mi propia identidad. Me sentí obligado, pero obligado en el sentido que da el francés a la expresión: Je suis votre obligé (estoy a vuestra disposición). En cierto modo, estoy a la disposición de todos los armenios del mundo, me debo a ellos, ya que me apellido Guédiguian y, me guste o no, soy el embajador de su causa. Con esta película, cumplo con mi responsabilidad. Si fuese palestino o kurdo, hablaría del problema palestino o kurdo. Pero soy de ascendencia armenia y presento el problema armenio".

Tira, bada, lagun, ez gara gehiago luzatuko. Gertakari historiko horietara hurbildu nahi izanez gero, hurbildu, ulertu eta hunkitu nahi izanez gero, ez galdu aukera zoragarri hau eta sartu historiaz blai den zinema-areto horretara. Bertan ero istorio bat topatuko duzu, zeren "Los genocidios son una locura. Siempre se encuentran razones objetivas o seudobjetivas, pero siguen siendo locuras absolutas, con consecuencias delirantes".

2017(e)ko martxoaren 24(a), ostirala

Mendillorri BHIko Euskararen Astea prestatzen

Apirilaren 3tik 7ra Euskara Astea izanen dugu Mendillorriko Institutuan. Horretan ari da irakasle taldetxo bat, hori guztia bideratzen. Egunero eta maila ezberdinetan jarduerak izango ditugu. Momentuz, zehaztuta da Korrika Txikia apirilaren 7an ospatuko dugula, atsedenaldi ondoren.
Eta, jakina, apirilean 9an, Korrika Eguna izanen dugu. Ikastetxeko Gurasoen Elkarteak, auzoko beste kolektibo batzuekin batera, Korrika-ren 2 kilometro ditu erreserbatuta. Korrika lagunok gure ekarpentxo ekonomikoa ere egin dugu kilometro horiek finantzatzeko.
Klaustroan planteatu nuen bezala, euskara, lingua navarrorum, nafar guztion ondarea izanik, D eredutik haratago den kontua izanik, zehar-gai gisa landu beharko genuke gure etxe honetan. Hori bai dela elkarbizitza sustatzea, euskaradun izan ala ez, ttipi-ttapa, ttipi-ttapa... KORRIKA!

2017(e)ko martxoaren 23(a), osteguna

Mendillorri BHIko gelak hutsik: LOMCEri Ez!!

620 ikaslek dute botoa emateko eskubidea, hau da, DBHko 3. eta 4. mailakoek zein Batxilergokoek. Goizean gelaz gela ibili ziren Ikasle Abertzale taldeko kideak grebaren inguruko informazioa zabaltzen, eta atsedenaldian boto-txartelaz bete ziren hautetsontziak: 513 alde, 4 aurka, 5 zuri eta balio gabeko bat. Pena nik klasera etorri behar izatea, honetan ere ikasleen esku utzi dugu guztioi eragiten digun zorigaiztoko LOMCEri aurre egiteko ardura. Atzo grebarako mendebaldeko deialdia ere ez zitzaigun Nafarroa Garaiako irakaskeoi ailegatu, en fin! Beraz, hemen gara, surf-ean bezala, olatua noiz ailagatuko zain.

Ikastetxeko gelak hutsik
Argazkia: Patxi Abasolo

2017(e)ko martxoaren 22(a), asteazkena

Bakeari, Bizikidetzari eta Giza Eskubideei buruzko II. Jardunaldiak

Nafarroako Gobernuak Bakeari, Bizikidetzari eta Giza Eskubideei buruzko II. Jardunaldiak antolatu ditu; martxoaren 23tik apirilaren 6ra izango dira ekintzak, eta lau proposamen egin ditu, pertsonen duintasunagatiko errespetuari eta Giza Eskubideen defentsari buruzko hausnarketa sustatzeko artearen adierazpen-indarraz baliatzen direnak.

Jardunaldien egitarauan zine-foruma, antzerkia eta musika, mahai-ingurua eta Alepotik (Siria) 
bideo-txat bidez eginen den hitzaldia jasotzen dira; Baluarten http://baluarte.com/eus/hasiera  (Iruñea) izanen dira ekintza horiek guztiak, 19:30ean, doaneko sarrerarekin. Saio horietara joateko gonbidapenak hilaren 14tik aurrera, asteartea, jasotzen ahalko dira leihatilan; pertsona bakoitzeko lau gonbidapen gehienez.

  *   Martxoaren 23an, osteguna. “Mariposas en el Hierro” filmarekin emango zaie hasiera jardunaldiei. Indarkeria mota askoren biktima izan diren emakumeek testigantzak jasotzen ditu filmak. Proiekzioaren ondoren, elkarrizketarako tartea izanen da, Bertha Gaztelumendi filmaren zuzendariarekin.

  *   Martxoaren 30ean, osteguna. Gabriela Ybarrak, Ion Arretxek eta Luis Gardek parte hartuko dute “Biktimen eta bakearen defentsa literaturatik” izenburua daraman mahai-inguruan; beren azken lanari, beren esperientziari eta artetik eta literaturatik giza eskubideen defentsari egiten dioten ekarpena ikusten duten moduari buruz hitz egingo dute. Aingeru Epaltza iruindar kazetari, idazle eta itzultzailea arituko da moderatzaile.

  *   Apirilaren 1ean, larunbata. “Sin adiós-Adiorik gabe” antzerki eta musika proposamena, izanen da; Mireia Gabilondok eta Teresa Calok zuzendutako arte-muntaia da, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren programazioaren barruan aurkeztutakoa, indarkeria jasan zuten hiru lagunen bizitzan oinarritzen dena: Juan Manuel García Cordero, Mikel Zabalza Gárate eta Francisco Javier Gómez Elosegui. Indarkeria deslegitimatzeaz gain, batez ere erail zituzten pertsonen bizitzan oinarritzen da; familien parte-hartzea izan dute horretarako.

  *   Apirilaren 6an, osteguna. Bideo-txat bidez eginen den George Saberen “Buenos dias desde el cielo de Alepo” hitzaldiarekin amaituko dira jardunaldiak. Alepoko (Siria) Marista Urdinetako anaia da Sabe, eta Nafarroako Gobernuaren 2016ko Elkartasunagatiko Nazioarteko Saria jaso zuena. SED Gobernuz Kanpoko Erakundeko lankidetzako teknikari Sara Aldabak ere hartuko du parte. Gerra-gatazken aurreko elkartasunari buruz, beren esperientziari eta Siriako egoerari buruz hitz eginen dute.

2017(e)ko martxoaren 21(a), asteartea

Zertarako gaude irakasleok?

Gaurko Berrian Alex Barandiarani (Huheziko irakaslea) egindako elkarrizketa irakurri ahal dugu. Bertan hitz egiten digu Ebaluazioz eta kalifikazioaz, maiz nahasten ditugun bi kontu oso desberdin. Izan ere, "Ebaluazioa prozesu jarraitutzat jotzen bada, ikaslearekiko elkarrekintzan ondorioak ateratzen ditugula. Ikuspuntu tradizionalean, ordea, aztertzen dugu ikasleak ea bete dituen guk aurrez ezarritako helburuak; hau da, kalifikatu egiten dugu".

Argazkia: berria.eus
Irakasleak zer-nolako rola du oraingo sisteman? Zer egin dezake egoera aldatzeko?
Aldatzeko, lehenik eta behin gogoeta egin behar da: zein da gure asmoa? Zertarako gaude? Irakaslea banaiz, beste pertsona baten garapen prozesua laguntzen dut, haren beharrei eta garapenari adi egongo naiz, eta zer eskaini ahal diodan ikusi beharko dut. Baina, beste ereduarekin, epaile bat izan naiteke; "pertsona hau baliagarria da, eta beste hau ez da baliagarria" esaten du epaile bat. Beraz, irakaslearen rola oso ezberdina izan daiteke. Hezkuntza pertsonen arteko harremanetan oinarritzen da, eta, irakasle gisa, hausnartu behar dut nik zer eskaintzen diodan ikasleari.

Ander Fuentes, irakasle, bertsolari... eta aita

 Momentuz laugarrena dugu Ander Fuentes, Itturri, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetan. Larunbatean, Beran, Anderrek eta Eneko Lazkozek haurrarekin parkera txandaka joaten diren gurasoena egin behar izan zuten. Batek parkera joatea maite zuen; besteak, aldiz, ez. Gurasook ez dugu arrots egoera, ezta?

                                         

Eneko:
Ez gablitz biok berdintsu
eta zu ez zaude itsu
parkea ez da sekula izan
nere paradisu
beraz Ander badakizu
mesedez adizu
beti gustora joaten bazara
joan zaitez beti zu.

Ander:
Harritua nauzu seko
                                 eskaera hau tarteko
                             aitzaki pila jartzen dituzu
                                      zu ez joateko
                               pardela aldatu bateko
                              txupetea eman besteko
                            aukera ederra da zuretzat
                                    bera goxatzeko


2017(e)ko martxoaren 17(a), ostirala

Zer da utopia erromantikoa?

Gozamena atzera begiratu eta esan ahal izatea: ongi izan da, bai, ona astea! Egunero 100 ikaslerekiko elkarbizitza, dozenaka irakaskiderekin ere bai, jakina!, Mintegi bilera, Koordinazio Pedagogikorako Batzordea... arratsaldean ere ikastetxean [etxean egindako lana ez baitago araututa, ejem, ez ordainduta, ez baloratuta...] egin beharrekoa (ebaluazio saioak, Klaustroa...)... beti ere nork soinean daraman motxila ikusezinezko txiki-handi hori bidelagun. Atzera begiratu eta esan: bai, listo!, merezi izan du. Gustura.

Iturria: unibertsitatea.net
Honetan Ruth Iturbiderekin (Iruñea, 1978) utziko zaituztet. NUPeko doktorea eta generoan aditua da. Gaur Berria-ko Nafarroako Hitza gehiagarrian elkarrizketatxo bat egin diote utopia erromantikoari buruz. Guztiok irakurri behar, jakina; hala ere, ezinbesteko neska/emakumea izanez gero. Aste buru on!

[...] Utopia erromantikoa deitu zenion maitasun mota horri.
Bai, fantasia horrek errealitate jakin bat sortu eta eraikitzen du. Errealitate oso negatiboa da bereziki emakumeentzat. Fantasia horretatik ez dugu esnatu nahi. Baina utopia iruzurra da. Maitasun desengainua engainutik ateratzen da; hortaz, positiboa behar luke, baina gehienetan ez da izaten. Gaizki bizi dugu.

Nola eraikitzen da utopia hori?
Utopia erromantikoa estrategia bat da emakumeek, familiarenganako maitasunarengatik, lana uzteko [...]

Esan duzu maitasun erromantikoak mendekotasun emozionalari eta indarkeria matxistari laguntzen diela. Ondorioen jakitun gara?
Utopia erromantiko horren ondorioak ezberdinak dira emakumeen eta gizonen kasuan. Alde batetik, maitasunak emakumeentzat garrantzi handiagoa du oraindik gizonentzat baino. Bizitzaren erdigunean jartzen dugu maitasuna. Zergatik? Maitasun harremanen eta zainketen bidez lortzen dugulako onespena eta aitortza gizartean. Besteak miati ditugu besteek gu maitatzeko. Gizonek, berriz, maitasuna gozatzen eta sufritzen dute, baina ez da batere funtsezkoa haien bizitzan, aitortzeko beste gauza batzuk dituzte: lana, kirola...

[...] Aipatu dituzu egoeren aurrean, zer egin dezakete emakumeek?
Hiru aukera ditugu: dagoenera egokitu, horrek dituen ondorioekin; gizonek duten dinamikara gehitu; edo gure autonomia eta autogestioa lortu, Elena Simonek esaten duen bezala, maitasunak gure bizitza inbaditu gabe. Hori giltzarri da ez soilik genero indarkeriari aurrea hartzeko, baizik eta baita nork bere bizitza edukitzeko ere [...].

2017(e)ko martxoaren 16(a), osteguna

Ander Fuentes, irakasle eta bertsolari

Iturria: bertsozale.eus
Asteburu honetan abiatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalurrekoen fasea, finalean ariko diren zortzi bertsolariak nortzuk diren argitu nahian. Larunbatean (martxoak 18) Beran jokatuko da lehen finalaurrekoa, eta bertan jakinaraziko da finaleko lehen finalista.

Berako Kultur Etxean sei bertsolarik hartuko dute parte: Mendillorriko BHIko ingelesa irakasle Ander Fuentes, Itturri, Julio Soto, Eneko Lazkoz, Iñiko Olaetxea, Kotte Plaza eta Alazne Untxalo.

Finalaurreko bakoitzeko irabazleak finalera pasako dira zuzenean. Gainerakoek, finalaurrekoen fasea bukatu arte itxaron beharko dute, sailkapenaren arabera pasatzen diren edo ez jakiteko. 8 dira finalera sailkatuko diren bertsolariak, oraingo 18etatik.

Zorte on, Ander!


2017(e)ko martxoaren 15(a), asteazkena

Mendillorri BHIko Klaustroa: Murgiltze programarik?

Gaur arrstaldean Klaustroa izan dugu irakasleok. Honako gaiak izan ditugu aztergai: 2. ebaluazioko emaitzak, kanpoko diagnosiak (ejem, badakizue, PISAkeriak), Memoria duten Eskolen Sarea... Ohikoa denez, gehiegi eztabaidatu gabe, ti-ta batean bukatzear geundenez, eskua altxatu egin zait nahi gabe (tira, nahi gabe, nahi gabe...), eta nire istoriotxoa kontatu dut, hau da, D ereduan lan eta bizi den (bai, bizi ere bai, azken batean ikastetxean ematen dugu bizitza erdia, ezta?) irakasle euskaldun baten ezintasuna euskaraz lan eta bizi ahal izateko. Izugarria paradoxa, ezta?

Mintegi bilerak, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak, Pasabideak, Fotokopiak egiteko bulegoa, Klaustroak... gastelania hutsez. D ereduko ikastetxe batean, preso dugu euskara ikasgeleetako hormen artean. Non da murgiltze programa? Ba al da murgiltze programarik? Ba al dugu murgiltze-programetan aritzeraren kontzientziarik? Izan ere, arazoa ez da klaseak euskaraz eman eta kitto, baizik eta ze nolako Bigarren Hizkuntzaren irakaskuntza diseinatu dugun eta zer gertatzen ari den gure geletan.

Eta, horretarako, ezinbesteko dugu D eredua bere ikastetxea izatea. Tira, bada, gaur mahai gainean jarri dugu gaia. Mendillorri BHIn ere eman behar dugu Sarriguren-en emandako urratsa. Onena izanen baita Kalitatezko Euskarazko Irakaskuntza Publiko honentzat, zalantzarik ez. Baietz lortu!

2017(e)ko martxoaren 14(a), asteartea

Ezkabako presondegia: María Pintado Nieto

Hona hemen aurreko astean bisitatu genuen Lurperatutakoa atera dadila! erakusketaren panel bat. Bertan María Pintado Nieto-ren bizipenak azaltzen zaizkigu.



2007. Nire aitaren aztarnak berreskuratzea izango banitu, nire haurtzaroaren garaiko laguneei gustatuko litzaidake erakustea eta esan: "Begira nola nik ere banuen aita".
Izan ere, bere aita atxilotu egin zuten María jaio berria zela, erregistratzera hurbildu zenean. Eta ez zuten inoiz bere berririk izan.



2010eko ekainean, Maríak bere aitaren musukatzearen ametsa lortu zuen, eta bere semearen familiarekin, bere erraina eta bere bilobarekin, hobiaren oinean argazki bat ateratzea. Aitari musua eman eta ondoan gelditu zen inoiz ezin izan zizkion kontuak kontatzen. Oso harnasa sakona hartu zuen, nahiz eta gaixo egon. 2012ko otsailean bera ere joan zitzaigun.

2017(e)ko martxoaren 11(a), larunbata

20. KORRIKA Mendillorri BH Ikastetxean

Badator 20. Korrika, bai, Mendillorrira! Atzo, ostirala, bost irakasle hurbildu ginen horri buruz hitz egitera. Helburua, beti bezala, ikastetxe gisa parte hartzea, gurasook, irakasleok zein ikasleok. Horretarako, irakasleon zein ikasleon ekarpen ekonomikoa bideratuko dugu Gurasoen Elkarteak erosten duen kilometroa finantzatzeko; horretaz gain, hainbat ekimen antolatuko ditugu aste horretarako (apirilak 3-7).
110 irakasle garela aintzat hartuta eta, erdia gutxienez D ereduan, ez dakit nik, agian, ikasleekin egiten dugun bezala, Tutoretza berezia egin beharko irakasleon parte hartzea eta inplikazioa bultzatzeko, ezta? Nola bultzatuko dugu hainbat balore ikasleen artean, gure eguneroko praxiak kontrakoa azaltzen duenean? Enfin, hona hemen hausnarketarako gonbidapentxoa. Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa... KORRIKA!


2017(e)ko martxoaren 10(a), ostirala

Ezkaba mendiko Presondegia memoria-tokia

DBHko 4 I erakusketa gidatuan
Argazkia: Patxi Abasolo
Otsailaren 11n inauguratu zen Elian (Eguesibar) 2015ean aurkitutako hiru fusilatuen oroitzapeneko oroitarria. Horrekin batera, Eguesibarko udaletxean zabaldu egin zen Txinparta eta Aranzadi elkarteek prestatutako Lurperatutakoa atera dadila erakusketa.

Koldo Plá (Txinparta Elkartea)
Argazkia: Patxi Abasolo
Egun hauetan, Mendillorri BHIko 4. DBHko ehun ikasle hurbildu dira memoria toki bihurtu zaigun udalbatza-aretora. Txinpartako Koldo Plá-ren eta Aranzadiko kide baten eskutik, ikasleek aukera polita izan dute Ezkaba mendiko Gotorlekuko historia ezagutzeko. Azalpenei esker, aurpegia jarri ahal izan diegu 1934 eta 1945 urteen arteko garai hartan preso izandako eta izen-abizenak zituzten 6.000 pertsona horiei.


Saio osagarri xume bezain interesgarri hauekin, Mendillorri BHIko ikastetxeak berretsi egin du memoria duen eskola izateko nahia.

2017(e)ko martxoaren 8(a), asteazkena

Emakume Langileen Nazioarteko Eguna

Bai, Emakume Langileen Nazioarteko Eguna ari gara aldarrikatzen 1911 urtetik. Nazio Batuen Erakundeak 1975 urtean onarpen instituzioala eman bazion ere, bidean subjektua aldatu egin zuen, emakume langilearen izaera ezabatuz.

Ongi legoke, bada, memoria duen txoko izan nahi duen honetan, ez ahaztea gaur ere, martxoaren 8an, gogoan baditugula mundu osoko emakume langileak eta egun esperimentatzen eta aldarrikatzen ari garen ahalduntze-prozesua.

Hala bedi!