2017(e)ko apirilaren 20(a), osteguna

"Emea eta piztia": emakumea eskuin muturraren aurka

Jadanik patroi bat da, eredu bat: argazki batean emakume bat agertzen da, lasaitasun osoz, baina irmo, mundua zeharkatzen dabilen faxismoaren eta autoritarismoaren mamuari aurre egiten... eta irudia, berehala, biral bihurtzen da sare sozialetan.

Horrela hasten da gaur Edu Lartzanguren-ek Berrian idatzitako bi orrialdeko erreportajea. Bost irudi dira artikuluaren ardatz, eta horien guztien atzean urteetan milaka emakumeek anonimotuan egindako mila ekarpen. Galdera ikurrak ere topatuko ditugu. Femismo globalak XX. mendean landatutako hazien fruituak ote? Kasualitatea al da eskuin muturraren buru berriak emakumezkoak izatea?. Alemaniako Alemaniarentzat Alternatiba (AFD) alderdiko Frauke Petry, Frantziako Fronte Nazionaleko Marine Le Pen eta Baionan joan zen astean protestak eragin zituen haren iloba Marion Marechal-Le Pen. Baita Madrilgo neonazien aurpegi den Melisa Dominguez ere.

Vietnamgo gerraren aurka Washingtongo Pentagonoan 1967ko urriaren 21ean eginiko protestan emakume bata agertzen da, Polizia Militar baten fusilaren kanoian krabelin bat jartzen. Bernie Boston argazkilariak hartu zuen irudia, eta Flower Power izenburuarekin pasatu da kontzientzia kolektibora.


Danuta Danielsson andrea, neonazien aurka, 1985. urtean, Vaxjon (Suedia).


Tess Asplund emakume beltz suediarra erretratatu zuen David Lagerlof argazkilariak, iazko maiatzaren 1ean, eskuin muturreko manifestazio baten aurrean ukabila altxatuta.


Bi hilabete geroago, Leshia Evans emakumea protagonista duen irudi harrigarria hartu zuten Jonathan Bachman argazkilariak, Baton Rougen (AEB). Poliziaren bortizkeria salatzen ari zen emakumea superbotereak balitu bezala agertzen da, atxilotu duten bi polizia superarmatuen aurrean. World Press Photo saria irabazi zuen irudiak.


Saffiyah Khan emakumeak irribarre baten bidez egin zien aurre English Defence League talde xenofoboko kide bortitzei, Birminghamen (Ingalaterra), apirilaren 8an, eta hala ageri da Joe Giddensen irudian.




* Artikulu osoa:


2017(e)ko apirilaren 11(a), asteartea

Ikasleak, tirano txikiak ote?

Hona hemen hausnarketa egiteko aukera polita. PISAkerietan sartu gabe, guztiok gara kezkatuak gure ikasleek maiz mugak onartzeko azaltzen dituzten zailtasunak edota ezintasuna. Ezetz esan ez zaien kreatura hauskorrak dira gure gazteak. Egundoko oztopo pertsona buruaski eta arduratsu izateko, nere iritzi apalean. Irakur dezagun Anjel Lertxundik Berrian apirilean 7an idatzitako zutabetxoa:

Tirano txikiak


Suedia buruan zen PISAren orain arteko rankinetan, baina azken aldian nabarmen doa bikaintasunaren eskaileretan behera. Hainbat adituk seinalatu berri du motibo bat: gaurko ume suediarrak «sekula ezetz esan ez zaien kreatura hauskor batzuk dira». Informazioa benetakoa delakoan, etxera ekarriko dut asuntoa (guk Suediari begiratzen omen geniolako besteak beste): gure umeak ere «sekula ezetz esan ez zaien kreatura hauskorrak» bihurtu bagenitu? Horrek esan nahiko luke dena mamurtuta ematen diegula. Esan nahiko luke inolako zailtasun eta eragozpenik gabeko ibilbidea egiten ari direla, eskatutako guztia ematen zaiela. Esan nahiko luke auzo batekin, irakasle batekin, arbitroarekin arazoren bat duten aldiro, umeek dutela beti arrazoi. Esan nahiko luke bideko hartxintxar guztiak kentzen dizkiegula eroritakoan belaunak urra ez ditzaten.


Hori guztia egia bada, esan nahiko luke... tirano txiki batzuk bidaltzen ditugula eskolara.

2017(e)ko apirilaren 10(a), astelehena

D ereduan, Oficial Técnico de Sistemas Informáticos... en castellano, por favor!

Jakinarazi digute badugula teknikari berria, Iñaki ordezkatu duena. Mendillorriko BHIko bi eraikinetan ez ezik, beste lau ikastetxeetan ere egingo du lan. Berarekin harremanetan jartzeko, ohiko bidera jo beharko, betiko helbide elektronikoetara. Hori bai, En castellano por favor, ya que ella no sabe euskera. En fin!, D eredua, murgiltze eredua, euskarazkoa, hizkuntza-eskubideak, euskaraz lan eta bizitzeko eskubideak... Beraz, euskaldunok euskaraz hitz egiteari utzi behar, hori bai, beti ere, elkarbizitzaren izenean. Bada, sentitzen dut, baina ez nago batere ados.

Aurreko egunean esan bezala, atzo hasi zen benetako KORRIKA, 360 egun iraungo duena, etapaz etapa baino determinazio handiz ekin beharko dioguna. Ba al gara prest?

Hona hemen Joseba Sarrionandia idazleak 20. Korrikarako idatziriko mezua:

"Alfabetatzearen, euskalduntzearen, ikastolen, euskara batuaren, literaturaren, prentsa idatziaren, irratiaren, telebistaren eta KORRIKA askoren ondoren, azken berrogei urteotako biziberritzearen ondoren, euskararen aldeko mugimendua egonkortu egin dela esaten da, normaltasunaren alde aurrerapauso handiak egin eta normalitate moduko batean lasaiturik edo trabaturik gelditu dela euskaraz bizi ahal izateko asmo kolektiboa.
Euskararen alde egitea normaltasunaren kontra egitea da oraindik. Aukerak eta maukerak egin behar izaten ditugu euskaraz bizi nahi dugunok. Belaunaldiak daramatzagu behetik gora elkartzen eta ekiten, erresilientzia honetan, goitik behera ezartzen zaizkigun lasaigarri kulturalak eta traba politikoak gainditzeko. Badugu motibo bat: badugu altxor partikular bat balio unibertsala duena, ispilu batean bezala islatzen dela bizitza hizkuntzan.
Hizkuntzan ikusten du bere burua edozein pertsonak zein komunitatek, oharkabean bada ere, eta hizkuntza kaltetua ispilu apurtua bezalakoa izaten da. Hizkuntza bat desagertzen denean, mundu guztiak galtzen du bizitza ikusteko eta azaltzeko modu berezi bat. Balioa du norberarena denean eta beste batzuena denean ere bai. Euskara, beste hizkuntzak bezala, altxor unibertsal bat da, denona delako, agortzen ez delako eta dohainekoa delako.
Denona da, dena pribatizatzen ari den sasoian. Ez da agortzen erabiliz gero, gauza gehienak erabiliz gero bota behar izaten diren egunetan. Eta dohainik erabiltzen dugu, gehien gehiena ordaindu behar izaten denean. Euskara noranahikoa da, baina gutako bakoitzaren baitan dago. Lapur altxorra balitz bezala edukiko dugu zulo ilunen batean ezkutaturik? Konturatzen zara goizetan ohetik jaikitzean ezti tanta gozo bat bezala senti dezakezula ezpainetan?"

Ander Fuentes irakasle, Nafarroa Garaiko hirugarren

Amagoia Mujikak atzo Gara egunkarian idatzitako kronikan azaldu bezala, 1.300 lagun bildu ziren Anaitasunako plazan. Arnasa bereziko finala izan zen. Egun berezian, bertsolariek majo lan egin zuten. Azkenean, Julio Soto txapeldun (925,5 puntu), Eneko Lazkoz, bigarren (906,5), eta Ander Fuentes, hirugarren (543,5).

Buruz burukoaren aurretik, saioa bizi hasi zen, apartatzeko moduko ale asko joan ziren. Saio puntuagarriko lehen ariketa, zortziko handian, Ander Fuentes Iturrik eta Xabier Terrerosek abiatu zuten. Biak artista izanik, fabrikara lan eskean joanda egin dute topo. Itturriren lehena, ederra:

Artista nauzu aspalditikan ta zu ere ni bezela
koadro pintatzen ta eskulturak eskutan hartuz pintzela
orain fabrikara etorri gara, hartu maila ta zintzela
burua bete-betea dugu ta ezin bete sabela

Kronikagileak dioenez, Anderrek saio ederra josi zuen, ale bakoitza zukutu nahian igarri zen arratsalde osoan.

2017(e)ko apirilaren 6(a), osteguna

KORRIKA TXIKItik... ttipi-ttapa... 20. KORRIKAra!!




Bihar euskara maite dugunok ikasgelak utzi eta kalera aterako gara KORRIKAtzera. 11:45ean izanen da.

Igandean, 08:11n, Mendillorrin, KORRIKAlagun izanen gara, euskaraz jolastu, ikasi, lan eta bizi nahi dugulako.

Eta ez ahaztu, astelehenean izanen dugu kilometro garrantzitsuena, 365 egun dirauena. Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa... KORRIKA!


2017(e)ko apirilaren 5(a), asteazkena

Ezpondapea: Memoria Historikoari buruzko Jardunaldiak


Aurten ere Ezpondapea Elkarteak antolatu du apirilaren zehar Memoria Historikoaren inguruko jardunaldiak, hauek guztiak Mendillorriko Civivoxean izanen dira. Erakusketa goizez taldeka ikusi ahal izateko aldez aurretik CIVIVOXeko arduradunarekin harremanetan jarri beharko da.

Erakusketa (Apirilaren 3tik 28ra)
“Euskal Herriko mapak. Euskal Herria kartografian eta testigantza historikoetan”

Mapak egiteaz eta aztertzeaz arduratzen den zientzia da kartografia, eta adierazle garrantzitsua da herrialde bati buruzko historian zehar izan den ikuspegia ulertze aldera.Erakusketa kartografiko honek mundu osoko literaturan Euskal Herriari emandako izenaren historia errepasatzen du, eta erakusten diren mapak XI. mendetik aitzinera autore espainiarrak, frantsesak, alemanak, ingelesak eta italiarrak eginak dira.
Erakusketaren inaugurazioa eta solasaldia Joxe Mari Esparzarekin, historiagile, argitaratzaile eta erakusketaren jatorria den “Mapas para una nación” liburuaren idazlearekin.
Apirilaren 7an, ostiralarekin, 19:30ean. Ikus-entzunezko gelan. Solasaldia Joxe Mari Esparzarekin, historiagile eta argitaratzailea.

 
Apirilaren 21ean, 20:00etan, Civivox-Mendillorrin.
“POR LA ESPALDA” antzezlana, Josu Castillok idatzia, Ángel Sagüesek zuzenduta eta “La puerta roja” konpainiak antzeztua.

Nafarroako oroimen historikoaren inguruko lehenbiziko antzezlana da. Bertan kontatzen da Guardia Zibilaren buru José Rodríguez Medel komandantearen hilketa, atzeguardian errepresioaren izugarrikeriak jasan zituzten emakumeen zeharkako begiradaren bitartez kontatuta ere, zeinen zorigaitza oraindik ere idatzi eta antzeztu gabe dagoena.

Apirilaren 28an, 19:30ean, Civivox-Mendillorrin.
"50+30 MEMORIA VIVA / MEMORIA BIZIA”dokumentala eta mahaingurua

Oroimen historikoaren iragana, oraina eta etorkizunaren inguruko hausnarketa.
Sartagudan biktimen omenez 1986. urtean grabaturiko bideoan oinarriturik, akademi-, kultur-, elkarte- eta instituzio-eremuetako pertsonen lekukotasunak biltzen ditu, zeinek erakusten baitigute 70eko hamarkadan Oroimena berreskuratzeko hasitako bideak jarraipena daukala eta gaurkotasunezkoa dela. Mahai-ingurua aurkeztu eta zuzenduko du: Bideko Mitxingorria, oroimenaren aldeko herrien koordinakundea.

2017(e)ko apirilaren 4(a), asteartea

Ander Fuentes irakaslea Txapelari so

Nafarroako Bertsolari Txapelketan parta hartu duten 35 bertsolarietatik zortzi izango dira kantuan larunbateko finalean, horien artean Ander Fuentes, Iturri, Mendillorri BHIko ingelesa irakaslea.

Zortzi finalistak, Anaitasuna kiroldegian
Argazkia: Idoia Zabaleta / Argazki Press
Finalisten artean emakumerik ez bada ere, emakumezko bat arduratuko da txapelaz janzteaz, Luzia Goñi, 89 urteko Aizarozko bertsolaria. Ogibidez sukaldaria, bizi osoan zehar mantendu du bertsogintzarako afizio eta sorkuntza. Ehunka bertso idatzien egile da, eta atzoko eta gaurko askotariko gai eta gertakarien kronika ederrak dira haren lanak. Bere garaiko emakume gehien-gehienen antzera, ordea, plaza publikoan jarduteko aukerarik ez du izan. Luzia Goñiri egindako omenaldi txiki honek, beraz, hamarkadetan zehar betsogintzaren alde lan isilean aritu diren emakume guztientzako aitortza ere izan nahi du.

2017(e)ko apirilaren 3(a), astelehena

Mendillorri BHIko EUSKARAren ASTEA

Badator Korrika, eta giroa berotzeko... Euskararen astea!. Hori bai, badirudi, honetan ere, euskara ez dela libre izango eredu guztietan murgiltzeko; berriro ere, G ereduak ez du Korrika agurtuko, ez dio Euskarari samurtasunik azalduko. Aurreko egunean komentatu nizuen bezala, irakasleon Klaustroan euskaldunok pairatzen ditugun zailtasunak eta mugak mahaigaineratu nituen; ez soilik ikasleek, euskaraz lan eta bizi ezin dugun irakasleok ere bai. Elkarbizitza hitza atera zenez, eta elkarbizitzak, nahitaez, bi norabideko kontua izan behar duenez, aniztasun eta elkarbizitzarako ariketa praktiko bat proposatu nuen: Euskara, lingua navarrorum, nafar guztion ondare kulturala denez, euskalduna izan ala ez, Euskararen Astean G ereduak ere hainbat ekitaldi antolatu, erderaz, ikasle zein irakasle horien guztien eta euskararen arteko zubiak eraikitzen hasteko. Egitaraua ikusita, badirudi G ereduan oraindik ez direla jabetu elkarbizitza, maitasun kontu guztietan bezala, eman eta jaso egin behar dela. Eta, jakina, maitasuna maitasun keinuen eta ekinbiden bidez adierazten da. Zer gehiago egin dezakegu euskaldunok? Euskaraz hitz egiteari uko egin? Geure buruari uko egin? Ez dakit nik, baina, nago horrek zerikusi gutxi duela maitasunarekin, aniztasunarekin edota elkarbizitzarekin; oker al naiz?


EUSKARA ASTEA

Egitaraua:

Apirilak 3 astelehena


2. saioan Areto Nagusian: Errefuxiatuen inguruko hitzaldia. 2 Batx-eko ikasleentzat.
4. saioan Areto nagusian: Oskar Estanga-ren kontzertua. 3.DBH-ko ikasleentzat

Apirilak 5 asteazkena

3.saioan Areto Nagusian: Kike Amonarriz-en hitzaldia 1Batx-eko ikasleentzat
4.saioan Aintzira eraikinean: Kike Amonarriz-en hitzaldia 2.DBH-ko ikasleentzat

Apirilak 6 osteguna

5.saioan Areto Nagusian: Bertso emanaldia 4.DBH-ko ikasleentzat


Apirilak 7 ostirala


4., 5. eta 6. saioetan Korrika Txikia auzoan barrena D eta A ereduko ikasle guztientzat