12. II. Mundu Gerra etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
12. II. Mundu Gerra etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018(e)ko abenduaren 26(a), asteazkena

Paco Perez Luzarreta, Gernikako batailoiko azkena

Iturria: https://oroimena.bera.eus
Gaurko Berrian irakurri dut Paco Perez Luzarreta igandean zendu zela Beran, 96 urte zituela. Berarekin batera, belaunaldi oso bat da joan egin zaiguna. Jaurrietan jaio zen, baina, haur zela, Irunera mugitu zen haren familia. Hango harrobian eta Hendaiako arma fabrika batean egin zuen lan. Soldadutza egiten ari zela, ihes egin zuen Frantziara, eta Gernika Batailoira lotu zen. 22 urterekin, bertako kapitaina izan zen. Batailoi horrekin, II. Mundu Gerran parte hartu zuen, nazien aurka. Batailoi hartan parte hartu zutenetatik, bizirik zegoen euskal herritar bakarra zen.


Informazio gehiago:

2016(e)ko urtarrilaren 13(a), asteazkena

Adolf Hitlerren "Mein Kampf" berrargitaratu dute

Alexander Heinl, Efe
  Hirurogeita hamar urteren ostean, Adof Hitlerrek idatzitako Mein Kampf (Nire borroka) salgai dago berriz ere liburu dendetan. Oraingoan edizio kritikoa da, Municheko Egungo Historia Institutuak hainbat hamarkadatan landu duena. Edizio berriak oinaldeko 3.500 ohar baino gehiago ditu, eta puntuz puntu egiten die aurre Alemaniako fuhrer-aren pentsamenduari.
  Ikusten badugu garai hartan zenbat ale saldu ziren, sinestezina egiten zaigu gerra ondoren alemaniar askok esandakoa, hau da, ez zekitela naziek zer egiten zuten. Ludger Mees historialariak gaur Berriak egindako elkarrizketan azaldu bezala, "Erregimen nazionalsozialistaren garaian liburu hori oparitu egiten zuten ezkontzetan; ohikoa zen bikoteari oparitzea, eta hainbat ospakizunetan ere opari gisa ematen zen. Hamabi miloiko argitaraldia izan zuen. [...] Bigarren Mundu Gerra eta holokaustoa amaitu ondoren, Alemaniako gizartean argudio edo aitzakia bat zabaldu zen. Hura guztia nola gertatu ahal izan zen galdetuta, sarri askotan erantzun bera ematen zen: "Guk ez genekien holokaustoan zer gertatu zen; horren berri gerora jakin genuen". "Ez genekien Auschwitz zer zen". Jende arruntak ezjakintasuna erabil zuen aitzakiatzat, bai eta garai hartako intelektual askok ere. Baina Mein Kampf irakurtzen baduzu, han dago zehatz-mehatz idatzita gero berak [Hitlerrek] egingo zuena. Iragarrita zegoen, paper gainean, zer asmo zituen juduekiko. Gerora egingo zuten guztia idatzita zegoen hamar urte lehenago liburuan". Zinez, belaunaldi berriek ez lukete gertatu zena ahaztu beharko.

2015(e)ko maiatzaren 10(a), igandea

II. Mundu Gerra Euskal Herrian

 Maiatzaren 9an, orain dela 70 urte, jo zuten bukatutzat II. Mundu Gerra. Lau urteko luzeko okupazioa, erresistentzia eta kolaborazioa bukatu ziren Eukal Herrian ere. Gaur, Berriak, 11 orrialde eskaini dizkio gertaera historiko horri, azala eta guzti. Hona hemen hainbat datu:

   1.500 langile behartuak Alemanian
III. Reicheko tropak, Miarritzeko hondatzeko pasealekuan
Iturria: Baionako Herriko Etxeko Artxiboa
1943ko udaberri-udetan, Derrigorrezko Lan Zerbitzuaren ondorioz, 1.500 gazte eraman zituzten Alemaniara arma industrian lan egitera. Beste 1.000 gaztek, berriz, etxaldeetan gordetzea edo mugaz bestaldeko senideengana joatea erabaki zuten, Alemaniara ez joateagatik. Erresistentzian sartzea erabaki zutenak ere ez ziren gutxi izan.

  286 Comete erresistentzia sareko kide hilak
Comete sareari esker, Euskal Herria iparretik hegoaldera zeharkatu eta ihes egiten zuten aliatuen hegazkinetako pilotuek. 1941eko ekainetik 1944ko ekainera arte, 800 pertsonatik gora pasatu zituen sareak. Bertako 286 kide -euskal herritarrak, belgikarrak zein frantsesak- tiroz edota deportatuak izan ostean hil ziren.

  207 Zuberoan atxilotutako alemanak
Soldadu alemanak Miarritzeko oroigarri denda baten atarian
Iturria: Baionako Herriko Etxeko Artxiboa
1944ko abuztuaren 11n, erresistentziako kideek Mauletik bazihoazen 44 soldadu aleman atxilotu zituzten. Zuberoa osoa askatzeari ekin zioten matxinoek. Abuztuaren 22tik 23ra bitarteko gauean, Atharratzeko kuarteleko 160 soldadu atxiki zituzten, eta 24an Zuberoako eliza guztietako kanpaiak errepikan ziren. Zuberoa libre zen.



Hona hemen hainbat artikulu: