Pedagogia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Pedagogia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017(e)ko apirilaren 11(a), asteartea

Ikasleak, tirano txikiak ote?

Hona hemen hausnarketa egiteko aukera polita. PISAkerietan sartu gabe, guztiok gara kezkatuak gure ikasleek maiz mugak onartzeko azaltzen dituzten zailtasunak edota ezintasuna. Ezetz esan ez zaien kreatura hauskorrak dira gure gazteak. Egundoko oztopo pertsona buruaski eta arduratsu izateko, nere iritzi apalean. Irakur dezagun Anjel Lertxundik Berrian apirilean 7an idatzitako zutabetxoa:

Tirano txikiak


Suedia buruan zen PISAren orain arteko rankinetan, baina azken aldian nabarmen doa bikaintasunaren eskaileretan behera. Hainbat adituk seinalatu berri du motibo bat: gaurko ume suediarrak «sekula ezetz esan ez zaien kreatura hauskor batzuk dira». Informazioa benetakoa delakoan, etxera ekarriko dut asuntoa (guk Suediari begiratzen omen geniolako besteak beste): gure umeak ere «sekula ezetz esan ez zaien kreatura hauskorrak» bihurtu bagenitu? Horrek esan nahiko luke dena mamurtuta ematen diegula. Esan nahiko luke inolako zailtasun eta eragozpenik gabeko ibilbidea egiten ari direla, eskatutako guztia ematen zaiela. Esan nahiko luke auzo batekin, irakasle batekin, arbitroarekin arazoren bat duten aldiro, umeek dutela beti arrazoi. Esan nahiko luke bideko hartxintxar guztiak kentzen dizkiegula eroritakoan belaunak urra ez ditzaten.


Hori guztia egia bada, esan nahiko luke... tirano txiki batzuk bidaltzen ditugula eskolara.

2017(e)ko martxoaren 21(a), asteartea

Zertarako gaude irakasleok?

Gaurko Berrian Alex Barandiarani (Huheziko irakaslea) egindako elkarrizketa irakurri ahal dugu. Bertan hitz egiten digu Ebaluazioz eta kalifikazioaz, maiz nahasten ditugun bi kontu oso desberdin. Izan ere, "Ebaluazioa prozesu jarraitutzat jotzen bada, ikaslearekiko elkarrekintzan ondorioak ateratzen ditugula. Ikuspuntu tradizionalean, ordea, aztertzen dugu ikasleak ea bete dituen guk aurrez ezarritako helburuak; hau da, kalifikatu egiten dugu".

Argazkia: berria.eus
Irakasleak zer-nolako rola du oraingo sisteman? Zer egin dezake egoera aldatzeko?
Aldatzeko, lehenik eta behin gogoeta egin behar da: zein da gure asmoa? Zertarako gaude? Irakaslea banaiz, beste pertsona baten garapen prozesua laguntzen dut, haren beharrei eta garapenari adi egongo naiz, eta zer eskaini ahal diodan ikusi beharko dut. Baina, beste ereduarekin, epaile bat izan naiteke; "pertsona hau baliagarria da, eta beste hau ez da baliagarria" esaten du epaile bat. Beraz, irakaslearen rola oso ezberdina izan daiteke. Hezkuntza pertsonen arteko harremanetan oinarritzen da, eta, irakasle gisa, hausnartu behar dut nik zer eskaintzen diodan ikasleari.

2017(e)ko urtarrilaren 8(a), igandea

Bernardo Atxaga: "Eskolak sekulako arazoa dauka..."

Interesgarria, benetan, gaurko Berriak Bernardo Atxagari egindako elkarrizketa. Bigarren ebaluazioan Atxaga-ren “Zazpi etxe Frantzian” eleberria lantzen ari gara. Hona hemen hezkuntzaz, ikasleez eta gizon-emakume politikoz dioena:

Juanan Ruiz / Argazki Press
"[...] eskolak sekulako arazoa dauka. Gaurko gazteak, batetik bizi dira mundu zoragarri batean. Mundu guztian bizi dira, dena dute eskura. Japoniako neska batek makillajeari buruz egin duen tutoriala ikusten dute Zalduondon. Alde batera, izugarrizko tresna da, bizimodu kreatiboa asko laguntzen du; baina modu horretan ez dago balio transmisiorik... Ez da hiritarrik egiten, ez da gizon-emakume politikorik egiten, eta, beraz, gizartea ikusten dut flotazioan bezala, arina... Zer egin du eskolak? Botereak? Ez zaio interesatzen pertsona politikoak egotea, pentsatzen dutenak, nortasuna dutenak, zoon politikon-ik. Oso inkomodoa baita aldamenean izatea kritika egiten dizun norbait. Eskolak eta botereak egin du jakintza instrumentala bideratu. Entretenituta daude haurrak, sortzeko ere tira, moldatzen dira, baina ez da subjektu politikorik sortzen gaur egungo eskoletan".

2016(e)ko urriaren 5(a), asteazkena

Eskola eredua auzitara, Prince Ea-ren ahotik

Gaur beste blogari baten hitzak ekarri ditut gurera; azken batean, zertarako idatzi jada idatzita dagoena, ezta? Ikoitz-ek Prince Ea-k egindako bideoa zintzilikatu du bere blogean, Ikoitzen arkatza-n.

Ikoitzek dioskunez, zeresan handia eman du sare sozialetan egungo eskola eredua zalantzetan jartzen duen bideo batek. "I just sued the school system" izeneko bideoak, kolokan jartzen du egungo hezkuntza sistema eta duela hainbat mendeetakoarekin alderatuz berdin-berdina dela kritikatzen du gure bizitzako gainontzeko gauzek eboluzionatu eta eraldatu diren bitartean. Eskolaren bidez ikasleak ebaluazio estandarizatuak egiteko robot hutsak bilakatzen direla aipatzen da pertsona aske, kritiko eta sortzaileak beharrean.

Prince Ea-k egin du bideoa, Ipar Ameriketan ezaguna den aktore, poeta eta raperoak. Bertan, epaiketa bat irudikatu eta eskola eredua auzitara eramaten du Ea-k. Hausnarketa eta ezbabaidarako baliogarria den bideoa da, zalantzarik gabe.


2016(e)ko martxoaren 21(a), astelehena

Umetxoek ikusten dutena ikasten dute



                                                                                                   Iturria: Health Nexus Santé


2015(e)ko azaroaren 10(a), asteartea

"Hezkuntza" sistema



             Haur eskola...  Lehen Hezkuntza...  Bigarren Hezkuntza...  Unibertsitatea...


2015(e)ko martxoaren 18(a), asteazkena

"Guraso izaten ikasi egiten da"

ATZEKOZ AURRERA. FRANCISCO CASTAÑO. IRAKASLEA ETA FAMILIA AHOLKULARIA

«Nahi lukeen haurra hezten du askok, duen haurra hezi ordez»


Castañok uste du seme-alabak heztea garai batean baino zailagoa dela. Hori horrela, beharrezkotzat jo du ahaleginaren, errespetuaren eta elkarlanaren balioak berreskuratzea.
G
Argazkia: Marisol Ramirez, Argazki Press

uraso izaten ikasi egiten dela dio Francisco Castaño irakasle eta familia aholkulariak (Ejea de los Caballeros, Espainia, 1966). «Beste edozein gauza bezala». Horretan laguntzeko, liburu bat egin du, Pedro Garcia Aguadorekin: Aprender a educar: evitar el mal comportamiento y el fracaso escolar (Hezten ikasi: jarrera txarrak eta eskola porrota nola saihestu). Donostian eta Bilbon aurkeztu dute liburua.

Nola ikasten dute gurasoek beren seme-alabak hezten?
Beste galdera batekin erantzungo diot horri: nola ausartzen gara seme-alabak hezten, aurretik ikasi edo prestatu gabe? Jendeak argi du informatika edo hizkuntzak ikasteko formatu egin behar dela: ikastaroak egin, eskoletara joan... Guraso izatearekin, ordea, kasu askotan ez da horrela gertatzen, eta akats handia da. Oso garrantzitsua da guraso eskoletara joatea, irakurtzea, eta batez ere behar denean laguntza eskatzea. Izan ere, askok uste dute beren kabuz moldatuko direla seme-alabek dituzten jarrera eta ikasketa arazoak konpontzeko, eta laguntza eskatzen dutenerako berandu da. Beste asko nahiko luketen haurra hezten saiatzen dira, ez daukatena.

Noiz eskatu behar da laguntza?
Seme-alabekin ezin dutela sentitzen duten lehen unean. Haurra oraindik txikia izan arren, jarrera batzuk gero etor daitekeenaren seinale dira. Ez da posible guraso batek bere 3-4 urteko umea ezin kontrolatzea. Ume hori nekez aldatuko da nerabezaroan. Horregatik da garrantzitsua txikitatik arauak eta mugak jartzea, eta umeak argi izatea, eskubideak dituen moduan, betebeharrak dituela. 

Gaur egun lehen baino zailagoa da seme-alabak heztea?
Bai, gizartean balio aldaketa bat izan delako. Lehen ahalegina, errespetua eta elkarlana ziren, besteak beste, nagusi. Orain, berriz, berehalakotasuna, ahaleginik eza, eta indibidualismoa. Gaur egun gazte askori gehien kezkatzen diena da Facebooken eta Twitterren zenbat jarraitzaile dituzten. Denen artean lan egin behar dugu garai bateko balioetara bueltatzeko.

Balio aldaketa horrekin lotzen duzu eskola porrota. Zergatik?
Ahalegintzea eta hobetzeko nahia krisian dauden balioak direlako. Gaur egun, gaztetxo askok dena eginda ematea nahi dute. Lanak egiteko errazenera jotzen dute, eta ez dira ahalegintzen. Ez diete erakutsi horren garrantzia. Kontuan izan behar da eskola porrota Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan agertzen dela, orduan zailtzen baitira ikasketak. Baina aurreneko zantzuak Lehen Hezkuntzan agertzen dira. Horregatik da garrantzitsua adin horietan balio horiek ezartzea.

Gurasoak ez al dira lan hori eskolen esku uzten ari?
Bai, eta hori ere aldatu behar da. Ez da posible ardura guztia irakasleen esku uztea, eta etengabe haien lana auzitan jartzea.

Zeregin horretan aitona-amonek duten eginkizuna ere aztertzen duzue liburuan. Nolakoa izan behar du haien egitekoak?
Argi dago aitona-amonek gero eta ardura handiagoa hartzen dutela, gehiegizkoa. Aitona-amonek nahikoa egin dute gu hezten, orain gure seme-alabak hezteaz arduratzeko. Ni asko haserretzen naiz gurasoek aitona-amonei kargu hartzen dietenean, adibidez, seme-alabek etxeko lanak egin ez dituztelako, edo egokitzen zitzaiena meriendatu ez dutelako. Ardura hori ez da aitona-amonena, beren seme-alabena baizik. Haiei eskatu behar dizkiete azalpenak.

Gurasoek duten arazoetako bat da seme-alabekiko komunikaziorik eza. Nola konpon daiteke hori?
Komunikazio espazioak sortuz haiekin txikitatik, haiei entzunez eta kasu eginez. Txikitan kasu egiten ez badiegu, ez dezagula espero nerabezaroan gauzak kontatzea.

Ainara Arratibel GastonBerria, 2015-martxoa-18a, 32 or.