15. Deskolonizazioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
15. Deskolonizazioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017(e)ko maiatzaren 20(a), larunbata

Nazionalismoa bidaiatuz sendatzen al da?

                                                   Zaldi Eroa, Berria, 2017ko maiatzaren 20an.

2017(e)ko maiatzaren 15(a), astelehena

Yoni Goodman, "Closed Zone": Gaza [Palestina]

Aurreko astean, Batxilergoan, Indiako independentzia prozesua eta desobedientzia zibila bezalako kontzeptuak landu genituen. Gaur arabiarren munduan murgildu gara: Palestina, Sionismoa, panarabismoa, arabiar eta israeldarren arteko gerrak... Osloko hitzarmenak... Israel, Yasser Arafat, Jihad Islamikoa, Hamas...
29 ikasletik banaka batzuek besterik ez dute astebururako planteatutako etxerako lana egin. Tira, bada, egin, egin... pertsona bakarrak egin baitu fundamentuz. Hori den Bidane!
Hona hemen hurbilketa polita palestinarrak Gazan pairatzen ari diren egoerara.



2016(e)ko abuztuaren 16(a), asteartea

Saharako ipuin bat

 Saharako errefuxiatu kanpamentuetan ipuin bat kontatu zioten Berriozarreko Josu Jimenez-i (Berria, 2016ko abuztuaren 9a).

"Errefuxiatu kanpamentuak",
Erresistentziaren Museo Nazionala (Tinduf)
Argazkia: Patxi Abasolo

"Ipuineko protagonista neska saharar bat da, errefuxiatuen kanpamentuetako batean bizi dena. Neska oso triste dago aitona hil zaiolako. Neskatoa negar eta negar ari da, baita beste senideak ere, negar malkotan denak, aitona hiltzeak sortutako saminaren adierazgarri. Neskatikoak, -eta senideak, eta auzokideak eta Wilayako guztiek- negar eta negar egin zuten... erreka bat sortu zuten arte. Erreka oro itsasora doala jakinda, malkoen errekari segitzea erabaki zuten denek. Errekak Marokok eraikitako harresia ere gainditu zuen, Atlantikorako bidean. Itsasoraino heldu zen erreka; bai itsasoraino heldu zen erreka, eta hara heldu zen neska sahararra ere senide eta lagun guztiekin, hainbestetan amets egindako Mendebaldeko Saharara".

2016(e)ko ekainaren 1(a), asteazkena

Mohamed Abdelaziz SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentea hil da

Hurrengo astean Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aztertuko dugu, eta prozesu historiko horrekin amaiera emango diogu ikasturteari. Komunikabideetan gutxitan azaltzen bada ere, gaur goizean Mohamed Abdelaziz SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentearen heriotzaren berri izan dugu.
Argazkia: Kristina Berasain, Berria, 2015-azaroa-15
Medikuntza ikasi zuen, baina bizitza osoa eman zion bere herriaren askatasun borrokari, gerrillari gisa hasieran, eta agintari gisa azken urte luzeetan. Eta borroka horren xedea lortu gabe hil da 68 urte zituela. Jaioterri librera itzuli ezinik itzali da. Deserrian. Familia nomada baten semea zen. Ezkonduta zegoen, eta zazpi seme-alaba zituen.
Kristina Berasainek gaur Berrian argitaratutako artikuluan dioen bezala, "Mohamed Abdelazizek (Smara, Mendebaldeko Sahara, 1948) gazte zenetik parte hartu zuen askapen nazionaleko mugimenduaren sorreran. Artean Espainiako kolonia zen Mendebaldeko Sahara. BERRIAri iazko azaroan emandako elkarrizketan kontatu zion nola fronteko lehen lerroan zegoen okupazio indarrekin izandako lehen borroketan: «Fronte Polisarioa 1973ko maiatzean eratu genuen. Ni, ordurako, borroka armatuan nengoen». Hegoaldeko eskualdean egotea egokitu zitzaion; garai hartakoak zituen gorputzeko bi bala markak.
El-Uali Mustafa Saieden Fronte Polisarioko sortzailea ekintza militar batean hil ostean hartu zuen Abdelazizek haren lekukoa, 1976. urtean. Fronte Polisarioak iazko abenduan egindako kongresuan berretsi zuen azkeneko aldiz idazkari nagusi karguan. Bere agintaldian, 1991n, su-etena adostu zuen Polisarioak Marokorekin. Baina su-etena sinatu eta 25 urtera autodeterminaziorako erreferendumak gauzatu gabe jarraitzen du. Abdelazizek diplomaziari eman dio beti lehentasuna, nazioartean kausa ezagutzera emanez, eta bere herriaren borroka basamortuko gerratik korridoreen negoziazioetara eraman du; auzia oraindik ere deskolonizazio prozesuan dago nazioarteko zuzenbidearen ikuspuntutik".

2016(e)ko maiatzaren 25(a), asteazkena

Marjane Satrapi-ren "Persepolis": Iran, 1978-1992

Gutxi dugu jada ikasturteari agur esateko. Bi prozesu historiko izango ditugu aztergai hurrengo asteetan, gaurko mundua hobeki ulertu ahal izateko: Iran-go islamiar errepublika eta Saharako Errepublika Demokratikoa.
Gaur Iran-en murgilduko gara Marjane Satrapi iraniarraren eskutik. 2000 eta 2003 bitartean Persepolis eleberri grafikoa sortu zuen. Komiki autobiografiko honetan, Marjanek kontatzen ditu Iran eta Europa artean izandako haurtzaroa eta gaztaroa, tartean Iraniar Iraultza, Iran-Irak gerra edo Lehen Golkoko Gerra moduko gertaera historikoak. 2007an izen bereko filma estreinatu zuten Cannes-ko Zinemaldian, komikian oinarriturik, Vincent Paronnaud eta Marjane Satrapik berak zuzendua.

Iranen, petrolio hobiak atzerriko konpainen esku ziren, eta Muhammad Reza Pahlavi xah zen herrialdearen buru. 1951ean Muhammad Nosaddeqek boteretik kendu zuen xah, eta hainbat neurri ezarri zituen kanpoko potentzien interesen aurka (petrolioaren nazionalizazioa, politika antinperialista...). Horren ondorioz, 1953an Irango xah-k, AEBk lagunduta, estatu kolpe bat antolatu eta poterea berreskuratu zuen.
1970. hamarkadan oposizio zabala hedatu zen xah-ren aurka, baina poliki-poliki islamiar mugimendua hasi zen nagusitzen, 1979an Khomeini aiatola islamiar errepublikako presidente izendatu zuten arte.
Filmak gizarte islamiar fundamentalistara eramanen gaitu. Gertakari horien zergatiak landu ondoren, Al-Qaeda eta ISIS bezalako erakundeak ere aztertuko ditugu.


 

2016(e)ko maiatzaren 24(a), asteartea

Kurdistan: Sykes-Picot hitzarmena, 1916-2016

Kurdistanen iragan aste osoan ekitaldi anitz egin dituzte Sykes-Picot akordioaren mendeurrena oroitzeko. Europako potentziek kurduak estaturik gabe utzi zituzten hitzarmen haren ondoren egindako banaketetan.

Berria, 2016-maiatza-24