2015(e)ko urtarrilaren 30(a), ostirala

Pierre Etxeberriren Egunkaria: Euskaldun bat Lehenengo Mundu Gerran (5)

2015ko abuztuaren 22a

Gaur goizeko bataila oso gogorra izan da, eta gure taldeko laurden bat galdu da. Ni zoritxarrez, galdu den taldearekin noa. Orain kobazulo batean gaude. Gure soldadu asko oso gaizki daude baina eskerrak gurekin sendagile on bat dagoen. Gutxienez hamasei soldaduri besoan, hankan, buruan... zeuzkaten zauriak itxi dizkie.

Beste taldearekin komunikatu gara hemendik nahiko urruti dagoen herriska batera joateko, eta hortxe aurkituko gara. Arazo bakarra da hemendik oso urrun dagoela eta gure soldadu asko ezin direla ibili. Zaldi guztiak jan egin ditugu, hori bai, penaturik oso. Gainera, eremu hauek alemanez josita daude, eta ez dakigu nola joan hartara atentzioa eman gabe.


Ordu asko egon gara pentsatsen eta honako hau da izan dugun ideia onena: zuhaitzen emborrarekin txalupa batzuk egitea, zeren hemendik ibai bat pasatzen den, eta kalkulkatzen dugu ez dela oso urrun egongo herri horretatik. Bihar hasiko gara lanean, gaua berriz kobazulo zikin, hots eta beldurgarri honetan pasako dugu. Baina konbentzituta nago desastre hau pasako dela eta berriz aske izango naizela.

Unai Díez de Ure

2015(e)ko urtarrilaren 29(a), osteguna

Film laburra: "El viaje de Said"

   Egun hauetan Migrazioak gaia lantzen ari gara DBH-3an. 2007an Coke Riobóok zuzendutako lanak Goya saria lortu zuen Animazio film laburrak atalean. Hausnartzeko aukera polita.

Pierre Etxeberriren Egunkaria: Euskaldun bat Lehenengo Mundu Gerran (4)

1915eko abuztuaren 21a.

Atzo gehienok mozkortuta joan ginen ohera. Ez dakit zergatik esaten dut ohera, bat bestearen gainean lo egin dugu eta. Gaur esnatzean bi pertsona oka egin didate gainean, benetan ez da atsegina. Gaur bi pertsona hil dira bonben leherketen ondorioz; bat ez nuen ezagutzen, baina bestea nire gainean lo egin dutenetako bat da. Kontatu didate ezkonduta zegoela eta bere emaztea zortzi hilabetez haurdun dagoela.
10:30etan alemanen aurka joan gara. Bigarren ilaran joatea tokatu zait, baina lehenengo guztiak hil eta haien tokia ordezkatu behar izan dugu; gutxienez, ez naiz denbora asko lehenengoan egon, azkar erretiratu gara.
Zaldia izan dugu afaltzeko, niri tokatu zait barruan bala bat zuen zati erre bat. Bala ez dut ikusi, eta kosk egitean hortz bat apurtu zait.
Lo egitera gindoazenean, alemanek berriro eraso digute; 6 frantses eta 9 aleman hil dira, 15 hildako guztira eta pentsatzen jarri naiz: Zertarako gaude hemen? Frantziaren onerakoa al da? Egia esanda, berdin zait, etxera bueltatzea besterik ez dut nahi, baina seguraski hori ere ezingo dut egin.

Iker Barron

2015(e)ko urtarrilaren 28(a), asteazkena

Pierre Etxeberriren Egunkaria: Euskaldun bat Lehenengo Mundu Gerran (3)

1915eko abuztuaren 20an.

Soldadu ingelesa gasaren aurkako maskara
eta zaldia zapi batekin babesten
Ez dut egun hauetan idatzi, ezin izan dudalako. Pasa den astean, 14an, besoan hartu nuen mina eta obserbazio gelan egon naiz atzo arte. Azkenean ez da ezer ez, baina ahul sentitzen dut. Gaur esnatzean, esan didate ez naizen egon egun hauetan estrategia aldatu dutela. Guztiok multzo sakabanatu batean joan beharrean, hiru ilara luze egin behar ditugula esan digute, astebetez astebete egiten da errotazioa. Lehenengo ilaran daudenak dira batailan gehien parte hartzen dutenak, oso prestatuak izan behar dute. Bigarren ilaran daudenak nolabait errefortzuak dira, lehengo ilaran daudenak laguntzeko, eta azkenik hirugarren ilarakoek ia ez dute batailatzen, aste osoan zehar jasotzen dituzten zauriak sendatzen dizkiete, dutxatzen dira, logela handiagoetan eta garbiagoetan lo egiten dute... Beldurra sentitzen dut. Gaur bigarren ilaran egotea tokatu zait, baina pasa den astean guztia aldatu zutenez, bihartik aurrera lehenengoan egongo naiz. Etorri naizenetik gaur arte ez dut hainbeste beldur pasa, kontuan izanik hau uste nuena baino askoz gogorragoa dela. Sarritan gosez hilko nintzela pentsatu izan dut, pasa den astean bonba bat ni nengoen lekutik bi metrora eztanda egin zuen, eta esan didate alemaniarrek gas kimikoa botatzen dutela, 'gas mostaza', gorputzarekin kontaktua izaten badu, zauri larriak sor ditzake eta askotan hiltzeko arriskuan jartzen zaitu.
Obserbazio logelan nengoen bitartean, lagun bat egin dut, bera hor zegoen batailara ez ateratzeagatik, hobeto esanda, saihesteagatik. Koronelak jo egin zuen eta batailatzera behartu zuen, hanketan min egin zuenez jada ahul sartu zen su zelaian eta besoan tiro bat jaso zuen.
Horretaz guztietaz gain, gaur oso pertsona txarra sentitu naiz, oso eskas gaude janariari begira eta koronelak zaldi bat jatera behartu gaitu, egunean 7.000 zaldi inguru hiltzen direnez, soberan ditugu... Orain afaltzeko koñaka edatera behartzen gaituzte, esaten dutelako gauean beldurra ez sentitzeko modu bakarra mozkortuak egotea dela, ez zait ideia txarra iruditzen, gutxienez nire hemengo lagun gehienak pozik ikusten ditut gauean. Jada 20:30ak dira, eta joan beharra dut, hurrengo arte.

                                                                                                                      Irantzu Barcia.


2015(e)ko urtarrilaren 27(a), asteartea

Pierre Etxeberriren Egunkaria: Euskaldun bat Lehenengo Mundu Gerran (2)

1915eko abuztuaren 2an.

Batzuk azaldu ez badira ere, gizonak oro, 21 eta 48 urte arteko gutiz gehienak eta zenbait gazteago ere bai boluntario aurkeztuak, partitu gara gure etxeetatik trenetan, karrosetan, bizikletan, zaldi-mandoetan, oinez, dilijentziaz, autoz oraino zenbait, partitu gara eta bagoaz herrietarik, Bonazaharretik, Iholditik, Gixunetik, Baigorritik, Bidarraitik, Luhusotik, Garruzetik, Hendaiatik, Itsasutik, Arnegitik, Irisaritik, Kanbotik, bagoaz Baionara, bezperan mobilizazio libretak eskuratu eta. Lau egun barru, gerra frontera abiatuko gara 49. erreximenduaren hiru batailoiak.


1915eko abuztuaren 6an.

Gaur izan dugu abiatzeko eguna. Otoitz hunkigarria finiturik, kapotak soinean ezarri eta zakuak bizkarrean emanik, fusilak zerura zutik, Frantziako banderaren eta Bainoako Infanteriako 49. erreximenduaren estandartearen gibelean. Musikari lotu zaio banda, turuta eta atabalekin errabia gorrian, eta partitu gara soldaduok oinez, Saint Espriteko zubitik beheiti, azken lau egunetan ikasiak agertuz; partitu gara aitzindariak zaldiz aitzinean, ezpatak agerian lurrera begira tinko; partitu gara Iruten ari nuzu kantatuz.
Hiri guzi izan dugu zain. Zenbaiti senideak ere zaizkio herritik joan, partitzera ikustera. Aitzindariek gaztigatuak izan gaituzte, irrintzirik ez egiteko, ez egiteko keinurik nabarmenegi, armada diziplina denez gero, eta serios behar genuenez joan aurrera begira, gorpu bakar bezala. Baina karrikarat jalgi dira emazte, heldu, gizon zenbait eta haurrak, irriz, algaraz, oihuz, eta baziren etxeko leihotik txaloka ari ziren horiek ere, hunkidura ezin atxikiz desfilatu dugu 49. erreximenduko soldaduok. Emakume batzuek ezarri dizkigute arrosak edo lore sorta osoak arma kanoiaren puntan soldadu batzuoi, eta lehertu da karrika: "Berlinera!", "Biba berrogeita bederatzigarrena!".
Soldaduok hegan bezala egin ditugu treneko urratsak, arteka gazte ausart batzuek pausoa hausten dutela emakume gazteen multzoei: "Adio, ederrak" edo hitz eder gordinagoak, emakumeak irriz ezarriz.

1915eko abuztuaren 7an.

Bagoietan bero itoa eta zaldien usaina metatzen doaz. Bi egun oso egingo dugu gisa honetan. Baina etxetik eraman jakiak, arno xahakoak, tabako belarrak eta museko kartak bihotz berritzen gaituzte.

1915eko abuztuaren 8an.

Ailegatu gara. Hartu zakuak bizkarrean, beren kinkaileria guziarekin (platerak, kantinplorak eta gainerateko trasteria guztia, zenbat kilo gizon bakarrarentzat), eta atera gara. Azkar ezarri gaituzte formazioan. Fitsik ere azaldu gabe abiatu gara pauso bakarrean.

1915eko abuztuaren 12n.

Aitzindarien hitzik gabe, nora garamatzaten jakin gabe, egin ditugu lau egun oinez. Bidean galdu dugu lehen kidea, François Latournerie. Bero kolpe batek hila da: jauntzi guziak, berrogei kiloko zakua bizkarrean, fusila, kartutxoak, abuztuko bero astun hau, eta kilometroak eta kilometroak eginarazi dizkigute lau egunez. Txori bezala zorabiatu eta erori da bidean. Itorik. Julien Bizkai eta ondoan negarrez dituen adiskide batzuei gorpua jasotzeko agindu die Leon Iturri kanpitainak zalditik jautsi gabe. Lehen heriotza. Verdunen gara. Fusilak askatu gabe lurrean lo egingo dugula jakinarazi digute. Lehen kanoikadak entzuten dira, beraz, hurbil ditugu alemanak, su zelaiak.

1915eko abuztuaren 13an.

Gaur izan dugu suzko bataioa. Gau guzian begiak sobera itxi gabe, goizeko bederatzietako baionetak fusiletan ezarri eta hiru orduz zain izan gara lubakietan. Eguerditan hasi dira frantses kanoiak orroka. Lubakietatik atera eta aurrera egin dugu, aleman obus batzuk buru gainerat zapartatzen zitzaizkigula. Hor izan dira lehen gorpuak, soldaduak eta zaldi lehertuenak. Aleman metrailetak jo eta su. Gu tiroka fusilekin, baina azkenean atzera egin behar izan. Ehunaka hildako eta buelta gure lubakietara. Ikaragarria izan da.




2015(e)ko urtarrilaren 26(a), astelehena

Pierre Etxeberri-ren Egunkaria: "Euskaldun bat I. Mundu Gerran" (DBH-4 L)

Papera eta boligrafoa lubakian
Frantziako Armadak 1914ko udan gerrara deitu zituen euskal gazteak ere. Hilabete gutxi batzuetako kontua izango zela uste zutenak tronpatuta zeuden, ordura arteko gerra odoltsuena bilakatuko baitzen, 60 milioi pertsonaren mobilizazioarekin eta teknologia militar berrienarekin.
Lehen Mundu Gerrako bataila eta triskantzetan Euskal Herriko 6.000 lagun hil ziren, eta beste milaka batzuk ere lazgarrian hondatu: itsu, maingu, herren, zoro. Belaunaldi oso bat sakrifikatu zen.
Intsumituak ere milaka izan ziren, eta desertoreak ere bai. Horietako bat, Pierre Etxeberri, 1914ko urriaren 21ean fusilatu zuten, etsaiaren aitzinean ihes egitea leporatuz. Izpurakoa zen (Ispoure, Nafarroa Beherea) sortzez, eta Lasan bizi zen, laborari gisa. 1909an hiru hilabetez egin zuen soldaduska, baina Eguberrian etxean iragaiteko baimena eman ziotenenan, ez zen armadara itzuli. Hala ere, gerra hasi baino bi hilabete lehenago, 1914ko ekainaren 4an, armadara itzuli zen. Gerra lehertu zenean, soldadu gisa joan zen.
Hilabete bat baizik ez zeramanean gerran, bonbardaketa latz bat jasan zuten hark eta haren konpainiakoek, Argona eskualdeako Avocourt inguruan. Bonbardaketa irailaren 3an izan zen, 13:00etan. Etxeberri desagertu zen, eta biharamun goizeko 5:00etan joan zen, bere baitarik, dozena bat kilometro hegoalderagoko Parois herrian zegoen infanteria erregimentu batera. Berehala atxilotu zuten, bere postua abandonatu zuelakoan. Azaldu zuen obus bat erori zitzaiela gainera eta bere kide andana bat hilik ikusi zituela bere ondoan. Ondorioz, oihanera joan zen eta han iragan zuen gaua, gorderik. Urriaren 19an epaitu zuten eta hiltzera kondenatu. Bi egunen buruan, urriaren 21ean, fusilatu zuten, Récicourten (handik lau kilometrora), 6:30ean. 25 urte zituen.

Pierre Etxeberriren Egunkaria
Klasean ikusi bezala, hasiera batean, mugimendu gerrako jarraibide militarretara jo zuten armadek. Baina aurreikuspen guztiek kale egin zuten eta, Marneko gudua ondoren (1914ko iraila), berehala fronteak egonkortu eta lubakietan oinarritutako defentsa taktikak nagusitu ziren.
Pierre Etxeberri egoera hori ezagutu ez bazuen ere, hor kokatuko ditugu bere bizipenak: Pierre, beste euskaldun askorekin batera, fronteko lubakietan. Nolako egoera pairatu behar izan zuten? Nolakoa zen egun arrunt bat lubaki horietan? Ze nolako esperientziak bizi behar izan zituen Pierrek?... Zergatik desagertu zen Pierre? Nolakoak izan ziren Pierren azken egunak?
Hurrengo egunetan Pierrek berak kontatuko digu hori guztia, DBH-4 Lko ikasleen eskutik.


2015(e)ko urtarrilaren 25(a), igandea

DBH-4ko azterketak eta Kubrick-en "Senderos de Gloria" ("Paths of Glory")

Larunbat arratsalde osoa lanean, DBH-4ko azterketak zuzentzen, bai, 47 ikasle... eta alaben etengabeko galderak, beti ere lan ordu horiek luzatzen: "Nor da Oier?"... "Eta Iranzu?... "Bikain atera al du?"... "Zer moduz...? Uffa, gu bai txapeldunak, biba aitatxo irakasleok! Eta, gainera, pozik emaitzekin... oro har, jakina! Pozik erritmoa hartu dugulako, gehixeago ezagutzen dugulako elkar, eta gustura, bai, benetan diot. Oroitzen naiz talde horietako baten lehenengo azterketa hartaz, irailean, 28 ikasletik 8 besterik ez zuten gainditu, hura desastrea! Honetan, klase berean 22k gainditu egin dute. Tranparik egin gabe, eh? Mailari eutsiz, hori den/k! Hori bai, guztiok gaindituko dugulako itxaropena galdu gabe, aukerak izango ditugu eta. Beste taldean ere, erritmo ezberdina bada ere, aurreratzen ari gara poliki-poliki. Ea garaiz ailegatzen gara ekainera, hala bedi!

Inperialismoa eta I. Mundu Gerra gaian murgilduta gaude. Honetan, ari gara Alizia Lurralde miresgarrian bezala, atzetik abiatuz. Azken batean, I. Mundu Gerra hura Inperialismoaren ondorioa besterik ez zen izan, iragarritako ondorio zorigaiztokoa.
Stanley Kubrickek zuzendutako Senderos de Gloria (Paths of Glory) izan dugu aztergai, lehenengo 35 minutuak, lubakien gerra irudien bidez ezagutzeko. Militarismoaren aurkako lana dugu Kubrick-en lana. Eta "-ismo" horietan guztietan murgiltzeko proposamena  izan da etxerako lana: Ze nolako baloreak azaltzen dira filmean? Militarismoa, matxismoa, autoritarismoa... Zein eszenetan azaltzen dira?


[Iraupena: 05:16 minutu]