2015(e)ko otsailaren 20(a), ostirala

Ziztadak (3): Izurrite izugarria

   OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, mundu osoko emakumeen heren batek baino gehiago sufritzen ditu sexu erasoak. Ia mila miloi emakume. Zenbait herrialdetan, kopurua %40tik hurbil dago, Afrikan %45,6 izanik. Munduan eraildako emakumeei dagokienez, hamar kasutik lautan, sexu indarkeria dago atzean. Mundua osoan ere, 15 eta 19 urte bitarteko emakume gazteen %29,4k jaso dituzte tratu txarrak, bikotekide edo bikotekide ohien eskutik. Bestalde, hainbat gaixotasun izateko arriskua ere izugarri handitzen da indarkeria pairatu duten emakumeen artean: depresio kasuak, sifilia, gonorrea eta klamidia, besteak beste. Izugarria izurri denbora amaigabe hau!



* Aurreko ziztada:

2015(e)ko otsailaren 16(a), astelehena

Aste zuria... lan astea goxoa

   Aukera polita lan egiten disfrutatzeko, presarik gabe, familiarekin eta lagunekin ere une ederrak uztartzen, auzotik atera gabe, presarik gabe, hain zaila izaten den uztarketa horrekin goxatzen... lan astea ere baden aste zuri honetan. "Migrazioak" (DBH-3) eta "I. Mundu Gerra: Euskaldun bat lubakian" (DBH4) lanak zuzentzen, Bigarren Ebaluazioko azterketak eta hainbat errekuperazio prestatzen, otsailaren 24an izango dugun Bilboko Guggenheim museorako bidaia (DBH-3, Marrazketa Departamentuak antolatua) eta hurrengo gaiak ere bai... Ez dakit torlojuren bat erori zaidan, baina... gozada bat lana eta bestelako kontuak uztartzen ahalbidetzen zaituzten asteak, zuriak, urdinak ala gorriak izan!

"Gelatik ihes egiteko nahia". DBHko ikasgela batean.
Argazkia: Patxi Abasolo

2015(e)ko otsailaren 13(a), ostirala

Pierre Etxeberriren Egunkaria: Euskaldun bat Lehenengo Mundu Gerran (18)

1915eko irailaren 5a.

   Gela nazkagarri honetan segitzen dut. Bost ordu daramat jadanik hemen sartuta, izkina batean eserita, gorputza beldurraz beteta daukat. Nire buruari galdetzen diot: Zer gertatuko zait? Hilko naute? Joko naute? Ez dakit... Seguru daukadan gauza bakarra da hemendik sano ez naizela aterako. Azken finean, delitu bat egin dut, delitu larri bat. Nire buruari bueltaka nago denbora osoan. Baina, zergatik gertatu zait hau niri? Hemen hil beharko dut benetan? Duela hilabete batzuk hau izango zen burutik pasatzen zitzaidan azken gauza, eta hemen nago, nire bizitzarekin zer gertatuko den jakin gabe.
   Itxoitea oso gogorra eta luzea egiten zait. Benetan gaizki pasatzen ari naiz. Ordu erdia pasa da eta pausoak entzun ditut gelaz kanpo. Oso urduri jarri naiz. Segundu gutxi batzuetan izerdiz blaitu naiz eta momentu batean gizon altu bat sartu da gelara, paper bat eskuetan darama. Papera bi eskuekin hartu eta irakurtzen hasi da azentu frantses batekin: "Pierre Etxeberri, traizioaz akusatua. Arratsaldeko 8etan fusilatua izango zara paredoian. Fusilamenduan begiak estaltzea nahi duzu?". Irakurtzeari utzi dion momentuan, begiak itxi eta nire bizitzan izan dudan sentimenturik txarrenak gorputza zeharkatu dit. Nire beldurrak egia bihurtu dira. Hau izango da nire bukaera. Ezin nuen hitzik atera eta buruarekin ezezko mugimendua egin dut. "Ongi da, 7 t'erditan etorriko dira zure bila" esan du gizonak eta gelatik atera da.
   Atea itxi den momentuan amorrua sentitu dut. Errailetan sentitzen nuen gorroto nazkagarri hura. Ordu erdian etorriko ziren nire bila eta ez nuen ulertzen situazio gorrotagarri hau: han hilko nintzen, etxetik ehunka kilometrora, osotara ulertzen ez nuen guda batean, bakarrik. Pentsamendu horrekin, nire herriaren irudia etorri zait pentsamendura. Herriaren kale eta txoko guztiak etorri zaizkit burura, eta horrekin batera, han bizi izan ditudan momentu guztiak. Ezin izan ditut malkoak gorde. Pentsatze hutsarekin nire herria ez nuela inoiz gehiago ikusiko, ez nituela bere kale ederrak inoiz gehiago zeharkatuko, ez nintzela inoiz gehiago bere paisaietaz gozatuko... eta, noski, ez nuen nire lagun eta familiarrekin inoiz gehiago egongo. Ezin dut pentsamendu hori burutik atera. Ez dut inoiz gehiago nire lagunekin denbora gehiago pasako. Ezin izango dut gehiago nire arrebarekin egon, bihotza puskatzen dit hori pentsatzeak. Azken finean, nire arreba zen eta berarekin pasa izan dut nire bizitza guztia. Eta nola ez, nire gurasoen irudia etortzen zait burura. Beraietaz pentsatzean etxeko saloian imaginatzen ditut, afaltzen eta hizketan, ea nolako eguna pasatu duten elkarri galdetzen. Pentsamendu horrek izan da benetan gehiago sufriarazi nauena, zeren, azken finean, momentu latz hauetan nahiko nukeen gauza bakarra betiko lagun eta familiarrekin betiko lekuan egotea izango zen. Hori izango zen eskatuko nukeen gauza bakarra. Ezin nuen pentsatu nola geratuko zen nire familia nire heriotzaren berri izatean. Gainera, nire ama gaixorik egonda, ez dakit ezta birik jarraituko duen.
   Hortzak estu-estutuak neuzkan amorruaren ondorioz baina aurpegian malkoen arrastoak baino ez ziren ikusten. Ez nintzen damutzen egindakoaz, beldurra sentitzeaz, azken finean pertsona bat naiz eta nahi dudana sentitzeko libre nintzen, konturatu nintzen gerran horrek ez zuela balio eta horregatik hilko nintzen: gerra nazkagarri batengatik.
   Minutu gutxi geratuko ziren soldaduak nire bila etortzeko eta momentu batez pentsamendu guzti horiek alde batera utzita, aupegia garbitu, lurretik altxatu naiz eta nire herrian betidanik abestu izan den abesti bat abesten hasi naiz. Ez dakit zergatik, baina, abesten ari nintzen bitartean poztasunez bete naiz eta irribarretsu jarri naiz. Abesten nuen bitartean nire herri osoari nirekin batera abesten imaginatzen nuen. Oso momentu berezia izan da niretzat, guda honetara iritsi nintzenetik izan duden momenturik zoriontsuena izan da, nahiz eta banekien zer espero zitzaidan. Abesteaz amaitu dut eta momentuan hiru gizon sartu dira gelara. Eskuetatik hartu eta gelatik atera naute. Hau izan zen nire bukaera. Historia honen bukaera.

Xabi Urtasun

2015(e)ko otsailaren 11(a), asteazkena

Pierre Etxeberriren Egunkaria: Euskaldun bat Lehenengo Mundu Gerran (17)

1915eko irailaren 4a.

Egun gogorra gaurkoa!. Ez nuen espero gaur gertatu zaidana. Denbora neraman zuloan, eta ez nituen txakurren zaunkak ezta soldadu kideen hotsak entzuten. Gaua iritsi arte itxarotea erabaki nuen leku hurrunago batera joateko. Gaua zen, zulotik ateratzeko ordua, eta horrela izan zen, zulotik atera nintzen eta korriketan hasi nintzen. Hamar minutu korrika neramala, bat-batean txakur bat agertu zen eta zaukaka hasi zen. Nik ez nekien nola lasaitu txakurra zaunka gehiago ez egiteko eta, bat-batean, hogei soldadu gutxi gora bera agertu ziren. Korrika hasi nintzen, eta galduta nituela pentsatzen nuenean, bat-batean,
soldadu bat lurrera bota ninduen, eskuak atzera bota zizkidan eta atxilotuta lubakietara bueltatu behar nuela esan zidan. Leku nazkagarria eta estua den toki  batean sartu naute, gainera ez daukat argi askorik, bakarrik mahai bat norbaitek utzi dituen botilekin eta hildako baten arrastoak daude. Ez dakit asko iraungo dudan hemen, espero dut ezetz. Ez daukat ezer jateko ezta edateko. Kezkatuta nago, ez dakit zer konsekuentzia izango duen egin dudana. Ea zer gertatzen den bihar.

                                                                            Eneko Troya

Pierre Etxeberriren Egunkaria: Euskaldun bat Lehenengo Mundu Gerran (16)

1915eko irailaren 3a

Denok geunden lubakietan erasotzeko momentua ailegatzeko asmoz. Ni oso beldurtuta nengoen, denbora guztian hilko nindutela pentsatzen nuelako, eta hiltzen ez baninduten zauria infektatu eta infekzio horren erruz hilko nintzateke. Orduan denbora luze bat egon nintzen nire logelan noiz ihes egingo nuen pentsatzen. Burutik gauza asko pasatu zitzaidan baino azkenean handik joatea erabaki nuen. Orain neukan zalantza zen handik irtetea nola lortu ahal nuen. Generala nire logelan sartu zen eta arratsaldeko 7tan alemaniarrak erasoko ditugula abisatu ninduen eta galoi bat eman zidan atzokoa egin nuenagatik, galoi polita zen hura. Horrek pixka bat atzera bota ninduen ihes egiterako zeregin horretan, baina ordu bat beranduago nota bat utzi eta korrika hasi nintzen basoko bidean. Gau horretan ez nuen lorik egin, hotzagatik,  bonben eztandengatik eta urduritasunarengatik. Eguzkia ateratzen hasi zen eta txakurren zaunkak eta nire soldadu kideen hotsak entzuten nituen eta momentu horretan jakin nuen idatzi nuen nota irakurri zutela. Gero eta beldur gehiago nuen, basoan barrena abiatu nintzen korrika egiten atzera begiratu gabe. Gutxienez bi kilometro egin nituen eta bat-batean zulo bat ikusi nuen, zuloaren barruan sartu nintzen. Eta ni ez harrapatzeko zuloa kamuflatzea erabaki nuen eta pentsatu nuen, mesedez, ez nazatela harrapatu, ez nazatela harrapatu, behin eta berriz nire buruan esaten.

Eneko Saragueta


2015(e)ko otsailaren 10(a), asteartea

MERKA TRUKE: Mendillorriko Historia Txokoaren ekarpena

Ostiral honetan, 11:15etatik aurrera, Antzira eraikinean izango dugu MERKA TRUKE, Institutuak antolatutako IÑAUTERIEN EGUNAren baitan. Txoko honetatik gure ekarpentxoa bideratu dugu, eta material hau zuen eskura utzi. Bihar utziko ditut gelan lau bonoak.

- Patxi Abasolo, Arrotxapea: Historia, memoria y compromiso (ikusi: http://issuu.com).
- Nafarroa Bizirik, Konkistak, 500 urte: Deuseztatu ezin izan duten oroimena.
- Nafarroa Bizirik, Nafarroaren Konkistaren Musika Bilduma (CD).