2017(e)ko martxoaren 17(a), ostirala

Zer da utopia erromantikoa?

Gozamena atzera begiratu eta esan ahal izatea: ongi izan da, bai, ona astea! Egunero 100 ikaslerekiko elkarbizitza, dozenaka irakaskiderekin ere bai, jakina!, Mintegi bilera, Koordinazio Pedagogikorako Batzordea... arratsaldean ere ikastetxean [etxean egindako lana ez baitago araututa, ejem, ez ordainduta, ez baloratuta...] egin beharrekoa (ebaluazio saioak, Klaustroa...)... beti ere nork soinean daraman motxila ikusezinezko txiki-handi hori bidelagun. Atzera begiratu eta esan: bai, listo!, merezi izan du. Gustura.

Iturria: unibertsitatea.net
Honetan Ruth Iturbiderekin (Iruñea, 1978) utziko zaituztet. NUPeko doktorea eta generoan aditua da. Gaur Berria-ko Nafarroako Hitza gehiagarrian elkarrizketatxo bat egin diote utopia erromantikoari buruz. Guztiok irakurri behar, jakina; hala ere, ezinbesteko neska/emakumea izanez gero. Aste buru on!

[...] Utopia erromantikoa deitu zenion maitasun mota horri.
Bai, fantasia horrek errealitate jakin bat sortu eta eraikitzen du. Errealitate oso negatiboa da bereziki emakumeentzat. Fantasia horretatik ez dugu esnatu nahi. Baina utopia iruzurra da. Maitasun desengainua engainutik ateratzen da; hortaz, positiboa behar luke, baina gehienetan ez da izaten. Gaizki bizi dugu.

Nola eraikitzen da utopia hori?
Utopia erromantikoa estrategia bat da emakumeek, familiarenganako maitasunarengatik, lana uzteko [...]

Esan duzu maitasun erromantikoak mendekotasun emozionalari eta indarkeria matxistari laguntzen diela. Ondorioen jakitun gara?
Utopia erromantiko horren ondorioak ezberdinak dira emakumeen eta gizonen kasuan. Alde batetik, maitasunak emakumeentzat garrantzi handiagoa du oraindik gizonentzat baino. Bizitzaren erdigunean jartzen dugu maitasuna. Zergatik? Maitasun harremanen eta zainketen bidez lortzen dugulako onespena eta aitortza gizartean. Besteak miati ditugu besteek gu maitatzeko. Gizonek, berriz, maitasuna gozatzen eta sufritzen dute, baina ez da batere funtsezkoa haien bizitzan, aitortzeko beste gauza batzuk dituzte: lana, kirola...

[...] Aipatu dituzu egoeren aurrean, zer egin dezakete emakumeek?
Hiru aukera ditugu: dagoenera egokitu, horrek dituen ondorioekin; gizonek duten dinamikara gehitu; edo gure autonomia eta autogestioa lortu, Elena Simonek esaten duen bezala, maitasunak gure bizitza inbaditu gabe. Hori giltzarri da ez soilik genero indarkeriari aurrea hartzeko, baizik eta baita nork bere bizitza edukitzeko ere [...].

2017(e)ko martxoaren 16(a), osteguna

Ander Fuentes, irakasle eta bertsolari

Iturria: bertsozale.eus
Asteburu honetan abiatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalurrekoen fasea, finalean ariko diren zortzi bertsolariak nortzuk diren argitu nahian. Larunbatean (martxoak 18) Beran jokatuko da lehen finalaurrekoa, eta bertan jakinaraziko da finaleko lehen finalista.

Berako Kultur Etxean sei bertsolarik hartuko dute parte: Mendillorriko BHIko ingelesa irakasle Ander Fuentes, Itturri, Julio Soto, Eneko Lazkoz, Iñiko Olaetxea, Kotte Plaza eta Alazne Untxalo.

Finalaurreko bakoitzeko irabazleak finalera pasako dira zuzenean. Gainerakoek, finalaurrekoen fasea bukatu arte itxaron beharko dute, sailkapenaren arabera pasatzen diren edo ez jakiteko. 8 dira finalera sailkatuko diren bertsolariak, oraingo 18etatik.

Zorte on, Ander!


2017(e)ko martxoaren 15(a), asteazkena

Mendillorri BHIko Klaustroa: Murgiltze programarik?

Gaur arrstaldean Klaustroa izan dugu irakasleok. Honako gaiak izan ditugu aztergai: 2. ebaluazioko emaitzak, kanpoko diagnosiak (ejem, badakizue, PISAkeriak), Memoria duten Eskolen Sarea... Ohikoa denez, gehiegi eztabaidatu gabe, ti-ta batean bukatzear geundenez, eskua altxatu egin zait nahi gabe (tira, nahi gabe, nahi gabe...), eta nire istoriotxoa kontatu dut, hau da, D ereduan lan eta bizi den (bai, bizi ere bai, azken batean ikastetxean ematen dugu bizitza erdia, ezta?) irakasle euskaldun baten ezintasuna euskaraz lan eta bizi ahal izateko. Izugarria paradoxa, ezta?

Mintegi bilerak, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak, Pasabideak, Fotokopiak egiteko bulegoa, Klaustroak... gastelania hutsez. D ereduko ikastetxe batean, preso dugu euskara ikasgeleetako hormen artean. Non da murgiltze programa? Ba al da murgiltze programarik? Ba al dugu murgiltze-programetan aritzeraren kontzientziarik? Izan ere, arazoa ez da klaseak euskaraz eman eta kitto, baizik eta ze nolako Bigarren Hizkuntzaren irakaskuntza diseinatu dugun eta zer gertatzen ari den gure geletan.

Eta, horretarako, ezinbesteko dugu D eredua bere ikastetxea izatea. Tira, bada, gaur mahai gainean jarri dugu gaia. Mendillorri BHIn ere eman behar dugu Sarriguren-en emandako urratsa. Onena izanen baita Kalitatezko Euskarazko Irakaskuntza Publiko honentzat, zalantzarik ez. Baietz lortu!

2017(e)ko martxoaren 14(a), asteartea

Ezkabako presondegia: María Pintado Nieto

Hona hemen aurreko astean bisitatu genuen Lurperatutakoa atera dadila! erakusketaren panel bat. Bertan María Pintado Nieto-ren bizipenak azaltzen zaizkigu.



2007. Nire aitaren aztarnak berreskuratzea izango banitu, nire haurtzaroaren garaiko laguneei gustatuko litzaidake erakustea eta esan: "Begira nola nik ere banuen aita".
Izan ere, bere aita atxilotu egin zuten María jaio berria zela, erregistratzera hurbildu zenean. Eta ez zuten inoiz bere berririk izan.



2010eko ekainean, Maríak bere aitaren musukatzearen ametsa lortu zuen, eta bere semearen familiarekin, bere erraina eta bere bilobarekin, hobiaren oinean argazki bat ateratzea. Aitari musua eman eta ondoan gelditu zen inoiz ezin izan zizkion kontuak kontatzen. Oso harnasa sakona hartu zuen, nahiz eta gaixo egon. 2012ko otsailean bera ere joan zitzaigun.

2017(e)ko martxoaren 11(a), larunbata

20. KORRIKA Mendillorri BH Ikastetxean

Badator 20. Korrika, bai, Mendillorrira! Atzo, ostirala, bost irakasle hurbildu ginen horri buruz hitz egitera. Helburua, beti bezala, ikastetxe gisa parte hartzea, gurasook, irakasleok zein ikasleok. Horretarako, irakasleon zein ikasleon ekarpen ekonomikoa bideratuko dugu Gurasoen Elkarteak erosten duen kilometroa finantzatzeko; horretaz gain, hainbat ekimen antolatuko ditugu aste horretarako (apirilak 3-7).
110 irakasle garela aintzat hartuta eta, erdia gutxienez D ereduan, ez dakit nik, agian, ikasleekin egiten dugun bezala, Tutoretza berezia egin beharko irakasleon parte hartzea eta inplikazioa bultzatzeko, ezta? Nola bultzatuko dugu hainbat balore ikasleen artean, gure eguneroko praxiak kontrakoa azaltzen duenean? Enfin, hona hemen hausnarketarako gonbidapentxoa. Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa... KORRIKA!


2017(e)ko martxoaren 10(a), ostirala

Ezkaba mendiko Presondegia memoria-tokia

DBHko 4 I erakusketa gidatuan
Argazkia: Patxi Abasolo
Otsailaren 11n inauguratu zen Elian (Eguesibar) 2015ean aurkitutako hiru fusilatuen oroitzapeneko oroitarria. Horrekin batera, Eguesibarko udaletxean zabaldu egin zen Txinparta eta Aranzadi elkarteek prestatutako Lurperatutakoa atera dadila erakusketa.

Koldo Plá (Txinparta Elkartea)
Argazkia: Patxi Abasolo
Egun hauetan, Mendillorri BHIko 4. DBHko ehun ikasle hurbildu dira memoria toki bihurtu zaigun udalbatza-aretora. Txinpartako Koldo Plá-ren eta Aranzadiko kide baten eskutik, ikasleek aukera polita izan dute Ezkaba mendiko Gotorlekuko historia ezagutzeko. Azalpenei esker, aurpegia jarri ahal izan diegu 1934 eta 1945 urteen arteko garai hartan preso izandako eta izen-abizenak zituzten 6.000 pertsona horiei.


Saio osagarri xume bezain interesgarri hauekin, Mendillorri BHIko ikastetxeak berretsi egin du memoria duen eskola izateko nahia.

2017(e)ko martxoaren 8(a), asteazkena

Emakume Langileen Nazioarteko Eguna

Bai, Emakume Langileen Nazioarteko Eguna ari gara aldarrikatzen 1911 urtetik. Nazio Batuen Erakundeak 1975 urtean onarpen instituzioala eman bazion ere, bidean subjektua aldatu egin zuen, emakume langilearen izaera ezabatuz.

Ongi legoke, bada, memoria duen txoko izan nahi duen honetan, ez ahaztea gaur ere, martxoaren 8an, gogoan baditugula mundu osoko emakume langileak eta egun esperimentatzen eta aldarrikatzen ari garen ahalduntze-prozesua.

Hala bedi!