2015(e)ko ekainaren 25(a), osteguna

"Kalitatezko Hezkuntza Publikoaren alde, LOMCEri planto"

  Bukatu egin da ikasturtea. Aurten ere, Donibane gauean su-metara hurbildu eta jauziak egin ditugu, suak eraman ditzan berekin urtean gertatu zaizkigun gauza txar guztiak eta gure etsaiengandik libra gaitzan.
 To sua,
zaharra eramantzan
eta berria ekartzan!

   Hurrengo goiza, noten banaketa eguna. Hitzak hitz. Ekainaren 16an Ikastetxeko Batzarrak adostu bezala, 60 bat lagunek, ikasle zein irakasle, bat egin genuen aintziran, Jauregia lagun, "Kalitatezko Hezkuntza Publikoaren alde, LOMCEri planto". Ikasturte amaierako argazki polita. Hurrengo ikasturtean amesten dugun Hezkuntza eraikitzen jarraituko dugun seinale xume bezain polita.

Mendillorriko B.H.Institutuko ikasle zein irakasleek egindako agerraldi publikoa
Argazkia: Txarli Martínez.



2015(e)ko ekainaren 19(a), ostirala

Selektibitatea: zenbatekoen dantza

  Bukatu egin da Selektibitatea, Unibertsitatean sartzeko hautoproben deialdia. 2.656 ikasle aurkeztu dira Nafarroa Garaian, horietatik 720 D eredukoak (%27,27). D eredukoen %98,47k gainditu egin du proba (709); A eta G eredukoen %94,27. Horretaz gain, %98,19ko portzentajea gainditu dute D ereduko aurtengo ikasleek.

  Gure ikastetxeari dagokionez, irailean D ereduan matrikulatutako ikasleen %78,3k gainditu dute, herrialdeko bigarren emaitza onena Zizurren atzetik (A eta G erduan, %71k).

  Argi utzita, gure esku izanez gero, Selektibitate zorigaiztoko horri agur esango geniokeela, txalo bero bana D ereduko eragile guztioi, gurasoei, irakasleei zein ikasleei, kalitatezko irakaskuntza publikoaren alde une oro egindako ahalegin itzelagatik. 
  

2015(e)ko ekainaren 17(a), asteazkena

Ikasleok eta irakasleok batera: Batzar irekia

  Atzoko Batzarrean 27 lagun bildu ginen, 13 ikasle eta 14 irakasle. Ordu bat eta erdi eman genuen ikasturteko balorazioa eta aurrera begirako ekarpenak gauzatzen. Oso gustura. Amaitzear dugun ikasturtean egindakoari (eta ez egindakoari, jakina!) errepaso eginda, gai piloa atera ziren Batzarrean, non 12-13 lagunek hitza hartu eta ekarpenak bideratu zituzten. Beraz, parte hartze polita izan genuen:
  • Pentsalaria, Rodin (Iruñeko Gaztelu Plazan)
    Argazkia: Patxi Abasolo
    Ereduen arteko harremanen argilunak.
  • Emakumearen gaia lantzeko beharra eta horren inguruko hainbat hausnarketa: Zer da eraginkorra, espazio arautuetan lan egitea ala gelatik kanpo?... Ikastetxeko Eguna bezalako gunetan lehiaketa mistoak (neskak eta mutilak batera) bultzatzea?...
  • Sexualitatea lantzeko beharra eta horren inguruko hainbat hausnarketa: Zergatik ez Tutoretzako orduetan? Egokia al da Tutoretzarako egindako lanketa?...
  • Burutzen diren ekimen guztiak unean balorazioa burutzeko beharra.
  • Ikasleen eta irakasleen arteko zubien garrantzia.
  • LOMCE: Informazio eza azpimarratu da. Hitza hartutako irakasleak zein ikasleak ados dira lanketa hori soilik ikasleengandik burutu den. Gaia lantzeko beharra: Eskola Kontseiluak aholku-organo bihurtu da, erabakiak hartzeko demokratizazio-bideak, eskola-eragile guztiok batera aritzeko beharra (irakasleak, ikasleak, gurasoak...), eskola inklusiboa, aniztasun-trataera... Ze nolako hezkuntza eredua nahi dugu?...
  • Murrizketek eragindako kaltea eta horren aurrean izandako erantzun epelak...
  Eta aurrera begira, zer? Hurbildu ginenok oso egokia eta interesgarria ikusi genuen irakasleok eta ikasleok batera biltzeko ariketa praktiko hau. Horretaz gain, honako erabaki hauek hartu ziren:

  1. Irailean beste Batzar bat deitzea. Bertaratuko direnen artean baloratuko dute ze nolako urratsak eman: gune iraunkorra sortu, Hezkuntza ereduak aztertzeko lan taldea osatu...
  2. Irakaskuntza Publikoaren alde eta LOMCEren aurka irakasleon zein ikasleon agerraldi publikoa egitea. Notak emateko egunaz baliatuz, ekainaren 24an izango da, 10:30etan, aintzira ondoan.

2015(e)ko ekainaren 16(a), asteartea

Ikastetxean ere... Ados jarrita hobe!

  Azken klase presentzialak izan genituen atzo. Ez zen batere erraza, ez, materia emanda, azterketak eginak..., eutsi egin genion erronkari, ordea, jakina!. Gaur, Batzar irekia izango dugu 11:45ean ikasle zein irakasleok, elkarren ondoan, ikasturte honetan egindakoaren inguruko hausnarketa-balorazioa egiteko. Ea lagun asko animatzen garen. Nola gorpuztu, bestela, haragirik gabeko egitasmoak? 


Berria


2015(e)ko ekainaren 7(a), igandea

Gure testu-liburuak: "LOMCEri EZ", baina...

  
  Atzo Berrian idatzitako iritzi artikuluan, Mikel Txertudi irakasleak gogora ekarri zigun Joan Mari Torrealdaik orain bi urte Jakin aldizkarian (198 zenbakian), euskal libururuen urteko ekoizpenaren azterketa eta balorazioa.

  
"Ikasmaterialen ekoizpenaren %66a espainiar argitaletxeen esku dago, eta hemengo argitaletxe profesionalen lana %29,5 besterik ez da. Ezohiko argazkia, baina ez guztiz berria. Hemengo argitaletxe eta irakaskuntzako elkarteak 80ko hamarkadan hasi ziren hezkuntza proiektuak bertan lantzen, eta lan horretan dihardute gaur egun. Beraz, 35 urte daramatzate proiektu propioak garatzen eta zabaltzen euskal hezkuntzaren unibertsoan. Proiektu propioak garatzen dituztela esaten denean, Euskal Herritik Euskal Herrirako egitasmoak lantzen dituztela esan nahi da.

Espainian hezkuntza proiektuak lantzen ari ziren editorial nagusiak Euskal Herrira hurbildu eta kokatzen hasi ziren izen euskalduna duten filialak sortuz (Anaya-Haritza, Edebé-Giltza, Santillana-Zubia, Everest-Aizkorri, Edelvives-Ibaizabal, SM-Ikasmina). Argitaletxe hauek bi berezitasun dituzte. Batetik, EAEko esparrura zuzentzen dira, eta soilik hezkuntzaren merkatuan egiten dute lana. Une honetan dozena erdi bat hezkuntza proiektu daude espainiar ikuspegiarekin, eta soilik bi beren ikasmaterialak euskal ikuspegiaz lantzen dutenak: Ikaselkar eta Erein.

Hemengo argitaletxeek zailtasun handiak dituzte: espainiar jatorria duten argitaletxeen ondoan, ez dute baldintza berdinetan lehiatzen merkatuan, eta ekonomikoki oso zaila suertatzen zaie kanpoko argitaletxe horien aurka lehiatzea. Hemengo argitaletxeek, kanpokoek ez bezala, proiektua zerotik abiatu eta landu behar dute, eta horretarako lantaldeak eratu eta finantzatu.

[...] Eta zein da egoera gaur egun? Zer diote hezkuntza eragilek? [...] Espainiako Gobernuak bultzatu duen hezkuntza lege atzerakoi honen aurrean, LOMCEri ez leloa nonahi entzun eta irakur daiteke, baina, datorren ikasturteari begira, espainiar estatuko argitaletxe horiek LOMCEren espiritua jasoko dute beren ikasliburuetan, eta Euskal Herrian zabaldu. Bitartean, LOMCEren edukiak jasoko dituzten ikasmaterialen aurrean ez da ahotsik altxatzen, ezta gogoetarik egiten. LOMCEri ez, baina..."



2015(e)ko ekainaren 5(a), ostirala

Hizkuntzen xarma (Zaldi Eroa)


                                                                                                                                                                                        Zaldi Eroa