2019(e)ko maiatzaren 14(a), asteartea

Rosa Luxemburg, "Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti" [I]

Jatorrizko argitalpenean, 1920an Jugend-Internationale argitaletxeak ohartarazi zuen bezala, "Rosa Luxemburg zientzialaria eta borrokalaria soilik ezagutzen duenak ez ditu ezagutzen bere izatearen alderdi guztiak. Bere kartzelako gutunek irudia osatzen dute. Rosa luxemburgen jarraitzaileek eta borrokako kideek bere bihotz nekaezinaren aberastasuna ezagutzeko eskubidea dute".


Wronke, 1917ko maiatzak 2

"[...] Ba al dakizu batzuetan pertsona ez naizenaren sentipena dudala? Emakume irudia hartu duen txori bat ala bestelako abere bat naizela uste dut. Azken finean, lorategi baten txokoan nire etxean nagoela sentitzen dut, hemen bezala edo zelaian belar gainean bezala, erlastarrez inguratuta, gusturago nago naturaz inguratuta alderdiaren kongresu batean baino. Zuri esan diezazuket, zuk ez baituzu hau sozialimoa saltzen dudanaren susmorik izango. Zuk badakizu hala ere nik nire lekuan hiltzearen itxaropena dudala: karriketako borrokan ala espetxean. Baina nire baitan hurbilago nago nire txolarreengandik "burkideengandik" baino. Eta ez da naturan babesa, deskantsua aurkitzen dudalako, euren barrenean huts egin duten hainbeste politikarik bezala. Alderantziz, naturan ere biziki mintzen nauten egoera ankerrak topatzen ditut. Adibidez, oraindik gogoan dudan abentura txiki bat kontatuko dizut. Joan zen udaberrian landatik ibilaldi batetik nentorrela, bide lasai eta bakarti bat jarraitzen ari nintzelarik, lur gaineko orban txiki ilun batek nire arreta erakarri zuen. Makurtu ondoren drama isil baten lekuko izan nintzen. Kakalardo lodi bat bizkar gainean zetzan inurritxo aldra batengatik alde egin nahian, alferrik ahalegintzen zen, inurriek saldoka inguratzen zuten, bizirik irentsi nahi zuten. Lazturaz dardarka nire musuzapia atera ondoren munstro haiek ehizatzen hasi nintzen. Baina borroka luze bat izan nuen inurri haiekin, nekaezinezko gogortasunez eusten baitzuten zomorro gaixoa. Azkenik biktima gizajoa askatu eta belar gainean ipini nuenean jadanik bi hanka janda zituela ohartu nintzen. Alde egin nuen mesede handirik egin ez nion sentimendu mingarriarekin [...]"

Rosa Luxemburg, Kartzelako gutunak Sophie Liebknechi,
Katakrak Liburuak, 2018, 50-51.orr.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina