HISTORIA zein bestelako ISTORIOAK auzokideengana hurbiltzeko HORMARIK GABEKO IKASGELA
2020(e)ko martxoaren 3(a), asteartea
2019(e)ko irailaren 24(a), asteartea
Mendillorri BHIko ikasleen ekarpenak Lur Azpian liburuan
Irailaren 12an Lur
Azpian: Desobiratzeak Nafarroan liburua aurkeztu zen. Lanak
1936ko kolpe militarren ondoren pasatako zortzi hamarkadetan memoria
historikoa errekuperatzeko egindako ekintzak jasotzen ditu. Horien
artean aurreko ikasturtean Mendillorri BHIko ikasleek egindako bisita
Eguesibarko Etxalatzeko hilobira, zein Izaro Caballerok, Irati
Casadok eta Mikel Urdinenek idatzitakoa esperientzia horri buruz.
Aurkezpen ondoren liburu bana jaso zuten.
![]() |
| Izaro eta Irati liburua jasotzen Argazkia: Patxi Abasolo |
![]() |
| Ikasleak "Historia eta Memoria" txokoan argitalpenari begirada bat ematen Argazkia: Patxi Abasolo |
2019(e)ko maiatzaren 17(a), ostirala
Rosa Luxemburg, "Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti" [II]
"[...] Atzo gauean, bederatziak aldera, ikuskizun eder baten lekuko izan nintzen berriro. Eserita nengoen sofatik leihoko beira argitzen zuen isla arrosa bat nabari nuen. Honek txunditu ninduen zerua erabat grisa baitzegoen. Leihorantz korrika egin eta edertasun haren menpe geratu nintzen. Ekialdean, zeru gris berdinduaren gainean hodei arrosa eder neurrigabea nabarmentzen zen, erabat irreala zen, beste leku ezezagunetatik etorritako irribarre bat, agur bat bezala. Nik askatasunaren moduko zerbait sentitu nuen, nahigabe bi eskuek luzatu nituen agerraldi magikorantz. Ez al da ederra bizitza eta ez al du merezi bizirik egoteak horrelako kolore eta irudiak jasotzeko? Ezin nuen nire begirada askatu ikuskizun argitsu hartatik eta argi izpi gorrixka bakoitza irentsi nuen, bat-batean nire jarreraz barre egin nuen. Jauna! Zerua, hodeiak eta munduko edertasuna ez dira Wronken geratuko, nik ez diet agur esango. Ez, luzaro lagunduko naute noan lekura noala, ni bizi naizen arte [...].
Breslau, 1917ko abuztuak 2
"[...] Berehala -gutuna idazteari utzi diot zerua behatzeko- eguzkia gradu bat jaitsi da eraikuntzen atzetik, goialdean hodei txiki pilo bat -Jaungoikoak daki nondik etorriak- isiltasunean elkartu dira. Gris xamur kolorekoak dira, zilar kolorekoak eta distiratsuak dira ilaran, hausten diren irudiekin iparrerantz zuzentzen dira. Arduragabekeria handia dago igarotzen diren hodei hauetan, irribarre axolagabe bat bezalakoak dira, neuk ere ezin izan dut irrabarrea ekidin, inguratzen nauen bizi erritmoarekin bat nator beti. Horrelako zeru baten aurrean nola izan daiteke norbait ankerra edo zitala. Ez ahaztu inoiz zure inguruari begirada bat botatzea, beti aurkituko duzu bihozbera izateko arrazoiren bat [...]".
Breslau, 1917ko abenduaren erdialdean
"[...] Atzo, nire buruarekin mintzatuz zera nioen: ez al da bitxikeria bat alaitasunean murgildurik egotea beti, arrazoi bakar bat izan gabe. Adibidez, lastaira gor-gogor batean nago eztanda, zelda ilun batean, nire inguruan betiko hilobiko isiltasuna dago, hilobi batean banengo bezala da. Presondegi aurrean gau guztia erretzen diharduen lanpararen islak leihotik sartu eta sabaian dantzatzen du. Une batetik bestera, urrunean tren baten burrunba lausoa entzuten da eta leihopean, oso hurbil, zaindariaren eztul txikia, zangoak luzatzeko bere bota astunekin dabilela. Bere boten azpian, etsita kirrikatzen da area, gau beltz hezean irtenbiderik gabeko bizitza baten atsekabea gogorarazten duela dirudi. Hemen nago etzanda, bakarrik, ilun, negu aspergarriaren menpe, hala ere pentsaezinezko poz berezi batek astintzen du nire bihotza, eguzki distiratsuaren pean, zelai loratu batean banenbil bezala. Eta ilunpean bizitzari irribarre egiten diot, hondamendia eta goibeltasuna argitasun eta zorion bihurtzeko sekretu miragarria ezagutuko banu bezala. Beraz poz honen arrazoien bila nabil, ez ditut aurkitu eta ezin dut saihestu nire buruaz barre egitea. Nik uste bizitza bera dela sekretu bakarra, gauaren iluntasun sakona belusa bezain ederra eta leuna dela ongi begiratuta. Eta zaindariaren pauso geldiaren eta astunaren pean sableak kirrinkatzen duenean ere bizitzak kantatzen du, entzuten jakinez gero. Une horietan, zugan pentsatzen dut, asko gustatuko litzaidake, egoera edozein delarik, edertasunera eta zorionera sarbide den giltza magiko hau zuri igortzea, une xarmagarri batean bizitzen utziko lizukeena, kolore aberatsezko zelaian ibiliko bazina bezala. Nik ez dizut aszetismorik aholkatu nahi. Nik poz ukigarri egiazkoak opa dizkizut, baina nik soilik, nire zorion agorrezina adierazi nahi nizun [...]"
Rosa Luxemburg, Kartzelako gutunak Sophie Liebknecheti,
Katakrak Liburuak, 2018, 72,77, 78. orr.
2019(e)ko maiatzaren 14(a), asteartea
Rosa Luxemburg, "Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti" [I]
Jatorrizko argitalpenean, 1920an Jugend-Internationale argitaletxeak ohartarazi zuen bezala, "Rosa Luxemburg zientzialaria eta borrokalaria soilik ezagutzen duenak ez ditu ezagutzen bere izatearen alderdi guztiak. Bere kartzelako gutunek irudia osatzen dute. Rosa luxemburgen jarraitzaileek eta borrokako kideek bere bihotz nekaezinaren aberastasuna ezagutzeko eskubidea dute".
Wronke, 1917ko maiatzak 2
"[...] Ba al dakizu batzuetan pertsona ez naizenaren sentipena dudala? Emakume irudia hartu duen txori bat ala bestelako abere bat naizela uste dut. Azken finean, lorategi baten txokoan nire etxean nagoela sentitzen dut, hemen bezala edo zelaian belar gainean bezala, erlastarrez inguratuta, gusturago nago naturaz inguratuta alderdiaren kongresu batean baino. Zuri esan diezazuket, zuk ez baituzu hau sozialimoa saltzen dudanaren susmorik izango. Zuk badakizu hala ere nik nire lekuan hiltzearen itxaropena dudala: karriketako borrokan ala espetxean. Baina nire baitan hurbilago nago nire txolarreengandik "burkideengandik" baino. Eta ez da naturan babesa, deskantsua aurkitzen dudalako, euren barrenean huts egin duten hainbeste politikarik bezala. Alderantziz, naturan ere biziki mintzen nauten egoera ankerrak topatzen ditut. Adibidez, oraindik gogoan dudan abentura txiki bat kontatuko dizut. Joan zen udaberrian landatik ibilaldi batetik nentorrela, bide lasai eta bakarti bat jarraitzen ari nintzelarik, lur gaineko orban txiki ilun batek nire arreta erakarri zuen. Makurtu ondoren drama isil baten lekuko izan nintzen. Kakalardo lodi bat bizkar gainean zetzan inurritxo aldra batengatik alde egin nahian, alferrik ahalegintzen zen, inurriek saldoka inguratzen zuten, bizirik irentsi nahi zuten. Lazturaz dardarka nire musuzapia atera ondoren munstro haiek ehizatzen hasi nintzen. Baina borroka luze bat izan nuen inurri haiekin, nekaezinezko gogortasunez eusten baitzuten zomorro gaixoa. Azkenik biktima gizajoa askatu eta belar gainean ipini nuenean jadanik bi hanka janda zituela ohartu nintzen. Alde egin nuen mesede handirik egin ez nion sentimendu mingarriarekin [...]"
Rosa Luxemburg, Kartzelako gutunak Sophie Liebknechi,
Katakrak Liburuak, 2018, 50-51.orr.
2019(e)ko maiatzaren 8(a), asteazkena
Iruñea frankismopean [VIII] Lehenengo masa-mobilizazioak
El fracaso de la resistencia militar al franquismo y la aceptación de la dictadura por las democracias parlamentarias occidentales, obligó a la oposición a cambiar de estrategia: abandonar las armas y centrarse en la actividad política-sindical clandestina. En ese contexto se dieron las primeras movilizaciones de masas a principios de los años 50.
Erresistentzia jarrera
![]() |
| Jesús Monzón Repáraz |
Denboraren poderioz, erbestean ziren zuzendaritza politikoen eta barneko kideen arteko distantzia izugarri handitu zen. Aldi berean, kanpoko potentzien laguntzari esker erregimen frankista garaitzeko itxaropena gero eta irrealago bihurtu zen. Eta gainera, Armada frankistak oposizioaren estrategia militarra suntsitu egin zuen erabat. 1949. urtera bitartean, gerrillak 8.289 ekintza burutu zituen espainiar Estatu osoan. Enfrentamendu horren ondorio larrienak, ordea, militante errepublikazaleek pairatu behar izan zituzten: 2.173 hildako, eta 3.387 gerrillari eta 19.444 bitartekari, atxilotuak. Frankisten artean, ekintzek zenbaki hauek eman zituzten: 257 guardia zibil hilda, eta 368 zauriturik; 27 militar hilda eta 39 zauriturik; 12 polizia hilda eta 21 zauriturik; 11 polizia armatu hilda eta 18 zauriturik. Aurrerantzean, soilik gerrilla anarkistak jarraitu zuen, 1963. urtean bere azken gerrillaria erori zen arte.
Estrategia aldaketa
1950. urteko ekainean, AEBen eta SESBren arteko enfrentamenduak sortutako nazioarteko giro berriak Korean izan zuen lehen antzezlana: Guda Hotzaren garaia zen. Garai berean, Francoren diktadurak demokrazia parlamentarioen onespena lortu zuen, eta, hauek, horrela, diktadurak komunismoaren aurka azaltzen zuen jarrera sendoaz baliatu ziren. Ondorioz, eta urte horretan ere, NBEk Espainiaren aurkako neurriak bertan behera utzi zituen, Amerikako Estatu Batuek bultzatuta. 1951. urtean, Frantziako Estatuak Eusko Jaurlaritza Parisko egoitzatik kanporatu eta enbaxadore frankistari eman zion. 1953an, diktadurak Itun bana sinatu zituen Vatikanoarekin eta AEBekin eta, azken honen ondorioz, Nafarroako Bardean militarrentzako tiro-eremua sortu zuen. 1954. urtean, halaber, François Mitterrand barne ministroak Euzkadi Irratia ixteko agindua eman zuen.
Nazioarteko onespenak merkataritza-ateak ireki zizkion erregimen frankistari. Ondorioz, autarkismoa alboratu eta bestelako neurri ekonomikoak hartzen hasi ziren agintariak, liberalizazio-prozesuari hasiera emanez. Industrializazioa helburu, gizarteak aldaketa estrukturalak ezagutu zituen, eta horren ondorioz gizarte-gatazka berriak pizten hasi ziren. Aldaketa horiek, ordea, giro politiko errepresibo berean ematen ziren. Hori dela eta, hasierako aldarrikapen ekonomikoek bat egin zuten gero askatasun politikoen aldarrikapenekin.
Nazioarteko parametro berriek zein esperientzia militarraren porrotek, beraz, estrategia aldatzera behartu zuten oposizio errepublikazalea: armak utzi eta jarduera politiko-sindikal klandestinoan murgildu zen. 1949tik 60ko hamarkada bitartean, oposizio politikoak, barnekoak zein kanpokoak, benetako basamortuko zeharkaldi mingarria bizi behar izan zuen.
Iruñea, 1951ko maiatzaren 8a
1951. urteko martxoan Bartzelonan izandako lehen masa-mobilizarioaren ondoren, apirilean, greba deialdia hedatu zen Bizkaian eta Gipuzkoan, soldaten igoera eta prezioen kontrola aldarrikatzeko. Borroka horien oihartzuna amaitu baino lehen, Gasteizen 15.000 langile atera ziren kalera. Neurri errepresiboen aurka, greba luzatu eta hirugarren egunean greba orokorrerako deia egin zuten, eta borrokaren ondorioz, langile guztiek berreskuratu zuten lanpostua.
Antzeko ezaugarriak izan zituen Iruñean maiatzaren 8an burututako grebak. Bizi-baldintza gogorrak eta soldata eskasak zirela eta, 30.000 langilek erregimenaren aurkako lehenengo protesta handia egin zuten. Diaz Monrealek azaldu digun bezala, maiatzaren 7an arrautzen eta olioaren prezio altua ikusita, 500 emakumek gobernadorearengana jo zuten manifestazioan, kexak azaltzera. Arratsaldean, hainbat lantegitako beharginek lanaldia bertan behera utzi zuten elkartasuna adierazteko. Hurrengo egunean, IMESA enpresako langileak, lanuztea egin ondoren, beste enpresetara joan ziren pikete gisa. Manifestariek Mola jeneralaren alargunarekin egin zuten topo Gazteluko plazan, eta prest omen ziren autoari sua emateko. Greba egunean antolatutako manifestazioa tiroz sakabanatu zuten, eta hurrengo egunean Poliziak lau urteko umetxo bat hil eta lau gazte balaz larriz zauritu zituen. Maiatzaren 10ean, greba amaitu zenean, Lizarrara, Tuterara, Atarrabiara eta Zangozara zabaldu zen gatazka. Gertaerok frankismoaren gizarte-oinarrian gertatzen zen lehen haustura eragin zuten. 23 langilek epaiketa eta zigorrak jaso arren (epaiketa 1958. urtean egin zen), aldarrikapen-taula onartu egin zen (nahiz eta gero ez bete), atxilotuak askatu zituzten eta agintariek ez zuten inor kanporatu. Polizia-etxera eta kartzelara ez ezik, zezen plazara ere eraman zituzten protestaldietan atxilotutako 200 iruindarrak. Aldarrikapen taulak honako lau puntu hauek biltzen zituen: elikagai nahikoak eta prezio egokian; greban parte hartzeagatik zigorrik ez; lanuzteagatik galdutako soldata berreskuratzea; eta atxilotu guztiak askatzea.
PCE protesta giro horretaz baliatzen saiatu bazen ere, argi geratu zen bere ezintasuna, hurrengo mobilizazioetan ikusi zen bezala. 1958ko maiatzaren 5eko Adiskidetze Nazionalaren Egunean zein 1959. urteko ekainaren 18ko Greba Orokor Baketsuan soilik bere inguruko sektoreak mobilizatu ziren. Nafarroa Garaian alderdi ezkertiar tradizionalek oso eragin bazterrekoa zuten. Gainera, artean ez zen aldarrikapen politikoen garaia. Beste hamarkada bat beharko zen.
Testua: Patxi Abasolo López
2019(e)ko martxoaren 24(a), igandea
Iruñea frankismopean [VI]: Iruñeko udala
La nueva Gestora nombrada por el Gobernador Civil vino acompañada de fusilamientos y purgas contra concejales y trabajadoras de la administración municipal. Hubo que esperar hasta los años sesenta para que la aparición de los concejales sociales rompiera con la hegemonía del régimen franquista en el Ayuntamiento de la ciudad.
![]() |
| Eraildako zinegotziei Udalak eskainitako plaka |
Errepresioa jarraian heldu zen; ondorioz, zazpi zinegotzi erail egin zituzten. 2017ko apirilaren 14an Udalak berritu egin zuen eraildako zinegotzi horien omenez 2012an ezarritako plaka; horrela dio hitzez hitz:
“Iruñeko Udalak eta Hiriak eskainia, Espainiako II. Errepublikari leial irauteagatik hil ziren Florencio Alfaro Zabalegui, Gregorio Angulo Martinena, Corpus Dorronsoro Arteta, Victorino García Enciso, José Roa García, Mariano Sáez Morilla, Amadeo Urla Aramburu udal-zinegotziak eta beste udal-langileak oroitu eta omentzeko”.
Lehenengo asteetan izandako errepresioaz gain, Gobernadore Zibilak abuztuaren 21ean zabaldutako dekretuarekin purga edo garbiketa prozesua hasi zen ofizialki instituzioetan. Horren bidez, Oscoz, Alfaro, Donazar, Dorronsoro, Garcia, Larrache, Anso, Goñi, Llamazares eta Garcia Fresca zinegotzi ezkertiarren kargu-uztea dekretatu zuten, baita Demetrio Garraldarena ere, lehen irakasle kanporatua izan zena.
1937ko maiatzaren 18an bigarren purga hasi zen, ikerketa prozesua amaitutzat eman ondoren. 40 langile kanporatu eta 53 zigortu zituzten. Azken hauek ondasunaren laurden bat galdu zuten hiru hilabete eta hiru urte bitartean. Bi funtzionariori derrigorrezko erretiro ezarri zieten. Lanpostuen arabera, udaltzainak izan ziren zigortuenak. Afiliazio politikoari dagokionez, berriz, errepresaliatu gehienak Izquierda Republicanako militanteak izan ziren, eta ondoren sozialistak.
1937ko otsailean osatutako udal batzordean, 18 zinegotzitik 15 karlistak izan ziren. 1944ko apirilean, 14 zinegotzi karlistak eta 4 falangistak osatu zuten udalbatza berria, Jose Garran alkate. Gutxiengo falangista eroso zegoen gobernu postuetan. Karlismoaren baitan, ordea, etengabeko zatiketa gertatu zen. Hasiera batean, bere oinarriei eustearen aldekoen eta frankismoaren aldekoen artean. Geroago, eta gizartean ematen ari zen aldaketarekin bat eginez, diktaduraren hainbat elementurekin kritikoak izatetik askatasun demokratikoak aldarrikatzera iritsi ziren sektoreak agertu ziren eszenatoki politikoan.
Gobernadore Zibilak udalaren izaera bateratzailea zein zentralista bermatzen zuen, eta etengabe zapuztu zuen udal autonomia. 1949ko Toki-erregimenaren Legeak agintzen duen moduan, udalak printzipio organikoen arabera hautatzen ziren: laurden bat familia buruak ziren, beste laurden bat ordezkaritza sindikala, eta gainerakoa erakunde ekonomiko, kultural eta profesionaletako ordezkariekin osatzen zen. Azken bi laurdenak hautatzean Gobernadoreak zuzenean eragiten zuen. Irizpide hauek indarrean iraun zuten 1979ko hauteskundeak iritsi ziren arte.
Zinegotzi sozialak
![]() |
| Erice Cano, eserita bostgarrena. |
Francisco Javier Erice Cano izan zen Gobernadore Zibilak hautatu ez zuen lehenengo alkatea. Diktaduraren azken udalbatza horretan, 1976ko apirilaren 7an, honako zinegotzi hauek izan ziren hautatuak:
Miguel Echaniz Sagues, Auxilio Goñi Donazar, Jesus Maria Velasco Iriarte, Miguel Angel Muez, Jacinto Martinez Alegria eta Juan Manuel Perez Balda familia-buruen taldean; Joaquin Saez Arguiñano, Jesus Maria Ibañez Ardanaz, Tomas Caballero Pastor, Miguel Javier Urmeneta Ajarnaute, Segundo Valimaña Setuain, Jose Maria Etayo Aznar eta Juan Frommknecht Samper ordezkari sindikalen taldean; eta Julio Moran Garces, Javier Rouzaut Garbayo, Leopoldo Abalos Almenara, Javier Arruiz Pagola, Jesus Ignacio Ibañez Uribarri eta Joaquin Arraiza Goñi erakunde ekonomiko, kultural eta profesionaletako ordezkarien taldean.
1977ko urtarilean, Ericek ikurrina ezarri zuen ofizialki Udaletxean, non haizearen eraginez dantza egin zuen harik eta 1981. urtean udalbatzaren erabaki berri batek eraitsi zuen arte.
Testua: Patxi Abasolo López
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)
-
2014an Berria n argitaratu zen Edu Lartzangurenek Extefana Irastorza poetari egindako elkarrizketa. Bertan Extefanak kontatzen digu be...
-
Hurrengo astean Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aztertuko dugu, eta prozesu historiko horrekin amaiera emango diogu ikasturteari...
-
Asteburuero bezala, altxatu eta postontzira joan naiz Berria egunkariaren bila. Honetan euskaldunon egunkariari esker, haurtzarorako bidai ...





