2016(e)ko apirilaren 29(a), ostirala

Iñaki Perurena: "Zer da euskalduna izatea?"

Iñaki Perurena Mendillorri-n
Argazkia: Patxi Abasolo

  Ikasgelatik kanpo eman ditugu gaurko klase guztiak, gozamena! DBHko ikasleak auzoko Civivox-en den erakusketa ikustera eraman ditut.  Memoria historikoaren uran murgiltzeko aukera ederra eman digu Esklabotza frankismoa: Errepideak eta fortifikazioak mendebaldeko Piriniotan erakusketak.
  Batxilergoko ikasleak, ordea, jolasteko aukera izan dute euskal, harria eta herria bezalako kontzeptuekin, beti ere, Iñaki Perurenaren eskutik eta ahotik, sentimenduz eta emozioz jositako lurraldean. Perurenak maitekiro erantzun dio Mendillorriko Institutuak luzatutako galderari: "Zer da euskaldun izatea?".

2016(e)ko apirilaren 25(a), astelehena

Mendillorri BHIkoEUSKARAren ASTEA [apirilak 26-29]

Hona hemen aste honetarako Ikastetxeak prestatutako egitaraua eta 4. DBH-Jko Neri ikasleak egindako kartela:

Apirilak 26
Bertsolaritza saioa (1. Batxilergoa)

Apirilak 28
Kirolarien hitzaldia (3. DBH)

Apirilak 29
Iñaki Perurena-ren hitzaldia  (4. DBH)
Lip-dub grabaketa saioa (2. DBH)

2016(e)ko apirilaren 22(a), ostirala

Unai Iturriaga eta Alez Sanvi, "Udaberririk Ankerrena"

Zergatik testu liburu guztiek sartzen dute pakete berean II. Errepublika eta Gerra Zibila? Ez litzateke egokiena Gerra Zibila Diktadura frankistarekin lotzea? Errepublika-gerra ala Diktadura-gerra? Bai, ez da nahi gabe egindako kontua, oso irakurketa interesatua dago atzean.
Honetan liburu ilustratu bat aurkeztuko dizuet: Udaberririk AnkerrenaDurango 1936 Elkarteak eta Elkar-ek argitaratua. Unai Iturriagak idatzi du gidoia, eta Alex Sanvik marrazkiak egin eta koloreatu du.
1937ko udaberriko lehenengo egunak dira. Mari eta Martin neska-mutikoak, aittitte Eleuteriogaz batera, Durangora bidean doaz tropa faxistak Intxortako frontearen kontrako azkeneko erasoaldiari ekitear direla.
Martxoaren hogeita hamaikagarrenean faxistek errukirik gabe bonbardatuko dituzte Elorrio eta Durango, gure protagonistak sarraskiaren lekuko direla. Berandu gabe, faxistek hankapean hartuko dute Durangaldea, eta euren eskutik etorriko dira mendekua, umiliazioa, erbestaldi luzeak...
Durangok gogoratzen duen udaberririk ankerrena izan zen 1937ko hura. Oraindik eta ankerragoa haur baten begietara.
Badakizue, liburutegietan topatu ezean, hurbildu Historiaren Txoko honetako Komikitekara. Eskatu besterik ez duzue egin behar.



2016(e)ko apirilaren 17(a), igandea

Gerra Hotza: "Eve of destruction" (P. F. Sloan)

Bihar, astelehenean, Gerra Hotza eta bloke politikaren (1945-1991) inguruko azken klasea emango dugu. Aztertuko dugu mendebaldeko Europa ere zalantzak eta disidentzia ezagutu zituela bere baitan. Izan ere, zalantzan jartzen zen AEBen lidergoa eta Ekialdeko blokearekin zegoen konfrontazio giroa. Gertakari historiko horiek landu eta kanta batekin esango diogu agur asteko lehen egunari: Eve of destruction (Suntsiketaren bezpera), 1965ean Sloan estatubatuar kantautoreak idatzitako protesta abestia. Abesti honen bertsiorik ezagunena Barry McGuire estatubatuarrak abestutakoa da (gero letra errefusatu eta aldatu egin zion). Eve of destruction-ek 1960ko hamarkada garaiko gertakizunak hitz apokaliptiko eta ilunez deskribatzen ditu, tartean Vietnamgo gerra bera eta Holokausto nuklearra.

2016(e)ko apirilaren 13(a), asteazkena

Sexismoa eta indarkeria matxista nerabeen artean

"Nerabezaroa garai zurrunbilatsua da. Gazteak helduen munduko kodeak imitatzen hasten dira, haurtzarorako goxotasuna alde batera utzirik". Horrela hasten da gaur Berrian Ane Urrutikoetxeak idatzitako artikulua. Bertan elkarrizketatzen ditu Herrialde Katalanetako Candela elkarteko bi kide, nerabeen artean sexismoa eta indarkeria matxista atzematen eta konponbideak ematen lan egiten dutenak. Hona hemen bi kide horiek egindako baieztapen batzuk:


Argazkia: Jon Urbe, Berria
Miriam Aleman: Zailtasunak dituzten nerabeekin egiten dugu lan, hala eskatzen digutelako; gero eta gatazkatsuagoa izan, orduan eta sarriago eskatzen digute laguntza. Nerabe gatazkatsuaren estereotipoa oso zabalduta dago, baina eskola eta institutu guztietan daude indarkeria eta bullying kasuak. Izugarria da ikasgeletan sumatzen den ondoeza, eta egonezin hori ezkutatu egiten dute ikasle eta irakasleek.

Zer irakasten diezue nerabeei, indarkeria matxista ezagut eta atzeman dezaten?
M. A.: Lehenik eta behin, argi eduki behar dugu nerabezaroa ez dela garai arriskutsua; gazteek ez dituzte asmatzen harremanak: helduen gizartetik ikasitako rolak errepikatzen dituzte, eta, batzuetan, gustatzen ez zaizkigun baina gizartearen parte diren jarrerak bereganatzen dituzte. Jarrera horiek publizitatetik ikasten dituzte, Internetetik, filmetatik, musikaren mundutik... Jarrera horiek aztertzen baditugu, segituan konturatuko gara eredu heteropatriarkala dela nagusi. Hala, gizon fisikoki indartsuak dira mutilen ereduak: zangar itxura dutenak, arrakastaren irudia ordezkatzen dutenak. Aldiz, emakumeen ereduak ez dira emakumeentzat, gizonentzat baizik; hipersexualizatutako ereduak dira gehienetan. Beraz, neskek ez dute eredu garbirik, beren abeslari eta aktore gogokoenak lizunak direla esaten zaielako.


Sara Barrientos:  Informazio falta ikaragarria da. Internet da nerabeen informazio iturri nagusia, eta, askotan, pornoa da sexuaz ikasteko duten iturri bakarra. Filmetan amodio erromantikoa da nagusi, eta errealitatera salto egitean hasten dira arazoak. Gure lan nagusia bestelako informazioa eskaintzea da; beldurrik gabe, gurekin hitz egin eta galde dezatela. Askotan ez dago termino egokirik kezkatzen dituenaz hitz egiteko; nerabeekin batera ikasten dugu, zer kezkatzen dituen banan-banan hausnartuz, formula magikorik erabili gabe.


* Artikulu osoa irakurtzeko: