2016(e)ko urtarrilaren 31(a), igandea

"Sufragistak" filma: E. Pankhurst, Emily Davison...

Gustuko al dituzu zinemagintza, historia eta emakume gaia? Nahi al duzu Batxilergoko ikasgelako giroan murgildu? Eta, horrekin batera, seme-alabarekin ordu pare bat konpartitu? Ez pentsatu bi aldiz, gonbidatu seme-alaba zinemara joatera eta egin jauzia XX. mende hasierara, emakumearen boto-eskubidearen aldeko borrokan eragile nagusia izan zen mugimendu sufragistaren garaira.
Emmeline Pankhurst

1903an, emakumearen sufragioaren aldeko kanpaina indarberritu zen Emakumeen Gizarte eta Politika Batasuna taldea sortzearen bidez, Emmeline Pankhurst eta haren alabek sustatuta. Hainbestetan ezezkoa jaso ondoren, zuzeneko borrokari ekin zioten: horrela, ministroen hitzaldiak eragotzi zituzten eta alderdi liberalaren bileretan agertu ziren, eskariak aurkezteko. Betiko propaganda-bideez gain (mitinez eta manifestazioez gain, esaterako), bestelakoak ere erabili zituzten: adibidez, sabotajea, dendak eta establezimendu publikoak erretzea, eta politikari eta parlamentuko kide nabarmenen etxeei eraso egitea.

"Bost axola digute zuen legeek, jaunok; guk gauza horien guztien gainean emakumearen askatasuna eta duintasuna jartzen ditugu, eta gerra horretan jarraituko dugu iraganean egin bezalaxe. Ez gara izango, ordea, sakrifikatuko dugun ondarearen erantzuleak, ezta ondareak izango duen kaltearen erantzuleak ere, gobernua baizik; gobernuak dio gure eskaerak bidezkoak direla, baina ez ditu bete nahi" (Emmeline Pankhurst).



2016(e)ko urtarrilaren 30(a), larunbata

Siriako bake elkarrizketak eta kurduak

 Siriako bake elkarrizketak hasi dira Genevan hirugarren aldiz. Honetan, berriro ere, gaurko Berriak azaldu bezala, kurduen ordezkaritza da hutsune nabarmena eta handiena. Turkiak ez du nahi kurduei ordezkaritza propio bat onartzea, eta konferentziaren antolatzaileek men egin diote. AEBen jarrera paradoxikoa da: Turkiarekin aliantza mantentzeko ez die legitimitate politikorik onartzen kurduen erakundeei, baina militarki laguntzen ditu, EIren aurka indar eraginkorrena direlako. De factoko autonomia bat eratu dute negoziazioen bidez. Turkiak ez du halako egiturarik onartu nahi, bere menpeko Kurdistanen eredu bilaka litekeelako, eta Ankarak uste duelako horrek arriskuan paratuko lukeela Turkiako Errepublikaren batasuna eta izaera unitarioa. 

http://www.berria.eus




2016(e)ko urtarrilaren 27(a), asteazkena

ENNECO: Nafar historia berreskuratzeko egitasmoa

Hona hemen Nafar Telebistak prestatutako saioa:


Eta honetan, egun berean, Onda Vascan izandako elkarrizketa:
 

Ejem, 60 metro karratu esan badut ere, benetan 60.000 metro karratu dira, zuzenean aritzearen kontuak.



2016(e)ko urtarrilaren 24(a), igandea

Jerez de los Caballeros, Badajoz-eko "Germinal"

Irunek egindako lana
  Zoramena baieztatzea ikasleek disfrutatu egin dutela lantxoren bat egiten; bai, batek baino gehiagok, jakina! Are gehiago etxerako proposamenak etxeko belaunaldien arteko transmisioa gauzatzen laguntzen badu.
  Hona hemen ikasle batek balorazio pertsonala atalean kontatutakoa:
"Honi buruz ari garela nire aitonarekin komentatu nuen, eta interesagarria iruditu zitzaidan kontatu zidana. Bera Badajoz-en bizi izan da txikitan eta Jerez de los Caballeros herrian kokatzen zen burdinezko meategi batean lan egiten zuen bere osaba Josék. José arduradun nagusia zen eta instalazioak ondo zeudela ziurtatzera joan zen. Barruan zegoela bere hiru laguntzaileekin, sabaia behera joan zen eta hil ziren. Nire aitonak 16 urte zituen hori bere osabari gertatu zitzaionean, hau da, 1956an gertatu zen.
Pelikula hau gomendatuko nuke, bai, eta nire aitonarekin egun batean seguru nago ikusten bukatuko naizela.

2016(e)ko urtarrilaren 21(a), osteguna

Ganix Iribarren, euskaldun bat Lehenengo Mundu Gerran

 2014an Berrian argitaratu zen Edu Lartzangurenek Extefana Irastorza poetari egindako elkarrizketa. Bertan Extefanak kontatzen digu bere aita Ganix Iribarren desertorearen esperientzia, Extefana umetxo euskaldunak eskolan jasandako jazarpena eta beste kontu batzuk, non akulturazioa eta prozesu horri aurre egiteko gakoak azaltzen diren.

«Hemen ez didate sekula esan 'desertorearen alaba zara', baina...»


XX. mendearen laburpena dirudi Extefana Irastorza hendaiarraren bizitzak: Lehenengo Mundu Gerraren ondorioz, Gipuzkoan jaio zen; Hitlerren bisita gogoan du, eta euskal nortasuna berreskuratu zuen.

Argazkia: Bob Edme
«H
au da aita, 1914ko gerlan. Gizon ederra, ezta?», dio Extefana Irastorzak (jaiotzez, Iribarren), Hendaiako (Lapurdi) Xabola etxekoandreak. Molinaon jaio zen (Donostia; garai hartan, Altza), 1925ean, eta XX. mendeko gerren arrasto bizia du oroimenean. Baserritar familiakoa izanik, Pasaiako badiaren bazterrean jaio zen, aitak Lehen Mundu Gerrako lubakietatik ihes egin zuelako.

Nola eta zergatik egin zen desertore zure aita, Ganix Iribarren?
Belgikako frontean egon zen aita, eta Craonneko eta La Marneko batailetan hartu zuen parte. Desmasia, miseria gogorra ikusi zituen han, hilzorian zirenak lurrean utzita eta beraiek gainetik pasatzen... Lubakietan gauean hotz zelako elkarren gainean egiten zuten lo, eta, goizaldean, izotzak elkarri lotuta esnatzen ziren. Aitari ez zioten baimenik ematen etxera etortzeko, mugatik hurbil zegoelako. Baina nire ahizpa zaharrena jaio zenean, utzi egin zioten. Hemen hamabost egun pasatu eta gibelera joan behar zuenean, beste aldera pasatu zen.

Beste asko bezala, ezta?
Bai. Aitak bazituen 29 urte. Ezkondu berria zen. Amak puska egin zion biderako eta botila batzuk ardo ona lagunekin edateko, biharamunean partitzeko. Baina azken mementoan aita zaharrak esan zion: «Zertarako joan behar duk hara, heure burua eta besteak hiltzera? Nik pasatuko haut beste aldera mendiz». Izeba bat zuen Altzan [Donostia], baserri batekin. Hark eman zion lana eta aterpea. Han pasatu zituen hamabi urte. Bere aitak eman zion ideia, beraz, baina baita nire amak ere bai. Sei hilabete ezkonduak zeramatzaten gerra hastean, eta amarentzat ere gogorra zen.

Ezin elkarrekin egon, halere.
Aita frontean agertu ez zenean, amak egun guztiz jendarmeak zituen etxean. «Nik ez dakit; partitu egin zen», esaten zien. Halere, hamabi urte gutxi da. Hendaiako alkateak abokatu on bat eman zion, eta hark salbatu zuen. 1929an etorri ginen, baina aurretik gerra kontseilua egin zioten, epaimahai militar baten aurrean. Gaiztagin handi bat bezala tratatu zuten, bi eskuak lotuak, bi soldadu armatu aldamenean. Interprete bat zuen, aitak ez zekielako frantsesez. Umiliazio handia izan zen. Gerran bezainbat sufritu zuen epaiketan. Berehala harrapatuz gero, heriotza zigorra ezarriko zioten. Baina bizia salbatu zuen, eta zigorra ez zuen oso gogorra izan, ez zuelako aurrekaririk. Sei hilabeteko espetxealdia ezarri zioten, baina kartzelara joateko beharrik gabe. Lanari esker ahaztu zuen hura, baina zahartu zelarik, negar batekin gogoratzen zuen gerra kontseilua.

Frantsesik ez jakiteagatik arazoak izan zituen frontean?
Euskaldun asko ziren han, eta haien lotinanta Donibane Garazikoa. Behin soldadu batek desobeditu zuen, ez zuen erasoa jo edo. Lotinantak hura preso hartu zuen, eta aitari esan zion zelatatzeko, ihes egin ez zezan. Hirurak —lotinanta, presoa eta zaindaria— euskaldunak ziren. Izugarria izan zen gerla hura. Nola egin daiteke halako gerla bat gizonen artean?

Orduko gerra giro eta propaganda zela eta, senideen kontrako jarrerarik sumatu zenuten aita desertorea zelako?
Bai. Desertoreei bazieten halako mespretxu bat; kuraia falta-edo leporatzen zieten. Lau urterekin etorri nintzen, eta hemen ez didate sekula esan «desertorearen alaba zara zu», baina... bai «non zara zu sortua? Hendaian?». Nik beti esaten nien: «Euskal Herrian sortua naiz». Aitak berak sufritu zuen desertore egin izana. «Ez dakit berriz egingo nukeen gauza bera», esaten zuen. Ezagun batzuek —auzokoek eta baita senide urrun batzuek ere— esaten baitzuten: «Erraza da bere burua horrela salbatzea». Bozak zirenean, botatzen zioten: «Orain boza eman beharko diezu lagundu zaituztenei». Halakoak.

Amarentzat ere gogorra izan zen Hendaian egotea, senarra mugaz bestalde zela?
Bi urte eta erdi egon zen hemen aita han zegoelarik. Sei hilabete bakarrik egon ziren ezkonduta. Igande arratsaldetan ikusten zuten elkar, Bidasoaren alde banatik. Desertorearen andrea ezin zen hara pasatu; preso bizi zen. Bi urte pasatuta, aitak esan zion apartamentua egina zuela baserrian eta, hemengo beste desertore batek —Domingo Ezpeletak— lagunduta, elektrizitatea jarria zuela. Pasatzeko eskatu zion amari. Hura 1918ko apirilaren 15ean pasatu zen, bi urte eta erdiko haur bat altzoan. Gaueko lauretan, artzain batek pasatu zituen Berara (Nafarroa), bazekielako guardia noiz erretiratzen zen. Harrapatuz gero, preso sartuko zuten. Elurra eta kazkabarra izan zituen gauean. Ama ez zen emazte ausarta edo indartsua, baina beti esaten zuen: «Inoiz ez nukeen pentsatuko halakorik egingo nukeenik, baina beharra etortzen denean, orduan egiten da».
Hendaiara itzulita, eskolan ordaindu zenuen euskalduntasuna?
Eskolan asko sufritu dugu. Hendaian ibili nintzen ni, etxetik urrun, 5-6 kilometrora. Tranbian joan behar, egun guztirako. Hemen bagenuen eskola, auzoan; nire bi haurrak horra joan dira. Baina amak kalean nahi zuen, gu gero katiximara joateko. Ez zen hautu ona izan. Gure hizkuntza euskara zen. Han frantsesa ikasi behar zen; ez zen hitz bat esaten ahal euskaraz. Idazlan bat egin behar nuen behin zakur baten ingurukoa, eta hitz bat falta nuen: ez nekien nola esan frantsesez. Aldamenekoari galdetu nion: «Nola esaten da hau frantsesez?». Irakasleak belauniko jarri ninduen euskarazko hitz bat egiteagatik.

Aitak gerratik ihes, eta alaba gazteok behin gerra etxera eraman zenioten. Obus bat, nolatan?
Bigarren Mundu Gerran, alemanak tiro ariketak egiten ibiltzen ziren hemen. Baina udaberria zen, eta larreko belar puntak... Jendea ez zen aberats bizi orduan: zuhurki bizi ziren. Orain ni aberats sentitzen naiz orduko aldean. Behiak etxe aurreko beheko zokoan zaintzen ari ginen. Larre kasko batera igo ginen ahizpa eta biok, kanoikadak ikustera, eta halako batean bum fiuuuuu zuuuuup! «Hara, zeozer erori da hemen». Gaztetasuna zer den! Zulotik atera genuen obusa. Lehertu gabe zegoen. Polita zen. Aitak sekulakoak esan zizkigun.Ez dakit zer egin zuen obusarekin, baina badira hemen auzoan minekin leherturiko behiak, eta, itsaso aldean, bi haurren aita bat, arbia ateratzen.

Hitler bera ere lotan izan zenuten etxetik gertu. Non, zehazki?
Francorekin hitz egitera etorri zenean hor pasatu zuen gau guztia, bere trenean, tunelaren barruan, sabotajeen beldur, gure baserritik metro gutxira. Tunel horretan eskulturak eta artelanak ezkutatuta eduki zituzten alemanek.

Behin esan zenuen euskararen balioaz alabari esker ohartu zinela. Nola izan zen?
Oraindik badaude Donibane Lohizunen eta, gehiago, Ziburu aldean, euskaraz mintzatu nahi ez duten euskaldunak, euskara baserritarren mintzaira, arrantzaleena eta jende txikiarena delakoan. Alaba irakaslea zen, eta behin telefonoz deitu zidan: «Ama, baduzu aulki bat?», esan zidan, esertzeko. «Euskara irakatsiko dut eskolan». Orduan sentitu nuen neure baitan... «Ni eskolan zigortu euskararengatik eta, orain, zu, nire alaba, irakatsi behar duzu?». Ordura arte lotsa sentiarazten ziguten, besteak baino gutxiago ginelakoan. Txikitan eskolan zenbait lagunek ez zuten gurekin jolastu nahi, baserrikoak ginelako, agian ez geundelako besteak bezain ongi jantzita, beste mintzaira bat genuelako... Haur batek sufritu egiten du hori. Alabarekin berreskuratu nuen neure nortasuna. «Ikusten», esan nion neure buruari, «ni ere banintzen norbait neure euskararekin eskolan».

Lotsa sentitzeari utzi eta euskaraz idazten hasi zinen. Nola?
Senarra galdu nuelarik, egunak luze. Alabak beti baratzean ikusten ninduen, eta «irakur ezazu pixka bat», esaten zidan, baina irakurtzeak nekatzen ninduela esaten nion. «Kantuen aireak badakizkizu, egin itzazu bertsoak zortziko txikian». Eskolan egiten zituen berak haurrekin, eta teknika erakutsi zidan. «Baina nik ez dut inoiz egin bertsorik; ezingo nituzke egin». Etxera heldu nintzenean, txantxangorri bat pausatu zen sukaldeko leihoaren gainean. Gauza arraroa! Han hasi nintzen, zazpi zango, eta sei zango zenbatzen: «Txantxangorri polita/ agertzen zelarik». Badut lerro bat! Lau egin nituen, eta horra neure lehen bertsoa.

Eta poesia?
Kantuaren Eguna zen, eta Auxtin Zamora han zen bere liburuekin. «Ez duzu ezagutzen poesia idazten duen gazterik?», galdetu zidan. «Gazterik ez, baina neroni saiatuko naiz egiten», erantzun nion. Banituela eginak bi edo hiru poesia kaskar, neure ahalmenaren araberakoak. Senpereko Hatsaren Poesia egunetara joan izan naiz, eta idatzi nituen gauza batzuk han ezagututakoak agurtzeko, tartean Joxean Artze eta Altzako Joan Mari eta Imanol Irigoien anaiak. Nire Lore bakartia poema ezkontza zeremonietan erabili dute Hendaiako udaletxean. «Ongi estimatzen dute ezkontideek», esan zidan Mikel Berra alkateorde zenak. Ni kontent.

Zergatik utzi diozu idazteari azkenean? 
Ez dut dagoeneko gogorik idazteko, baina lanean ari naiz inguruko laborari etxeen izenak berreskuratzen.

Asko aldatu da Euskal Herria zure bizialdian. Elkartasuna asko galdu dela esan ohi duzu. 
Elkartasuna galdu da, eta ohiturak. San Joan sua faltan dut, hemen ez baita egiten, eta inauterietako maskara txikiak ate-joka joatea arrautza eta xingarra biltzen. Bai. Jende asko etorri da kanpotik. Hor beherago bazegoen errota zahar bat, nire aitak ibili zuena. Zortzi etxe egin dituzte hor inguruan, eta ibaia handi datorrenean, urak hartuko ditu. Auzoa ere asko aldatu da. Nik kalean jendea agurtzea maite dut, baina, horretan, paristar hauek ez dute bederatzi balio.

Mendillorriko KAUTEROAK (2016-urtarrila-30)


2016(e)ko urtarrilaren 17(a), igandea

Clara Fernández-Ladreda (zuz.), "El arte gótico en Navarra", Nafarroako Gobernua, 2016.

Kalean dugu gure Txarliren beste lan erraldoi bat, El arte gótico en Navarra. Ez dakit azaldu behar den Txarli nor den; tira, bada!, badaezpada. Carlos J. Martínez Álava historialari, doktore eta, hau garrantzitsuena, Mendillorriko Bigarren Hezkuntzako Institutuko irakaslea. Aurretik honako argitalpen hauek gauzatu zituen: "Del románico al gótico en la arquitectura de Navarra", hainbat monografia, "El Arte Románico en Navarra", eta parte hartu du "Enciclopedia del Románico en Navarra" zein "Enciclopedia del Románico en Zaragoza" proiektuetan. Urtero gidatzen ditu, departamentuko beste irakasleekin batera, Iruñeko Katedralerako bisitak, ikastetxeko DBHko ikasleei zuzenduak, hori luxua!

Clara Fernández-Ladredak zuzendu du lan mardul hau, eta Txarli-rekin batera Javier Martínez de Aguirrek eta Mari Carmen Lacarra Ducayk hartu dute parte. 669 orrialde, 1.000 ale, eta 38 euro. Nafarroako gotikoa gustuko izanez gero, hona hemen dirua fundamentuz gastatzeko aukera polita.

Liburuak lau ataletan dago egituratuta:

- Gotiko klasikoa (1200-1276).
- Gotiko distiratsua (1276-1387)
- Nazioarteko estiloa eta Borgoinako eragina (1387-1441).
- Gotiko berantiarra (1441-1512).

1512an agur nafar gotikoari, agur gotikoari eta agur Nafarroari. Gaztelak bideratutako konkistak eta horrekin abiatutako akulturazio prozesu latzak Nafarroa subjektu politikoa ez izatera eraman[go] dute. Hobeto galdera ikurra jartzen badugu, ezta? Badaezpada.


* Informazio gehiago:

2016(e)ko urtarrilaren 15(a), ostirala

MENDILLORRIko AUZINE: "La doctrina del Shock"

Hona hemen aukera paregabea burua astintzeko: Mendillorri Bizitzen-ek eta Auzo Elkarteak antolatutako dokumental-emanaldia. Tudelilla-n izanen da, asteartean, urtarrilaren 26an, 19:30etan.


2016(e)ko urtarrilaren 13(a), asteazkena

Adolf Hitlerren "Mein Kampf" berrargitaratu dute

Alexander Heinl, Efe
  Hirurogeita hamar urteren ostean, Adof Hitlerrek idatzitako Mein Kampf (Nire borroka) salgai dago berriz ere liburu dendetan. Oraingoan edizio kritikoa da, Municheko Egungo Historia Institutuak hainbat hamarkadatan landu duena. Edizio berriak oinaldeko 3.500 ohar baino gehiago ditu, eta puntuz puntu egiten die aurre Alemaniako fuhrer-aren pentsamenduari.
  Ikusten badugu garai hartan zenbat ale saldu ziren, sinestezina egiten zaigu gerra ondoren alemaniar askok esandakoa, hau da, ez zekitela naziek zer egiten zuten. Ludger Mees historialariak gaur Berriak egindako elkarrizketan azaldu bezala, "Erregimen nazionalsozialistaren garaian liburu hori oparitu egiten zuten ezkontzetan; ohikoa zen bikoteari oparitzea, eta hainbat ospakizunetan ere opari gisa ematen zen. Hamabi miloiko argitaraldia izan zuen. [...] Bigarren Mundu Gerra eta holokaustoa amaitu ondoren, Alemaniako gizartean argudio edo aitzakia bat zabaldu zen. Hura guztia nola gertatu ahal izan zen galdetuta, sarri askotan erantzun bera ematen zen: "Guk ez genekien holokaustoan zer gertatu zen; horren berri gerora jakin genuen". "Ez genekien Auschwitz zer zen". Jende arruntak ezjakintasuna erabil zuen aitzakiatzat, bai eta garai hartako intelektual askok ere. Baina Mein Kampf irakurtzen baduzu, han dago zehatz-mehatz idatzita gero berak [Hitlerrek] egingo zuena. Iragarrita zegoen, paper gainean, zer asmo zituen juduekiko. Gerora egingo zuten guztia idatzita zegoen hamar urte lehenago liburuan". Zinez, belaunaldi berriek ez lukete gertatu zena ahaztu beharko.