2016(e)ko abenduaren 19(a), astelehena

"Zazpi etxe Frantzian" liburua, Belgikako Kongoa

Argazkia: Alice Harris
https://commons.wikimedia.org
  Inperialismoa gaia aztertu dugu azken bi aste hauetan. Orain, ikasleen txanda izanen da Bernardo Atxagaren Zazpi etxe Frantzian liburua landu behar baitute. Historia eta Euskara mintegien arteko lana izan da, liburu bakarra, bi lanketa berezitu, hizkuntz ikuspuntu batetik, irakurketa historikoa bestetik, ea ikasleek onura ateratzen dioten, seguru.

  Liburua XX. mendeko lehenengo urteetan dago kokatuta, Belgikako Kongoan. Leopoldo II.ak lurralde hori neurririk gabe ustiatu zuen eta bertakoak esklabo gisa erabili. Horretarako sortu zuen Force Publique armada pribatua, hilketa (5-10 milioi pertsona), bahiketa eta torturaz baliatu zena.

   Argazkian ikus ditzakegu bertakoek pairatu behar zuten zigor ohikoena: esku bat moztea, agindutako ekoizpen kopurua lortu ez izanagatik, esaterako.



  Hona hemen 8 minutuko dokumentala, non primeran ikusten den nolakoa izan zen esperientzia kolonial hura:

2016(e)ko abenduaren 7(a), asteazkena

Zer dela eta arrazakerian oinarritutako gorrotoa?

Europa nagusi zenekoa (1870-1914). Hauxe dugu 2. Ebaluazioko lehenengo gaia Batxilergoko 2. mailan. Inperio kolonialen sorrera, antolaketa eta ondorioak. Liburua erabiltzen ari gara oinarrizko kontzeptuak lantzeko; horretaz gain, hala ere, hainbat film eta dokumentalen zati eta liburu bat (Bernardo Atxaga-ren Zazpi etxe Frantzian) landuko ditugu. Ez da gutxi, ezta? Gaur 1998an Jin Xie txinatarrak zuzendutako Yapian Zhanzheng (Opioaren Gerra) filmaren bi zatik ederki erakutsi digute britainiarrek nola lortu zuten Txinan merkataritzagune batzuk ezartzea, Hong Kong, hain zuzen ere.
Darwinismo soziala, akulturazioa, gar nazionalista, ikuskera arrazista... izan ditugu ardatz azken egun hauetan. Tamalez, XIX. mendeko balore horiek indarrean diraute gaur egun. Zer dela eta arrazakeria? Zer dela eta arrazakerian oinarritutako gorrotoa? Hona hemen minutu bateko erantzun borobila:

2016(e)ko abenduaren 6(a), asteartea

"Germinal" filma

 Germinal eleberria 1885ean argitaratu bazen ere, Zolak 1866an kokatu zuen istorioa. Étienne Lantier gazte langabetua Montsouko meategira ailegatu da. Bertan, Maheutar familiaren eskutik, langileen bizimodu gogorra ezagutu eta sufrituko du lehenengo pertsonan: lan eta bizi baldintzak, Konpainiak ezarritako gehiegikeriak eta langileek abiatutako borroka tresna nagusia: Greba.
   Bitarteko polita dugu Industria Iraultzak sortutako gizarte berria eta langile mugimendua ezagutzeko. Hemen duzue filma etxean goxo-goxo ikusi eta klasean egindakoa borobiltzeko.

2016(e)ko abenduaren 1(a), osteguna

Dinbili, danba!... Forjarien kanta

 Lana suposatzen du ikasteak, lana, ahalegina, logikoa denez, honetan ez dago makiltxo magikorik. Badira, hala ere, mila bitarteko ahalegin hori zama ez bihurtzeaz gain, atsegina izatea ahalbidetzen dutena. Horrela hasi dugu Industrializazioa eta Langile Mugimendua gaia: Oskorri musika taldeko Forjarien Kanta aztertzen.

                                 Dinbili, danba! gaua eta goiza
                                 su eta keen artean
                                 sosegu eta deskantsu gabe
                                 geure buruen  kaltean,
                                 horrexegatik lanak utzirik
                                 gatoz guztiok batean.

Ez zuten bizimodu polita, ez, forjariek beraiek gogorarazten diguten bezala:

                                Hiru babarrun jateagatik
                                horrenbeste neke, pena,
                                erdi ustelik aurkitzen dute
                                forjariaren barrena

                               Oso goizetik lanean hasi
                               su eta keen artean,
                               dinbili, danba! gelditu gabe
                               guztiz ilundu artean,
                               arropa denak puskatzen eta
                               osasunaren kaletan.

Lan eta bizi baldintza gogorrak, klase konzientzia, konpromisoa, borroka kutxa... greba, hona hemen egun hauetan ikasten ari garen kontzeptuak. Langile mugimenduko kide konzienteak izanik, gure forjariek ez zuten atzera egin:

                                                Gora bai gora beti, gora forjaria!
                                                langile trebe zintzo da mailukaria
                                                lurpera, bai lurpera beti nagusia!
                                                ez digute egingo nahi duten guztia.
                                                Ez badigu ematen arrazoia guri,
                                                ez badigu ematen behar legez ongi
                                                su emango diogu geure fabrikari
                                                eta nagusiaren etxe guztiari.

Hemendik txalo bat lotsa gainditu eta abesten ausartu diren DBH-4Iko horiei. Animatu ez diren horiek, baietz orain abestu! Egin klik eta emaion/kdinbili, danba!:

Forjarien kanta, Oskorri
(Banda band, 2007)

Gaur forjariak lana utzirik
gatoz guztiok kalera

labeak oso itzaldu eta
protesta bat egitera.

Mailu burdinak bota ditugu

hantxe bertan bazterrera

ez dugu nahi berriro ere

toki hartara lanera.



Dinbili, danba ! gau eta goiza

su eta keen artean

sosegu eta deskantsu gabe
geure buruen kaltean,
horrexegatik lanak utzirik
gatoz guztiok batean.

Gora, bai gora beti, gora forjaria !
langile trebe zintzo da mailukaria
lurpera, bai lurpera beti nagusia !
ez digute egingo nahi duten guztia.
Ez badigu ematen arrazoia guri,
ez badigu ematen behar legez ongi
su emango diogu geure fabrikari
eta nagusiaren etxe guztiari.

Hiru babarrun jateagatik
horrenbeste neke, pena,
erdi ustelik aurkitzen dute
forjariaren barrena,
gure kontura egiten dute
nagusiek nahi dutena
gure lepotik gizentzen dute
bete faltrikara dena.

Oso goizetik lanean hasi
su eta keen artean,
dinbili, danba ! gelditu gabe
guztiz ilundu artean,
arropa denak puskatzen eta
osasunaren kaltean.

Ez badigute guri jornalik haunditzen
berriro gu ez gara lanera bihurtzen
arrazoiz gehiago badugu eskatzen
ez gaituzte inola hoiek ikaratzen.
Ez badigu ematen arrazoia guri,
ez badigu ematen behar legez ongi
su emango diogu geure fabrikari
eta nagusiaren etxe guztiari.
Ez badigu ematen arrazoia guri,
ez badigu ematen behar legez ongi
su emango diogu geure fabrikari
eta nagusiaren etxe guztiari.

[Hitza: Herrikoia]