2017(e)ko urtarrilaren 29(a), igandea

Memoria eta Historia: Laura Benadiba eta Giovanni Levi

Hona hemen aukera paregabea Historia, Memoria eta Ahozko Iturrien uretan murgildu nahi duen ororentzat. Ez galdu aukera!


Ostegunean, Otsailaren 2an:
17:15ean: Topaketak
19:00etan: Liburu aurkezpena
                         


2017(e)ko urtarrilaren 10(a), asteartea

2016ko Gabon zahar gaueko miraria Kolombian

Atzo klasean komentatu genuen igandean argitaratutako berri bat: "Suspenden a cuatro policías por fotografiarse con las FARC". Damien Fellous frantsesak egindako eta zabaldutako argazkian azaltzen dira, gabon zahar gaueko ospakizunetan, NBEko kide zein Colombiako polizia batzuk eta gerrilariak elkarrekin dantza egiten.
Iturria: Interneta.
"Zein gertakari historiko dakarkizue burura?". Klasean komentatu genuenetik bi aste joanda ere, ikasle batek eskua altxatu eta erantzun zuzena bota du: "1914ko Gabonak Belgika eta Frantzien arteko lubakietan". Ypres-en (Belgikan) gertatu zen. Alde batean soldadu alemaniarrak ziren; bestean ingelesak, frantziarrak eta begikarrak. Gabon eguneko goizaldean alde bietako soldaduak beren armak lurrean uzten hasi ziren, eta Eguberri egunean honako erabakia adostu zuten: gerra amaitu da.
Bestelako asmoa zuten, ordea, goiko agintari politikoek eta militarrek; tamalez, gerrak beste lau urte iraun zuen eta hamabost milioi pertsonatik gora hil zituen.
Gauza bera gertatuko al da Kolombian? Espero dezagun gatazkan zuzenean inplikatutako guztiek zein gizarte zibilak bitarteko nahikoak jartzea betiko goiko horiek berriz ere zorigaiztoko amaierak ezar ez ditzaten.

Gara, 2017ko urtarrilaren 8a.


2017(e)ko urtarrilaren 8(a), igandea

Bernardo Atxaga: "Eskolak sekulako arazoa dauka..."

Interesgarria, benetan, gaurko Berriak Bernardo Atxagari egindako elkarrizketa. Bigarren ebaluazioan Atxaga-ren “Zazpi etxe Frantzian” eleberria lantzen ari gara. Hona hemen hezkuntzaz, ikasleez eta gizon-emakume politikoz dioena:

Juanan Ruiz / Argazki Press
"[...] eskolak sekulako arazoa dauka. Gaurko gazteak, batetik bizi dira mundu zoragarri batean. Mundu guztian bizi dira, dena dute eskura. Japoniako neska batek makillajeari buruz egin duen tutoriala ikusten dute Zalduondon. Alde batera, izugarrizko tresna da, bizimodu kreatiboa asko laguntzen du; baina modu horretan ez dago balio transmisiorik... Ez da hiritarrik egiten, ez da gizon-emakume politikorik egiten, eta, beraz, gizartea ikusten dut flotazioan bezala, arina... Zer egin du eskolak? Botereak? Ez zaio interesatzen pertsona politikoak egotea, pentsatzen dutenak, nortasuna dutenak, zoon politikon-ik. Oso inkomodoa baita aldamenean izatea kritika egiten dizun norbait. Eskolak eta botereak egin du jakintza instrumentala bideratu. Entretenituta daude haurrak, sortzeko ere tira, moldatzen dira, baina ez da subjektu politikorik sortzen gaur egungo eskoletan".

2017(e)ko urtarrilaren 2(a), astelehena

Urte berrian ere, gure burua janzten

Lan txukun-txukuna
Ongi etorri 2017! Aste osoa eman dugu Txoko honetan klik egin gabe; horrek, hala ere, ez du esan nahi geldirik izan garela, jakina!; azken batean, oporraldiek aukera paregabea eskeintzen digute goxo-goxo lan egin ahal izateko. DBHko 4. mailari dagokionez, 1. Ebaluazioko errekuperazioak zuzendu egin ditugu, baita Industrializazio eta Langile Mugimenduaren inguruko lanen erdia baino gehiago ere. Batxilergoari dagokionez, azken klasean ikasleek egindako balorazioak aztertu, eta gure testu liburuan azaltzen ez diren hainbat kontu landu, I. Mundu Gerran euskaldunek izandako bizipenak, Patri Urkizuk "1914-1918: Lekukoak" liburuan bilduak.

Abenduan proiektu bat bideratu genuen Langile Mugimendua lantzeko. Germinal filma izan genuen ardatz, eta honako hauek bidelagun: abesti pare bat, etxerako lana, testu liburua, klaseko azalpenak eta klasean landutako filmaren hainbat zatiren inguruko solasaldiak. Politak emaitzak, batez ere, ikusita gogoz lan egin duten ikasleen lanak. Hainbat kontu hobetu behar, baina alternatiba polita izan da azterketa klasikoaren aurrean. Bueno, hori bai, 50 lan horiek irakurri eta ebaluatu behar izan ditugu, baina zer egingo diogu, ezta? Ikasleei esaten diegun bezala, gozamena da gustura egindako lana.


Ederra itxurak eta edukiak bat egiten dutenean.