2016(e)ko ekainaren 1(a), asteazkena

Mohamed Abdelaziz SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentea hil da

Hurrengo astean Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aztertuko dugu, eta prozesu historiko horrekin amaiera emango diogu ikasturteari. Komunikabideetan gutxitan azaltzen bada ere, gaur goizean Mohamed Abdelaziz SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentearen heriotzaren berri izan dugu.
Argazkia: Kristina Berasain, Berria, 2015-azaroa-15
Medikuntza ikasi zuen, baina bizitza osoa eman zion bere herriaren askatasun borrokari, gerrillari gisa hasieran, eta agintari gisa azken urte luzeetan. Eta borroka horren xedea lortu gabe hil da 68 urte zituela. Jaioterri librera itzuli ezinik itzali da. Deserrian. Familia nomada baten semea zen. Ezkonduta zegoen, eta zazpi seme-alaba zituen.
Kristina Berasainek gaur Berrian argitaratutako artikuluan dioen bezala, "Mohamed Abdelazizek (Smara, Mendebaldeko Sahara, 1948) gazte zenetik parte hartu zuen askapen nazionaleko mugimenduaren sorreran. Artean Espainiako kolonia zen Mendebaldeko Sahara. BERRIAri iazko azaroan emandako elkarrizketan kontatu zion nola fronteko lehen lerroan zegoen okupazio indarrekin izandako lehen borroketan: «Fronte Polisarioa 1973ko maiatzean eratu genuen. Ni, ordurako, borroka armatuan nengoen». Hegoaldeko eskualdean egotea egokitu zitzaion; garai hartakoak zituen gorputzeko bi bala markak.
El-Uali Mustafa Saieden Fronte Polisarioko sortzailea ekintza militar batean hil ostean hartu zuen Abdelazizek haren lekukoa, 1976. urtean. Fronte Polisarioak iazko abenduan egindako kongresuan berretsi zuen azkeneko aldiz idazkari nagusi karguan. Bere agintaldian, 1991n, su-etena adostu zuen Polisarioak Marokorekin. Baina su-etena sinatu eta 25 urtera autodeterminaziorako erreferendumak gauzatu gabe jarraitzen du. Abdelazizek diplomaziari eman dio beti lehentasuna, nazioartean kausa ezagutzera emanez, eta bere herriaren borroka basamortuko gerratik korridoreen negoziazioetara eraman du; auzia oraindik ere deskolonizazio prozesuan dago nazioarteko zuzenbidearen ikuspuntutik".

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina