2017(e)ko urtarrilaren 2(a), astelehena

Urte berrian ere, gure burua janzten

Lan txukun-txukuna
Ongi etorri 2017! Aste osoa eman dugu Txoko honetan klik egin gabe; horrek, hala ere, ez du esan nahi geldirik izan garela, jakina!; azken batean, oporraldiek aukera paregabea eskeintzen digute goxo-goxo lan egin ahal izateko. DBHko 4. mailari dagokionez, 1. Ebaluazioko errekuperazioak zuzendu egin ditugu, baita Industrializazio eta Langile Mugimenduaren inguruko lanen erdia baino gehiago ere. Batxilergoari dagokionez, azken klasean ikasleek egindako balorazioak aztertu, eta gure testu liburuan azaltzen ez diren hainbat kontu landu, I. Mundu Gerran euskaldunek izandako bizipenak, Patri Urkizuk "1914-1918: Lekukoak" liburuan bilduak.

Abenduan proiektu bat bideratu genuen Langile Mugimendua lantzeko. Germinal filma izan genuen ardatz, eta honako hauek bidelagun: abesti pare bat, etxerako lana, testu liburua, klaseko azalpenak eta klasean landutako filmaren hainbat zatiren inguruko solasaldiak. Politak emaitzak, batez ere, ikusita gogoz lan egin duten ikasleen lanak. Hainbat kontu hobetu behar, baina alternatiba polita izan da azterketa klasikoaren aurrean. Bueno, hori bai, 50 lan horiek irakurri eta ebaluatu behar izan ditugu, baina zer egingo diogu, ezta? Ikasleei esaten diegun bezala, gozamena da gustura egindako lana.


Ederra itxurak eta edukiak bat egiten dutenean.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina