2015(e)ko irailaren 12(a), larunbata

Lluis Llach hutsaltasun intelektualaz

Argazkia: Berria.
  Ostegunean elkarrizketa luzea egin zioten Berria egunkarian Lluis Llach kantugileari. Azken bolada honetan politikagintzako uretan murgilduta dago, Kataluniako Junts Pel Si zerrendako kidea baita. Honetan, hala ere, kultura, artistaren papera eta konpromisoari buruz esandakoa ekarri nahi izan dut. Ea zer deritzozuen. Egin klik hemen elkarriketa osoa irakurtzeko:




Kultur munduan eztabaida eragiten duen auzia izan ohi da artearen eta politikaren arteko harremana. Artistak aski inplikatzen direla uste duzu?
Gai horrekin oso fatxa naiz ni. Neure buruari zalantzan jartzen uzten ez diodan baieztapen bat egiten dut, nahiz eta badakidan bizitzan beti jarri behar direla zalantzan printzipioak: komunikazio bide izan nahi izatea —artistikoa edo ez— eta tresna politiko gisa ardurarik ez sentitzea, hasteko, hutsaltasun intelektuala da; eta, horren ostean, iruzurra. Nahi dituzun maitasun kantu guztiak idatz ditzakezu; izugarria da zenbat balio etiko-politiko dauden haietan. Emakumea plazer objektu gisa tratatzen duten abesti horiek guztiak L'estaca baino politikoagoak dira, jendearen pentsaeran eta balioetan barruratzen direlako. Eta beste hamaika adibide aipa nitzake: garaipenarekiko suhartasun kultural hori, norabait heltzeko eman behar duzun ukondo kolpea...

Hori guztia aztertuta dago, eta erabiltzen da. Lehen, diskoetxe handiek botere handia zutenean, zentsura egiten zuten. Izan ere, nor iristen da 14-15 urteko jendearengana, eta nork jartzen dizkie balio jakin batzuk buruan, azkenean sinets dezaten sistemaren arabera sinetsi behar dutena? Ez da izango telebistako konferentzia batean hizketan ari den soziologoa; ez. Musikatxoa egiten dugunok izango gara. Bitarteko artistiko, kultural edo komunikatiboa izan nahi izatea eta purua zarela pentsatzea egundoko lohikeria intelektuala da. Izorratzen badizu ere, konprometituta zaude derrigorrean. Bestela, arren [bidetik kentzeko keinua egiten du eskuarekin], ez ezazu lanik egin. Badago saiatzen den jendea, absentismoa jarrera ideologiko bat ez balitz bezala. Baina ez dago irtenbiderik: izate politikoak gara. Gizakia izatez da hala, baina gainera komunikaziorako bide bat baldin bada, haren eduki politikoa ukatzea... Hutsaltasuna, antzerki testu batean edo abesti batean, ez al da politikoa? Mesedez. Hutsaltasuna alienaziorako arma masibo bat da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina