2016(e)ko apirilaren 1(a), ostirala

Mari Dapena artista (1924-1995)

Askotan oso nabaria izaten da ze eskasa den gure jakintza, batez ere gure ondare kulturalari dagokionez. Honetan, Iñigo Astiz kazetariak ikustarazi dit Berrian Mari Dapenaz idatzitako artikuluan. Astiz-ek dioenez, eta ni neu horren froga, margolari, grabatzaile, eskultore, idazle eta kultur eragile, frankismoaren aurkakoentzat eta kulturgileentzat bere etxea babesleku izan bazen ere, ia ezezaguna da oraindik haren izena.

Pintzel bakarraren parte dira konpromiso politikoa eta sorkuntza artistikoa Mari Dapena artistaren kasuan (1924, Barruelo de Santullan, Espainia- 1995, Bilbo); baina, hain zuzen ere, militantzia bikoitz horrek eraman zuen Euskal Herriko XX. mendeko bigarren erdialdeko arte mugimendu nagusien erdigunera.
[...] Umetatik ezagutu zuen frankismoaren errepresioa Dapenak. 36ko gerraren aitzakian espetxeratu egin zioten aita, eta jabetza guztiak kendu zizkioten familiari, eta 1960ko hamarkadan kartzelan izan zen Dapena bera ere, erbestetik itzulitako Ramon Ormazabal alderdi komunistako kideari aterpea emateagatik. Gizarte borrokan eman zuen bizitza, baita artegintzan ere. 
Errepresio horregatik daude galduta Dapenaren lanetariko asko, adibidez. Leire Makazaga arte historialariak kontatu zuen zergatia, 2014an artistari buruz egindako ikerketan: «Ezin da zehatz jakin zenbat [grabatu] egin zituen, ez non estanpatu ziren, ez zenbateko tirada izan zuten, ez nork editatu zituen, ez eta beste gauza asko ere, haren erakusketak marjinalak zirelako eta haietariko asko polizia politikoak eta Guardia Zibilak bahitu eta suntsitu zituelako argitalpen subertsibo eta klandestinoekin parekatuta». Eta ez da soilik poliziak suntsitutako lanak falta direla, poliziaren beldur artistak berak ere hainbat lan suntsitu behar izan zituelako maiz [...].

Kartzelako grabatuak
[...] Kartzelakoak dira erakusketako piezarik deigarrienetariko batzuk, halere. 1962an atxilotu zuten Dapena bere senarrarekin batera, eta bi urtez eduki zuten preso. ¡Sr. Juez! (Soy presa de Franco) liburuan kontatu zituen han bizitakoak gerora, eta espetxean zela kartzelako bizitza irudikatzen duten grabatuak ere egin zituen.


* Gehiago jakin nahi izanez gero:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina