2016(e)ko apirilaren 13(a), asteazkena

Sexismoa eta indarkeria matxista nerabeen artean

"Nerabezaroa garai zurrunbilatsua da. Gazteak helduen munduko kodeak imitatzen hasten dira, haurtzarorako goxotasuna alde batera utzirik". Horrela hasten da gaur Berrian Ane Urrutikoetxeak idatzitako artikulua. Bertan elkarrizketatzen ditu Herrialde Katalanetako Candela elkarteko bi kide, nerabeen artean sexismoa eta indarkeria matxista atzematen eta konponbideak ematen lan egiten dutenak. Hona hemen bi kide horiek egindako baieztapen batzuk:


Argazkia: Jon Urbe, Berria
Miriam Aleman: Zailtasunak dituzten nerabeekin egiten dugu lan, hala eskatzen digutelako; gero eta gatazkatsuagoa izan, orduan eta sarriago eskatzen digute laguntza. Nerabe gatazkatsuaren estereotipoa oso zabalduta dago, baina eskola eta institutu guztietan daude indarkeria eta bullying kasuak. Izugarria da ikasgeletan sumatzen den ondoeza, eta egonezin hori ezkutatu egiten dute ikasle eta irakasleek.

Zer irakasten diezue nerabeei, indarkeria matxista ezagut eta atzeman dezaten?
M. A.: Lehenik eta behin, argi eduki behar dugu nerabezaroa ez dela garai arriskutsua; gazteek ez dituzte asmatzen harremanak: helduen gizartetik ikasitako rolak errepikatzen dituzte, eta, batzuetan, gustatzen ez zaizkigun baina gizartearen parte diren jarrerak bereganatzen dituzte. Jarrera horiek publizitatetik ikasten dituzte, Internetetik, filmetatik, musikaren mundutik... Jarrera horiek aztertzen baditugu, segituan konturatuko gara eredu heteropatriarkala dela nagusi. Hala, gizon fisikoki indartsuak dira mutilen ereduak: zangar itxura dutenak, arrakastaren irudia ordezkatzen dutenak. Aldiz, emakumeen ereduak ez dira emakumeentzat, gizonentzat baizik; hipersexualizatutako ereduak dira gehienetan. Beraz, neskek ez dute eredu garbirik, beren abeslari eta aktore gogokoenak lizunak direla esaten zaielako.


Sara Barrientos:  Informazio falta ikaragarria da. Internet da nerabeen informazio iturri nagusia, eta, askotan, pornoa da sexuaz ikasteko duten iturri bakarra. Filmetan amodio erromantikoa da nagusi, eta errealitatera salto egitean hasten dira arazoak. Gure lan nagusia bestelako informazioa eskaintzea da; beldurrik gabe, gurekin hitz egin eta galde dezatela. Askotan ez dago termino egokirik kezkatzen dituenaz hitz egiteko; nerabeekin batera ikasten dugu, zer kezkatzen dituen banan-banan hausnartuz, formula magikorik erabili gabe.


* Artikulu osoa irakurtzeko:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina