2018(e)ko azaroaren 1(a), osteguna

Mendillorri BHIko ikasleak Etxalatzeko aurkikuntza gogoan: "Nire etxean ere bizi izan ditugu gertakari horiek"


Mendillorri BHIk bat egin du Hezkuntza Departamentuak eta Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak abiatutako Memoria duten Eskolen Sarearekin. Ikasturte honetan,  aukera paregabea izan dugu exhumazio bat ezagutu eta bertan parte hartzeko. Izan ere, Nafarroako Gobernuak eta Eguesibarko Udalak, Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean, lurpetik atera zituzten 1936ko kolpe militarrean fusilatutako sei pertsonaren gorpuzkiak. Etxalatz herritik hurbil egin zuten aurkikuntza, lekuko baten informazioari esker. 81 biktimaren gorpuzkiak atera ditu gobernuak legealdi honetan.

Mendillorri BHIko ikasleak Etxalatzen (2018-iraila-26)
Argazkia: Nafarroako Gobernua
Hasiera-hasieratik sorpresa izan zen nagusia, aurretik antolatu gabeko ateraldia izan baitzen. Maialenek gogoratzen duen bezala, "Oso interesgarria izan zen. Patio orduan esan zidaten joango ginela, ez nekien nora ezta zertara ere, bakarrik nekien prentsa eta foralak egongo zirela. Heldu ginenean izugarrizko inpresioa eman zidan gorpu horiek ikusteak; esperientzia polita eta interesgarria izan zen". 

Arantzadi Elkarteko kideak
gorpuzkinak ateratzen,
2018-iraila-26
Argazkia: Nafarroako Gobernua
Ibaik dioenez, sorpresa eta zortea, ateraldia bere taldeari (DBHko 4 I) egokitu baitzitzaion: "Asteazkenean, patio orduan Eguesera joan ginen “txango” batera. Matematika klasea eta gero asko poztu ginen ez genuelako espero notizia hori. Autobusean, txangoaren plana azaldu zenigun, eta asko harritu nintzen 1936ko gorpu batzuk ikustera joango ginela esan zenigunean. Zorte handia izan genuen gu hautatuak izan ginenean, lurperatutako gorpu batzuk ikusteko nire lehen aldia izan zen, bakarrik telebistatik ikusi nituelako. Iritsi ginenean, asko harritu nintzen gorpuak ikusi nituenean, 1936an Nafarroan fusilatutakoen gorpuak baitziren. Agureen kontakizuna interesgarria izan zen, eskolara joatean gorpuak ikusi zituzten eta korrika joan ziren, etxera iritsitakoan haien gurasoei ikusitakoa kontatu zioten eta beste inori ezin zioten kontatu ikusitakoa, haien bizitza osoan sekretu batekin bizi izan dira eta aste honetan kontatu izan ahal digute. Haiei esker aurkitu dira gorpuak.
Gero gorpuak hurbiletik ikusteko eta arkeologo horiek nola lan egiten zuten ikusteko aukera izan genuen; gehien gustatu zitzaidan partea izan zen hori. Txango interesgarria izan zen eta oso gustukoa".

Bestetik, hainbat ikasleri Etxalatzeko esperientziak familian izandako bizipenak gogorarazi dizkie. Mikelek berea kontatu digu: "Nire amaren osaba bat, nire birraitona eta haren aita fusilatuak izan ziren, eta, haien gorpuak aurkituta daudenik ere, oso gogorra da. Kasu hauetan gorpuak aurkitu gabe zeuden eta ez dut imajinatu ere egin nahi ze latza izango den. Berriz, harrotasun pixka bat sentitzen dut, gorpuak gutxika dela ere aurkitzen ari dira duela urte batzuk. Asteazkenean inpresio handia izan zen pentsatzea hori ikusten genuen lehenetarikoak ginela eta, aldi berean, urte haietan gertatukoa berpiztu zidan, eta horrekin gerra batek sor dezaken guztia".

Izarok ere badu zer esan: "Espainiako gerra zibilari buruzko datuak, kontaketa historikoak etab, oso gustuko ditut. Kontaketa asko entzun eta irakurri ditut, baina hau bezalako zerbait inoiz ez dut ikusi. Familiaren partez hainbat istorio dakizkit: nire birraitona-amonen anaietako batek, aitaren eta amaren partez, gerra zibilean “desagertu” ziren; oraindik ez dakigu non dauden. Nire birraitona (amaren partez), Bilbon urte bat ezkutatuta egon zen faxista bat hiltzeagatik. Nire birramonaren beste anaia bat (aitaren partez) guztiz izkutatuta egon zen “rojo” izateagatik. Beraz, gorputz horiek ikusteak hau dena gogorarazten dit. Errepublikaren alde egiteagatik, mundu justu batengatik alde egiteagatik, hilda daude; edo hobe esanda, hil zituzten. Izugarrizko errespetua eta ohorea transmititu zidaten.
Harritzekoa da, nor ez du harrituko horrelako zerbait ikusteak?

Niretzat ere, nola ez, egundoko esperientzia polita izan zen. Batetik, beti pozgarria baita ikasgelako hormak gainditu eta ikastetxetik kanpo ikasleekin batera ikasketa prozesuari segida eman ahal izatea. Bestetik, lekukoekin hitz egitea eta Pako Etxeberria bezalako profesionalak zuzenean lanean ikustea... zer esango dut, bada? Izugarria benetan! Ahaztu gabe indusketan topatutako lagun zaharrak, jakina!

Sentsazio eta sentimendu anitz, beraz, Iratik ere bizi izan zituenak: "Bertara iritsi ginenean, emozionatuta nengoen. Nire lehenengo aldia zen, hori ikusten nuena. Horrelakorik ez nuen ikusi, ez telebistan ezta egunkari batean ere, bakarrik CSI eta horietako programetan agertzen diren gorpu faltsuak, baina ez egiazkoak. Laster nire emozioak aldatu ziren gorpuak ikusi nituenean. Harrituta nengoen. Azken finean, sei pertsonen gorpuak ziren, ez zen telebistan polizia programa hauetan erakusten dituzten gorpuen antzera. Hauek egiazkoak ziren.
Arantzadiko kideak lanean, 2018-iraila-26
Argazkia: Nafarroako Gobernua
Agureak azaltzen hasi zirenean zer ikusi zuten txikitan, berriro harrituta gelditu nintzen entzutean bakarrik beraiek 5 urte zituztelarik, 6 pertsonen gorpuak ikustea, lurrean etzanda.
Gorpuak ongi ikusteko, buelta bat emateko esan zigutenean, nire buruan pentsatzen hasi nintzen nolakoa izan zen bizitza urte haietan. Errespetua ematen zidan, gorpuak han lurperatuta ikusteak, baina pena ere sentitu egin nuen, pertsona horien familiek nola pasatu zuten pentsatzean. Jakitea edo ikustea nola eramaten duten zure familiako bat eta, hortik aurrera, ez jakitea ezer eta seguraski pentsatzea hilda egongo dela, oso zaila izango zen eta nahiko mingarria.
Amorrua ere sentitu nuen, hori egin zuten pertsonengatik. Nola ahal zuten hil pertsona bat, gorpua ezkutatu eta ez esan ezer familiari, pertsona horri buruz. Garai horretan egiten ziren gauzek asko haserretzen naute; pertsona bat hiltzea zure ideologia berbera ez izateagatik.
Espero dut pertsona horien familiak aurkitzea eta agur hobekiago bat ematea".

Tira, bada, ikasleen testigantza batzuk besterik ez ditugu honetara ekarri. Hala ere, hogei ikasle horiek eta irakasle honek mila esperientzia eta bat gehiago bizi izan genituen; gehiago izanen dira, seguru.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina