2015(e)ko martxoaren 1(a), igandea

Niki de Saint Phalle artista frantsea (1930-2002) Bilbon

Nana, Niki de Saint Phalle
Argazkia: Patxi Abasolo
   Aurreko astean, Guggenheim museora joan ginenean, itxita topatu genuen hirugarren solairua. Erakusketa berri bat prestatzen ari omen ziren. Egun pare bat igarota, Berrian irakurri dut Niki de Saint Phalle artista frantsesaren erakusketa dela (Neuilly-sur-Seine, Frantzia, 1930- San Diego, AEB, 2002). Orotara 200 artelan eta artxiboko dokumentuak jarri dituzte ikusgai, orain arte artistari buruz egindako erakusketa asmo handienekoa. Hau amorrua! Niki de Saint Phallerenak ziren kanpokaldean ikusi genituen eskulturak, izugarri politak. Guri ongi etorria edota agur egin zigutenak, hain zuzen.
   Artistaren hitzetan, "Tiro egiten dut boterearen aurka, matxismoaren aurka, torturaren aurka, arrazismoaren aurka". Gerra Hotza eta Aljeriako gerraren garaietan, arte bidezko guda egiteko hautua egin zuen berak. "Psikologiaren aldetik, terrorista bihurtzeko ezaugarri guztiak nituen. Baina armak kausa on baterako erabili nituen: artearen kausarako".
   Kaos, bortxakeria, alaitasuna eta baikortasuna. Sentipen kontrajarriak helarazten dute artista frantsesak egindako lanek. Baina horren bila aritu zen bere ibilbide osoan. "Alde magiko, intuitibo, femenino, sexual, emozionala bilatzen dut. Hori erabiltzen dut irensten gaituen izaera zientifiko maskulinoari aurre egiteko".
   Guk ikusi ahal izan genuen eskultura multzoan, emakumeen rolak dira aztergai. Nanak izenez ezagutzen dira hiru dimentsioko emakume gorputz handi eta koloretsu horiek. Emakume berri bat irudikatu nahi du horiekin. Biktima izateari utzi, eta askeak diren andreen irudiak dira.
   Irudi sexualizatuak dira guztiak. Badira beltzez margotutakoak ere. 60ko hamarkadan afroamerikarren aldeko eskubide zibilen mugimenduarekin bat egin zuen. Azken batean, emakumeak eskubidea du ezetz esateko, matxinatzeko, bere independentzia aldarrikatzeko.


* Gehiago jakiteko:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina