2015(e)ko ekainaren 4(a), osteguna

Xabier Amuriza eta Gogor Taldea frankismoan

Xabier Amuriza
Iturria: Euskal Memoria aldizkaria, 2015eko maiatza.
  Amaitzear dugu ikasturtea, amaitzear ere DBH-4Ln abiatutako proiektua: "Gure aiton-amonen garaiak", ahozko iturriak lagun, Frankismo garaira egindako bidaia. Testu liburuak, filmak, NO-DOa eta bestelako materiala lantzeaz gain, ahozko historiaren uran murgildu gara bederatzi aiton-amonaren bizipenen bidez, horiek guztiak 1930. eta 1945. urteen bitartartean jaioak. Horretarako eta horren ondorioz, ikerlari, historialari izan ditugu ikasleak.
   Aste honetan Frankismoaren aurkako mugimendua landu dugu klasean. Testu-liburuak azaldu bezala, "Eliza katolikoaren baitan ere frankismoaren aurkako taldeak sortu ziren. Langileekin lotutako talde kristauak (Juventud Obrera Cristiana) eta apaizen jarrera berriak agerian utzi zuten Eliza ez zela monolitikoa erregimenaren oinarri ideologiko gisa". Gaurko klasean Xabier Amurizak berak azaldu digu nola sortu eta garatu zen Gogor Taldea apaizen mugimendua:

"Bazen lema bat, zenbait ekintza eta idazkitan ia erritual bilakatu zena: Gogorkeriaren aurka gogortasuna. [...] Euskal Herriaren pizkundea eta diktaduraren aurkako erreakzioa abian zen. Apaizok, batzuk (ez gehienak, baina ez gutxi ere) olatu hartan sartu ginen. Zer genuen eskaintzeko? Lehen-lehenik, lokalak. Edozer edonon debekatua izanik, lokal eskuragarri ia bakarrak elizarenak ziren. Apaiz ireki samar bat gertatzen bazen, herri bakoitzean, apaizetxe eta abar, lokal ugari zen.
Leku askotan, ia bakarrak. Eta, noski, eskubide politikoen, sozialen eta kulturalen mezua moztua izan gabe azaltzeko toki bakarrak elizak ziren. Estatuaren eta Elizaren arteko konkordatu-ituna bitarteko -frankismoa erregimen katoliko eta konfesionala zen-, poliziak ezin zuen elizetan interbenitu, ez apaizei eskurik ezarri, gotzainaren baimen gabe. Sermoiez eta apaiz batek bere herrian eta inguruan egin zezakeen lan askatzaile guztiaz gainera, errepresioaren aurkako aldarria eta kontestazioa ageriko edo publiko egiteko ekintzek esangura handia hartu zuten. Apaizen manifestazioetan, adibidez, poliziak edo guardia zibilak ezin zuen zuzenki sartu, gotzainaren baimen gabe. Edo, behintzat, gatazka instituzional bat eragin gabe.
[...] Gogor taldearen ekintzarik entzunena Derioko seminarioko itxialdia izan zen [...] Elizaren eginkizun askatzailea lau betebehar hauetara biltzen zen: Eliza pobrea [...], Eliza librea [...], Eliza dinamikoa [...] eta Eliza autoktonoa, bertakoa, euskalduna".
Argi zegoen hesia estutzen joango zela, eta inpunitate konkordatarioa laster amaituko zela. Elizgizon askok erbesterako bidea hartuko zuten, eta beste asko atxilotuak, epaituak eta kondenatuak izan ziren. [...] Nire espetxealdi luzeagoa ekarri zuena (zazpi urte) beste lau lagunekin baterako gose-greba bat izan zen, Bilboko gotzaindegian [...]".

Xabier Amuriza, "Gogor taldea frankismoan", Euskal Memoria aldizkaria, 2015eko maiatza.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina