2015(e)ko ekainaren 7(a), igandea

Gure testu-liburuak: "LOMCEri EZ", baina...

  
  Atzo Berrian idatzitako iritzi artikuluan, Mikel Txertudi irakasleak gogora ekarri zigun Joan Mari Torrealdaik orain bi urte Jakin aldizkarian (198 zenbakian), euskal libururuen urteko ekoizpenaren azterketa eta balorazioa.

  
"Ikasmaterialen ekoizpenaren %66a espainiar argitaletxeen esku dago, eta hemengo argitaletxe profesionalen lana %29,5 besterik ez da. Ezohiko argazkia, baina ez guztiz berria. Hemengo argitaletxe eta irakaskuntzako elkarteak 80ko hamarkadan hasi ziren hezkuntza proiektuak bertan lantzen, eta lan horretan dihardute gaur egun. Beraz, 35 urte daramatzate proiektu propioak garatzen eta zabaltzen euskal hezkuntzaren unibertsoan. Proiektu propioak garatzen dituztela esaten denean, Euskal Herritik Euskal Herrirako egitasmoak lantzen dituztela esan nahi da.

Espainian hezkuntza proiektuak lantzen ari ziren editorial nagusiak Euskal Herrira hurbildu eta kokatzen hasi ziren izen euskalduna duten filialak sortuz (Anaya-Haritza, Edebé-Giltza, Santillana-Zubia, Everest-Aizkorri, Edelvives-Ibaizabal, SM-Ikasmina). Argitaletxe hauek bi berezitasun dituzte. Batetik, EAEko esparrura zuzentzen dira, eta soilik hezkuntzaren merkatuan egiten dute lana. Une honetan dozena erdi bat hezkuntza proiektu daude espainiar ikuspegiarekin, eta soilik bi beren ikasmaterialak euskal ikuspegiaz lantzen dutenak: Ikaselkar eta Erein.

Hemengo argitaletxeek zailtasun handiak dituzte: espainiar jatorria duten argitaletxeen ondoan, ez dute baldintza berdinetan lehiatzen merkatuan, eta ekonomikoki oso zaila suertatzen zaie kanpoko argitaletxe horien aurka lehiatzea. Hemengo argitaletxeek, kanpokoek ez bezala, proiektua zerotik abiatu eta landu behar dute, eta horretarako lantaldeak eratu eta finantzatu.

[...] Eta zein da egoera gaur egun? Zer diote hezkuntza eragilek? [...] Espainiako Gobernuak bultzatu duen hezkuntza lege atzerakoi honen aurrean, LOMCEri ez leloa nonahi entzun eta irakur daiteke, baina, datorren ikasturteari begira, espainiar estatuko argitaletxe horiek LOMCEren espiritua jasoko dute beren ikasliburuetan, eta Euskal Herrian zabaldu. Bitartean, LOMCEren edukiak jasoko dituzten ikasmaterialen aurrean ez da ahotsik altxatzen, ezta gogoetarik egiten. LOMCEri ez, baina..."



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina