2016(e)ko martxoaren 17(a), osteguna

1516-martxoa-17: Nafarroa askatzeko saiakera

Irudia: Martintxo
Bestelako historiografia ofizial horiek ukatu egiten dute inbasioa bortzaz egin zenik eta bertakoen menpekotasuna bilatzen zuenik, nahiz eta garaiko protagonistek terminologia hori erabili zuten behin eta berriro; Aragoiko Fernando Katolikoak batetik eta Nafarroako errege-erregina Joan eta Katalinak bestetik.
Bortxaz lapurtutako subiranotasunik ez bada, are gutxiago subiranotasun hori berreskuratzeko izandako saiakerarik, jakina. Eta, hori ukatzerik ez balego, egun gertatzen ari dena Nafarroako historiografia berriak egindako lan itzelari esker, hobe alde batera uztea; izan ere, handia da ustezko berdinen arteko itunaren mitoa ezabatzeko arriskua.
Prozesu historiko hura, hala ere, izan zen, gaur bezalako egun batean, martxoaren 17an, duela 500 urte dagoeneko. 1516an hil zen Fernando Katolikoa eta berriro ere Erresuma berreskuratzeko saiakaera egin zen. Nafarroako Pedro mariskalak, konkistaren aurkako erresistentziaren pertsonaiarik garrantzitsuenak, Pirinioak zeharkatu zituen Erronkarin barna. Horrekin batera, altxamenduak izan ziren Zangotzan, Erriberrin eta Erresumako beste hainbat tokitan. Saiakera hartan beaumondarrak ere tartean ibili ziren, Leringo kondea barne. Mariskala eta bere gudariak berandu iritsi ziren eta kanpoko laguntzarik gabe aritu behar izan zuten, 1512ko udazkeneko lehenengo saiakeran ez bezala.
Soldadu okupatzaileen buruzagi gisa Villalba koronelak jardun zuen. Herritarren askatasun egarriak bultzatuta, armada askatzailea bazetorrelako berria lau haizetara zabaldu zen. Leringo kondeari Iruñearen kontrola kendu zioten, ez baitziren harekin ere fio, eta espainiarrak hirian gotortu ziren.
Pedro mariskalak Pirinioak zeharkatu orduko, Burgi inguruan, Erronkarin, inguratu eta beste hainbat ofizialekin batera atxilotu egin zuten. Mariskala Gaztelara eraman zuten eta baita askatasuna eta pribilegioak eskaini ere errege espainiarrari fideltasuna agintzen bazion; aukera horri uko egin zion, ordea, eta urte batzuk geroago Simancaseko gazteluan hil zen, edo hil egin zuten.
Nafarroan, zenbat gelatan azaldu dira gertaera horiek? Zein ikaslek ezagutzen dituzte pertsonaia historiko horiek? Noiz arte izanen dugu Nafarroa ikasgelatik at?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina