2016(e)ko martxoaren 20(a), igandea

Juan Martin Guevara, "Che" Guevararen anaia

«Niretzat Che ez da mito bat, anaia baizik»

Marisol Ramirez / Argazki Press

EITBk gonbidatuta, Euskal Herrian izan da egunotan Juan Martin Guevara (Cordoba, Argentina, 1943). Ezkerreko militantea da, FAS Sozialismoaren aldeko eta Inperialismoaren kontrako Fronteko kide izan zen, eta preso atxiki zuten 1975etik 1983ra, baina, batez ere, Ernesto Guevara Che-ren anaia izateagatik egin da ezagun.

Zuen familian bazenekiten jatorria Euskal Herrian zenutela. Zein irudi zenuten Euskal Herriaz?
Bai, bagenekien gure jatorrian euskal osagarri garrantzitsu bat zegoela, gure arbasoak Euskal Herritik iritsi zirela; Txilera lehen, eta gero, handik Argentinara. Baina, horretaz aparte, ez genuen erreferentzia handirik. Gure izeba Beatrizek beti esaten zuen Euskal Herriko eta Irlandako jatorria genuela, eta familiaren izaeran nabaritzen zela hori: burugogorrak gara, erabakimen handikoak eta managaitzak. Baina hori baino askoz gehiago ez; gu aurrera begira bizi ginen, eta ez genuen gure arbasoen berri jakiteko irrika berezirik.

Nolakoa zen Ernesto Guevara?
Familian matxinoak izan gara beti, baina Ernesto, inor baino gehiago. Eta bidaietara oso emana: beti zegoen kanpoan, bizikletan, motorrean, auto-stop eginez eta abar; eta onena zen beti itzultzen zela. Medikuntza ikasketak ere horrela egin zituen, bere kasa; normalean ez zen fakultatera joaten; itzultzen zenean, ikasi, eta azterketetara aurkezten zen. Eta nahikoa zen erronka jotzea eta esatea: «Ezetz egin hau edo bestea», berak egin zezan. Esan didatenez, ezaugarri hori oso euskalduna da.

Jakitun zen iraultzaren ikur gisa hartzen ari zen neurriaz?
Nik esango nuke baietz, bere lidergoaren garrantziaz kontziente zela, nahiz eta Fidel Castrok inoiz kritikatu dion ez zuela iraultzan zuen garrantzia balioetsi eta arrisku gehiegi hartu zituela. Baina niretzat Che ez da mito bat; nik anaia nuen. Iraultza gailendu zenean, [1959ko urtarrilean] ni Kubara joan nintzen, eta han mundu guztiak komandantearekin egon nahi zuen; nik ez, nik anaiarekin egon nahi nuen. Gure belaunaldikoentzat ikur izan zen Che, eta ez soilki ezkerrarentzat, gazte guztientzat baizik.

Zu ere errepresioa nozitutakoa zara.
1974an espetxeratu ninduten lehenengo aldiz, [Juan Domingo] Peron erbestetik itzuli zenean. Orduan hasi zen ezkerraren kontrako errepresioa. Jomuga ez zen ezker osoa, ezker iraultzailea baizik, boterea eskuratzeko estrategia argia zuena. Bolada laburra eman nuen espetxean, baina, jakina, ordurako markatutanengoen, eta 1975ean berriro atxilotu ninduten. 1975etik 1983ra kartzelan egon nintzen. Jakina, militarrak boterera iristeak ez zuen asko lagundu presoon egoera samurtzen.


* Artikulu osoa: 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina