2016(e)ko martxoaren 13(a), igandea

Euskal "Spotlight": Irungo La Salleko anaia Valero

Spotlight filmearekin agurtu dugu larunbata, zinez oso lan bikaina. Boston Globe kazetak ikerketa zabala abiatu zuen apaizek eragindako abusu eta bortxaketen inguruan 90eko hamarkadaren hasieran. Spotlight izeneko ikerkea taldeak aurrera eraman zuen lan horri esker frogatuta geratu zen Eliza katolikoak isildu zituela, hainbat hamarkadaz, Bostongo abusu horiek guztiak, eta erasotzaileak lagundu eta babestu zituela.
Martxoaren 1ean, Alberto Barandiaranek kronika bat idatzi zuen Berrian, non baieztatzen zuen kazetaritzak baduela injustiziak salatzeko gaitasuna eta, batez ere, eginbeharra... gaur, hemen. Aurretik, kontatu zigun gaztetan Irungo La Salle eskolan pairatu zituzten abusuak.

Gazte ginenean, guk abusuak jasan genituen Irungo La Salle eskolan. Anaia Valeriok, gure tutoreak, asteko azken ordua aprobetxatzen zuen gure aurrean jarri eta patxadaz hitz egiteko, giro lasaian. Esertzen zen bere mahaiaren aurrealdean, edo ikasmahaien lehen lerroko eserlekuan, guri begira, eta gogoetan hasten zen, lagun artean bezala. Han esaten zirenak ezin zirela gelatik atera behar azpimarratzen zuen maiz. Hori zela gure konfiantzazko eremua. Inork gelatik kanpo zerbait esanez gero, traizioa egingo ziola taldeari. Horrela bakarrik lortuko genuela elkarri gure gauzak aitortzea. Ona zela hori.
 Behin esan zigun ezagutzen zituela gu bezalako gazteak elkarri zakila ukitzen ziotenak, «konfiantza edo adiskidetasuna» erakustearren. Ez zuela ezagutzen adiskidetasun aitorpen benetakoagorik elkarri masturbatzea baino.
Hamahiru urte genituen.
Tutoretzak genituenean, ikasmahaien gainean eserarazten gintuen, hankak aulkian jarrita, aurrez aurre. Gure belaun gainean paratzen zituen eskuak, eta besarkada estuak ematen zizkigun. Eskua jertsearen azpitik luzatzen zuen. Izaera koleriko samarra zeukan, haserretzen zen urruntzen baginen. Gaizki pentsatu izanaren errua txertatzen zigun. Konfiantza, hori zen bere hitz klabea.
Garai hartan, eskolan asko lantzen zituzten adiskidantzazko egonaldiak, gogo jardunak edo. Borondatezkoak ziren, eta Valeriok lortu zuen gure lagun taldea konbentzitzea. Donostiako Antigua auzoko etxe batera joan ginen beraz sei lagunak, han asteburua pasatzera. Uda zen, estropadak ikusi genituelako. Kasualitatez, guretako omen ziren hiru logelatako bat txikiegia zen, eta, oheratzeko unea iritsi zenean, Valeriok esan zigun bere logelan bazegoela tokia, gutako bat berarekin joateko. Ez dakit nola, baina txandak azkar osatu ziren, eta ni geratu nintzen tokirik gabe. Ezetz, tematu nintzaion Valeriori, koltxoi bat jarriko genuela lurrean, eta moldatuko nintzela Iñakirekin. Ez zitzaion gustatu. Muturtuta egon zen hurrengo egun osoan. Konfiantzarik ez zegoela eta, kexaka aritu zen. Etxerako trena hartu genuenean, lasaitu ederra hartu genuen denok.
Esango nuke inoiz ez dela hemen benetan hitz egin, benetan aztertu, Elizarekin lotutako irakaskuntzaren inguruan hainbeste urtez gertatutakoa. Nola toleratu den hori guztia. Nola isildu den. Ez dugu galdetu, ez dugu entzun, ez dugu kontatu. Eta hemen, guk, badugu Pullitzer bat.
Ez baitzen bakarrik anaia Valerio izan, eta ez ziren bakarrik grina sexualarekin lotutako abusuak izan. Eskola berean eta garai berean, irakasle batek nerbioak galdu zituen batean Pedro Pablori esan zion leihotik bere burua botatzeko: «Pedro Pablo, hala, tírate por la ventana si te da la gana». Eta Pedro Pablok bere burua leihotik behera bota zuen.
Ez genuen negar egiten. Ez ginen kexu. Irunen, 70eko hamarkadan.
Anaia Valerio ikastetxez aldatu zuten tutoretza horietakoren batean eskua gehiegi luzatu zuela eta gurasoek protesta egin zutenean. Ikastetxez aldatu zuten.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina