2016(e)ko irailaren 27(a), asteartea

Siux tribuen azken guda bizirauteko

Hilabeteak daramatzate protestan Red Warrior kanpalekuan, Ipar Dakotako Standing Rock erreserban. AEBetako berrehun tribu inguruk indarrak batu dituzte, Dakota Acces oliobidea egiteko prozesua gelditzeko. “Arriskuan dago gure bizimodua”.

Argazkia: Shawn Thew / EFE
Berrehun tributako milaka lagunek hilabeteak daramatzate kanpatuta Standing Rockeko siuxen erreserban, Ipar Dakotan (AEB). Antolatzea erabaki dute, modu horretan jendeak emandako janaria banatu, umeentzako eskola bat sortu, batzarrak egin eta erlijio erritu tradizionalak egiteko. AEBetako bazter guztietatik ari zaie iristen laguntasuna, eta babes mezuak mundu osora hedatu dira. Siuxak ez daude bakarrik duela bi urte hasitako mobilizazioan. Hala da ze, altxamenduaren zioak batu egin dituela urte luzez etsai izan diren tribuak. Helburu garbia dute guztiek: Dakota Access oliobidea egiteko prozesua geldiaraztea. Petrolio hodiek Missouri ibaia zeharkatuko dute ur azpitik, eta arriskuan jar dezakete siuxen bizimodua. Siuxek ibaiko ura erabiltzen dute edateko, uztak ureztatzeko, abereak elikatzeko eta arrantza egiteko. Tribuetako liderrak, gainera, beldur dira: obrek tribuen hilerriak eta bestelako leku sakratuak suntsi ditzakete.

Mobilizazioak baketsuak ari dira izaten Red Warrior kanpalekuan, eta azken asteetan oihartzun handia lortu dute. Joan den apiriletik hona, kanpin dendak eta tipiak ugalduz joan dira, eta, egun, zortzi mila lagun inguru ari dira protestan. Hainbat korrikalarik 3.000 kilometro inguru egin dituzte, Washingtonera iritsi eta proiektuaren aurkako 160.000 firma aurkezteko. Siuxen erreserbako biztanleek ere martxak egin dituzte zaldi gainean, eta eserialdiak antolatu izan dituzte kamioei eta hondeamakinei bidea ixteko. Erantzuna bestelakoa izan da. Obra zaintzaileek indarrez erantzun dute; joan den astean, zaintzaileen txakurrek protestan ari ziren sei laguni hozka egin zieten.

Behin-behinean, geldituta

Epaitegietatik iritsi zaie itxaropenerako bidea: DC Zirkuituko Helegiteen Auzitegiak lanak
Iturria: Berria.
gelditzeko agindua eman zuen irailaren 16an. Dena den, epaitegiak ez du aztertu proiektua legezkoa den ala ez. Eraikuntza behin-behinean geldituta, auzitegiak denbora gehiago nahi du Standing Rock erreserbako siuxek eskatutako kautelazko neurrien gainean hausnartzeko. Barack Obama AEBetako presidentearen gobernuak ere esku hartu du. Duela hilabete batzuk, auzitegi batek ez zuen onartu lanak eteteko siuxek aurkeztutako helegitea, eta Justizia Departamentuak eta Barne Ministerioak prozesua behin-behinean gelditzeko eskatu zioten ETP Energy Transfer Partners enpresari. Etxe Zuriaren adierazpenen ostean iritsi da DC Zirkuituko Helegiteen Auzitegiak emandako epaia, eta oraingoz debekatu egin dute Oahe lakuaren albo banatan, 32 kilometroko eremuan, lanekin jarraitzea —gainontzeko lekuetan obrek aurrera jarraitzen dute—. Halere, AEBetako Armadako Ingeniari Taldeak eman zion oniritzia 2014an aurkeztutako proiektuari, nahiz eta Ingurumenaren Babeserako Agentziak kontrako argudioak aurkeztu, segurtasunari eta ingurumenari lotuak. 


Dakota Access oliobideak 3.300 milioi euroko aurrekontua dauka, eta, bi mila kilometroko ibilbidea osatuta, AEBetako lau estatu gurutzatuko ditu —Ipar Dakota, Hego Dakota, Iowa eta Illinois—. Hasierako proiektuan petrolio hodiek Bismark Ipar Dakotako hiriburua zeharkatu behar zuten, baina enpresak, segurutzat jo arren, ibilbidea aldatzea erabaki zuen, inguruan jende asko bizi dela iritzita.

Askok jarri dute auzitan oliobideen segurtasuna. AEBetako Segurtasun Administrazioaren datuen arabera, azken 30 urteetan 8.000 ezbehar baino gehiago izan dituzte herrialde osoko gas eta petrolio hodiek, eta kalte handiak eragin dituzte: hiru hamarkadatan 500 lagun baino gehiago hil dira istripuetan, eta batez beste 200 petrolio upel isuri dira egunero. Urteetan luze atzera jo gabe, irailean lau istripu larri izan dira AEBetan; azkena, Sweetwater inguruan, Texasen. Duela urtebete instalatutako hodia puskatu egin zen, eta 125.000 litro petrolio isuri ziren. «Galdera ez da hodia puskatu egingo den ala ez. Galdera da: noiz gertatuko da?», dio Malia Hulleman aktibistak. Hullemanen esanetan, enpresek badakite «lehenago edo geroago» ezbeharrak gertatuko direla.

Ekintzaile batek baino gehiagok iragarri du Dakota Access oliobidea hurrengo Keystone XLa izango dela. Keystone petrolio-hodi sistemak Alberta (Kanada) eta Texas (AEB) estatuak lotzen ditu. Enpresak proiektuaren laugarren adarra jarri nahi zuen martxan, Alberta eta Nebraska (AEB) lotuko zituena, baina Obamaren gobernuak errefusatu egin zuen ideia. «Proiektuak ez du lagunduko gasolioaren prezioa jaisten AEBetan, ez du enplegu egonkorrik sortuko, eta ez du murriztuko kanpoko energia iturriekiko dependentzia», adierazi zuen AEBetako presidenteak iazko azaroan.

XIX. mendeko itunak

Dave Archambault II.a da Standing Rockeko agintari burua. Joan den asteartean, Genevan izan zen (Suitza), NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordean. Archambault II.ak deia egin zien batzordeko 49 kideei «denen artean» Dakota Acces oliobidea gelditzeko. Siuxen liderraren esanetan, AEBetako Gobernuak ez ditu errespetatu tribuekin adostutako akordioak. 1851n Siux Inguruen Ituna sinatu zuten; 1868an, berriz, Fort Laramieko Ituna. Itun horiek AEBetako Senatuak berretsi zituen, eta, hala, aitortu egiten du siuxen nazio burujabetasuna.

Archambault II.ak hitzeman du siuxek ez dituztela besoak jaitsiko. Duela bi aste, Etxe Zuriraino iritsi ziren haien protestak, eta, besteak beste, Bernie Sanders senatari demokratak bat egin zuen martxarekin. Bukaerako hitzaldian erregai fosilak baztertzearen alde mintzatu zen Sanders: «Bizi osoa eman dezakegu oliobide baten eta beste baten eta beste batean aurka borrokatzen, baina norbaitek egin beharko dio aurre benetako arazoari».



GALDERAK:
  1. Laburbildu Siux-en Red Warrior kanpalekuaren gertaerak: Protagonistak, mobilizazioaren zergatiak eta helburua, burututako ekintzak eta auzi legalaren egoera gaur egun.
  2. Zeintzuk eta ze nolako itunak sinatu zuten Siux-ek eta AEBetako Gobernuak? Zer aitortu zien Gobernuak?


Doug Crow, Siux tribuko baliabide naturalen kudeatzailea

Elkartasunaren eta bakearen kanpalekua bihurtu da Red Warrior. “Handia da jasotzen ari garen laguntza”. Eskola bat eraiki dute, eta, hara joandako irakasleei esker, umeek dakota hizkuntza ikasten dute.


Argazkia: Berria
Standing Rock erreserbako siux tribuko biztanleen abizenei erreparatu baino ez da egin behar konturatzeko ingurumenarekin eta naturako elementuekin daukaten harremana. His Horse is Thunder (Bere Zaldia Tximista da), Brave Bull (Zezen Ausarta) eta Sitting Bear (Hartz Eseria) adibide bakan batzuk baino ez dira. «Naturarekin daukagun interesa eta kezka duela mende askotakoa da», dio Doug Crow Ghost (Doug Bele Mamua) siux tribuko baliabide naturalen administratzaileak. Crow 1970. urtean jaio zen, Standing Rock erreserban, eta, duela bi urtetik, arduraz begiratzen dio Missouri ibaiari. Uste du ETP Energy Transfer Partners enpresak ibaiaren azpian egin nahi duen Dakota Access oliobideak «hondamendia» ekarriko duela Standing Rockera.

Nolakoa da bizimodua Red Warrior kanpalekuan? Hilabeteak daramatzazue protestan.

5.000 eta 8.000 lagun artean batu gara Cannon Ball ibaiaren ertzean. Handia da kanpalekua, eta oso baketsua. Eskola bat eraiki dugu, umeek ikasten jarrai dezaten. Bai irakurtzen, bai idazten, bai matematika ariketak egiten. Irakasleak etorri dira eskolak ematera, eta horrela dakota hizkuntza ere ikasten dute [siuxen hizkuntza] haurrek. Guk egunero errezatzen dugu kanpalekuan. Gure ondorengo belaunaldien alde errezatzen dugu batez ere, haiek ez dezaten motiborik izan borrokarako. Gure nahia da gure ondorengo belaunaldiek kutsadurarik gabeko ura izatea, ur garbia edan dezaten.

Elkartasuna sentitu al duzue?

Izugarri. Laguntza handia jasotzen ari gara leku askotatik: AEBetako gainontzeko estatuetatik zein munduko beste hainbat herrialdetatik. Beharrezkoak ditugun gauzak erosten dizkigute, arropak eta janaria batez ere, eta dirua ere ematen digute. Gainera, legeetan adituak direnek gomendioak ematen dizkigute, enpresari nola aurre egin jakiteko. Esker ona adierazi nahi diegu. Haiei esker, uraren alde borrokan ari direnek jantziak dituzte; janaria dute. Eta seguruago daude kanpalekuan.

AEBetako estatu askotako tribuak elkartu zarete oliobidearen proiektua gelditzeko. Esanahi berezia al du tribuen batasun horrek?

Berrehun bat tribu gaude hemen. Gure harremana azken mendeetako onena da. Oso baketsua. Estatu Batu osoan daude halako proiektuak, eta suntsitu egiten dituzte bertako biztanleen kulturak. 500 urte daramatzate berdin jokatzen. Zutitu eta aurre egiten hasi gara. Bizi garen bitartean, gure bizimoduaren alde jarraituko dugu borrokan.

Oliobideak kolokan jarriko al luke zuen bizimodua?

Gure kultura arriskuan dago. Enpresak oliobidea eraiki nahi duen lekuan gure arbasoak eta tribuko kideak daude lurperatuta. Leku sakratu da. Oliobidea Missouri ibaiaren azpitik igaroko da, eta, apurtuz gero, ibai guztia kutsatuko du. Hori gertatuz gero, ezin izango dugu urik edan, ez eta gure abereak elikatu edo lurrak ureztatu ere. Hondamendia ekarriko du.

Zenbat lagun bizi zarete Standing Rock erreserban?

Siux tribuaren populazioa zazpi mila biztanlekoa da Standing Rock erreserban. Baina Missouri ibaiaren bazterretan, ia Mexikoko golkora arte hedatuta, hamaika milioi pertsona bizi dira. Guztiek edaten dute handik ura.

AEBetako Gobernuak huts egin al du tribuen eskubideak defendatzeko garaian?

Ez gobernuak, zehazki; huts egin duena AEBetako Armadako Ingeniari Taldea izan da [talde horrek eman zion baimena ETP enpresari oliobidea egiteko]. Gobernu bati egotzi behar balitzaio errua, Ipar Dakotako Gobernuari egotzi behar genioke.

Zer jokabide izan du orain arte Etxe Zuriak?

Ez da oso aktiboa izan borrokan, baina pauso txikiak ematen ari da. Uste dut laguntzeko prest dagoela.

Uste duzu lagunduko dizuela proiektua gelditzen?

Horren alde errezatzen dugu egunero. Espero dut baietz

Protestak baketsuak izan arren, ekintzaile askok polizien jarrera oldarkorra salatu dute. 

Ez. Poliziak hor daude oliobidea egiten ari diren langileen eta manifestarien segurtasuna bermatzeko. Oliobide enpresa izan da guardiak eta txakurrak lanerako hartuta gu atzera botatzen saiatu dena. 

Tribuok betidanik erakutsi duzue naturarekiko errespetua. 

Kontzientziazio handia izan dugu betidanik. Ez bakarrik urarekiko. Airea, lurra, baliabide naturalak... Bizirik irauteko beharrezkoak ditugu. Gure parte dira.



GALDERAK:
  1. Nolakoa da bizimodua Red Warrior kanpalekuan?

* Iturria: Berria egunkaria.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina