2017(e)ko irailaren 29(a), ostirala

Esklabo beltzen trafikoa: "Kaiola nabigatzaileak"

Grabatua: Esklaboak
Antzinako Erregimenaren Krisia aztertzen ari gara egun hauetan, Industria Iraultzak eta Frantziako Iraultzak behin-betiko desagertarazi baino lehen, XVIII. mendea. Aurreko klasean Kapitalaren eta Burgesiaren goraldia landu genuen, merkataritza kolonialik gabe ezinezko izango zena. Gaur, merkataritza horren oinarria izan zen merkataritza triangeluarra ikusi dugu, esklabo beltzen trafikoa, hain zuzen ere. Eduardo Galeanok (Ispiluak: Mundu ia ororen historia, Txalaparta, 2013) lagundu digu liburuak aipatzen duen kontzeptutik haratago joaten, esklabo hitzaren atzetik diren bizipenak ikustarazten, zenbaki huts horiek guztiak haragitzen: Koroa jantzi orduko, beltz trafikari bihurtutako Espainiako Felipe V.a; esklaboen lehen matxinada Amerikan; quilombo izeneko babeslekuak; Nanny askeen erregina; edota Rosa Mariaren adinak, sei urte zituela, 1725ean, Afrikatik eraman eta Rio de Janeiron saldu zuten emakumearen zorigaiztoko bizipenak...

Kaiola nabigatzaileak

Askatasuna gehien maite zuen esklabo-trafikariak Voltaire eta Rousseau jarri zien izen bere ontzi onenei.
  Hainbat beltz-tratularik erlijio izenez bataiatu zituzten ontziak: Arimak, Errukia, David Igarlea, Jesus, San Antonio, San Migel, San Tiago, San Felipe, Santa Ana, eta Ama Birjina Sortzez Garbia.
  Beste batzuek maitasun-adierazpenak zituzten grazia, jendeteriari, izadiari eta emakumeei: Itxaropena, Berdintasuna, Adiskidetasuna, Heroia, Ortzadarra, Usoa, Urretxindorra, Kolibria, Irrika, Betty Xarmangarria, Polli Ttikia, Zezilia Maitagarria, Hannah Zentzuduna.
  Ontzirik zintzoenek Menperatzailea eta Jagolea [zaindaria] zuten izen.
  Esku-lan zamatu hauek ez ziren sirena hotsez eta suziriz porturatzen, helduak zirela aldarrika. Ez zen beharrezkoa. Urrutik nabaria zen, kiratsarengatik.
  Sotoetan pilaturik ohi zetorren salgai atsitua. Gau eta egun elkarrekin zeutzan esklaboak, mugitu ezinik, guztiz erantsirik bata besteari tokirik ñimiñoena ez galtzearren gainean pixa, gainean kaka, elkarri kateaturik, lepoan lepoei, eskumuturrak eskumuturrei, orkatilei, eta den-denak burdinazko haga luzeei kateatuta.
  Asko eta asko hil ziren itsas zeharkaldian.
  Goizero, itsasora botatzen zituzten jagoleek zamok.

Galeano, Ispiluak, 190-191. orr.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina