Duela urtebete sortu zen Besarkada elkartea eta, geroztik, taldeak ateak zabalik ditu suizidioaren gaiak ukitzen dituenentzat, baita suizidioaren ondorioz maite duten norbait galdu dutenentzat. Gaur, Berria egunkarian, iritzi artikulua argitaratu dute tabu dugun gaia hau lantzeko. Izan ere, gustuko ez badugu ere, sufrimendua eta oinazea existitzen dira, gizonezko zein emakumezko guztion parte dira, nork bere mina du.
Artikulu egileek dioten bezala, egunean 2.500 pertsona inguruk egiten dute beren buruaz bertze, eta izozmendiaren punta baino ez dute erakusten dute horiek, 60.000 saiaketa baino gehiago daudelako. Ezaguna denez, datu horiek ez dira zabaltzen alarma piztuko luketeelakoan, baina ezinbestekoa da arazoaren zenbaterainokoa agerian uzteko.
Besarkada taldeak argi du suizidioa ez dela konponbidea. Ez dute onartu nahi suizidioa onargarritzat jotzen duen uste indibidual edo kolektiboa; ideia horrek anitz sufritzen ari direnenganako utzikeria eta abandonua estaltzen ahal baititu.
Suizidioa, eragotz daitekeen errealitate bat
Irailaren
10a, suizidioari aurrea hartzeko munduko eguna. Ez dugu data horrek
ematen digun aukera galdu nahi, eta agerian utzi nahi dugu beren
buruaz bertze egiten duten pertsonek sekulako hutsa uzten dutela,
atsekabe eta min handia.
Duela
ia urtebete eman genuen Besarkada gure elkartearen sorreraren berri;
taldeak ateak zabalik ditu suizidioaren gaiak ukitzen dituenentzat,
baita suizidioaren ondorioz maite duten norbait galdu dutenentzat
ere. Elkartea elkarri babesa emateko espazio bat da, aurrera egin
ahal izateko.
Badakigu
mendebaldeko gure gizarteotan ez dugula maite oinazearen berri
entzutea; are gutxiago sentitzea; saiatzen gara mina saihesten; eta
horren ondorioa da deus erran gabe sufritzen dugula, ezkutuan,
bertzeek sumatu gabe, «normaltasun» itxurak eginez. Gure ahultasuna
ezkutatzen dugu geure burua babesteko, behin eta berriz erraten
digutelako mundu hau indartsuena dela, kexatzen ez direnena,
baikorrena; erraten digute on egiten digun horretara hurbildu behar
dugula, eta urrundu sufriarazten gaituen horretatik. «Zoriontsu izan
behar dugu». Baina sufrimendua eta oinazea existitzen dira.
Gizakiaren parte dira. Sufritzea ez da normala ez den zerbait, ez da
lotsatzeko modukoa. Sufritzen duena ez da hutsen bat duen pertsona
bat; ez da porrot egin duen pertsona bat.
Nork
bere mina sentitzen du eta nork bere prozesuak bizi ditu min hori
bere bizitzan barneratzeko eta aurrera egiteko. Ez dago eperik, eta
presak ez du balio; ez da borondate kontua, baina argi dago nork bere
kabuz egin behar duela lan. Lan gogorra da, eta, tarteka, nekagarria
benetan. Victor Franklek erraten duen bezala, egia da gure jarrera
giltzarri dela. Baina funtsezkoa da, aldi berean, pertsona eta
gizarte gisa, bertzeak entzuten ikastea, bertzeak ez epaitzen
ikastea, bertzeen prozesuak ulertzea eta errespetatzea, guk ere
bertzeek gu entzutea nahi baitugu, guk ere nahi baitugu bertzeek ez
epaitzea, ulertzea eta maitatzea.
Zenbaitetan,
gure kasuan bezala, atsekabea bat-batean agertzen da, arratsalde bat,
telefono dei bat... Dena aldatzen da, bizitza aldatzen da, eraiki
duzun guztia hamaika zatitan apurtzen da. Jada ezerk ez du zentzurik.
Maite duzun hori galtzeak eragiten duen mina are sakonagoa da
suizidioak dituen konnotazioengatik. Goizero, galderak egiten
dizkiogu geure buruari eta saiatzen gara aurkitzen ez ditugun
erantzun horiek bilatzen; hartzen gaituen erru sentimendua arintzen
saiatzen gara, aurrera egin ahal izateko, energia agortua badugu ere,
burua eta gorputza leher eginda badauzkagu ere. Gure bizitza
«normalizatzeko» saiakerak dira, komunitatean, familian, lagun
artean, gure harremanetan. Anitzetan suizidioaren inguruko estigma
sumatzen dugu, eta horrek mina areagotu bertzerik ez du egiten.
Zenbaitetan ohartu gabe, eta bertze hainbatetan gehiago ohartuta,
baina beti ezjakintasunetik eta gaiari heltzeko beldurretik,
sentitzen dugu guraso, lagun, bikotekide gisa epaitzen gaituztela;
sentitzen dugu, halaber, presionatzen gaituztela aurrera egiteko,
gure egunerokora itzultzeko, deus gertatu ez balitz
bezala.
Suizidioari
buruz hitz egiteko dugun beldurrari eta ezjakintasunari aurre egiteko
informazioa behar dugu, sentsibilizazio kanpainak behar ditugu. OME
Osasunaren Mundu Erakundeak argi eta garbi erran du suizidioari
aurrea hartzeko eta gertatzen direnen kopurua murrizteko programak
jarri behar direla martxan. Suizidioari aurrea hartzen ahal diogu.
Egunean 2.500 pertsona inguruk egiten dute beren buruaz bertze, eta
izozmendiaren punta baino ez dute erakusten datu horiek, 60.000
saiaketa baino gehiago daudelako. Datu horiek ez ditugu zabaltzen
alarma pizteko, arazoaren zenbaterainokoa agerian uzteko baizik.
Populazioaren %10ek aztertu du, une batean edo bertzean, suizidioaren
aukera. Beren burua zauritzen duten gazteena aurrean dugun
errealitate bat da; ulertu behar dugu eta artatu, aurre egin;
hiltzeko asmorik ez badute ere, zauri horien bidez muturreko minari
aurre egin nahi baitiote.
Guk
beti eginen dugu maite ditugun horien alde, eta argi dugu beren
erabakiak muturreko oinazea izan zuela oinarri. Bere buruaz bertze
egiten duenak izugarri sufritzen du, eta bertze biderik ez dagoela
pentsatzen du. Baina guk argi eta ozen erran nahi dugu: ez egin,
laguntzen ahal zaitugu, ez zaude bakarrik!
Suizidioa
ez da konponbidea. Ez dugu onartu nahi suizidioa onargarritzat jotzen
duen uste indibidual edo kolektiboa; ideia hori barneratzen ari da,
pixkana, gizartea, baina, gure ustez, ideia horrek anitz sufritzen
ari direnenganako utzikeria eta abandonua estaltzen ahal ditu. Gizaki
garen aldetik, jarrera hori ez zaigu duina iruditzen. Kolektibo gisa,
suizidioa onargarritzat jotzea arriskutsua izan daiteke, deus ez
egiteko aitzakia izan daitekeelako. Eta denok egin dezakegu zerbait
sufrimendua gure sentiberatasunaren eta laguntzaren bidez arintzeko.
Suizidioari aurrea hartzeko politikek sendoak izan behar dute, eta
konpromisoa erakutsi behar dute dugun errealitatearekin; ezin dugu
errealitate hori bazter uzten eta isiltzen jarraitu.
Besarkada Elkartea
Iturria: Berria, 2017eko irailaren 9a.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina