2017(e)ko martxoaren 22(a), asteazkena

Bakeari, Bizikidetzari eta Giza Eskubideei buruzko II. Jardunaldiak

Nafarroako Gobernuak Bakeari, Bizikidetzari eta Giza Eskubideei buruzko II. Jardunaldiak antolatu ditu; martxoaren 23tik apirilaren 6ra izango dira ekintzak, eta lau proposamen egin ditu, pertsonen duintasunagatiko errespetuari eta Giza Eskubideen defentsari buruzko hausnarketa sustatzeko artearen adierazpen-indarraz baliatzen direnak.

Jardunaldien egitarauan zine-foruma, antzerkia eta musika, mahai-ingurua eta Alepotik (Siria) 
bideo-txat bidez eginen den hitzaldia jasotzen dira; Baluarten http://baluarte.com/eus/hasiera  (Iruñea) izanen dira ekintza horiek guztiak, 19:30ean, doaneko sarrerarekin. Saio horietara joateko gonbidapenak hilaren 14tik aurrera, asteartea, jasotzen ahalko dira leihatilan; pertsona bakoitzeko lau gonbidapen gehienez.

  *   Martxoaren 23an, osteguna. “Mariposas en el Hierro” filmarekin emango zaie hasiera jardunaldiei. Indarkeria mota askoren biktima izan diren emakumeek testigantzak jasotzen ditu filmak. Proiekzioaren ondoren, elkarrizketarako tartea izanen da, Bertha Gaztelumendi filmaren zuzendariarekin.

  *   Martxoaren 30ean, osteguna. Gabriela Ybarrak, Ion Arretxek eta Luis Gardek parte hartuko dute “Biktimen eta bakearen defentsa literaturatik” izenburua daraman mahai-inguruan; beren azken lanari, beren esperientziari eta artetik eta literaturatik giza eskubideen defentsari egiten dioten ekarpena ikusten duten moduari buruz hitz egingo dute. Aingeru Epaltza iruindar kazetari, idazle eta itzultzailea arituko da moderatzaile.

  *   Apirilaren 1ean, larunbata. “Sin adiós-Adiorik gabe” antzerki eta musika proposamena, izanen da; Mireia Gabilondok eta Teresa Calok zuzendutako arte-muntaia da, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren programazioaren barruan aurkeztutakoa, indarkeria jasan zuten hiru lagunen bizitzan oinarritzen dena: Juan Manuel García Cordero, Mikel Zabalza Gárate eta Francisco Javier Gómez Elosegui. Indarkeria deslegitimatzeaz gain, batez ere erail zituzten pertsonen bizitzan oinarritzen da; familien parte-hartzea izan dute horretarako.

  *   Apirilaren 6an, osteguna. Bideo-txat bidez eginen den George Saberen “Buenos dias desde el cielo de Alepo” hitzaldiarekin amaituko dira jardunaldiak. Alepoko (Siria) Marista Urdinetako anaia da Sabe, eta Nafarroako Gobernuaren 2016ko Elkartasunagatiko Nazioarteko Saria jaso zuena. SED Gobernuz Kanpoko Erakundeko lankidetzako teknikari Sara Aldabak ere hartuko du parte. Gerra-gatazken aurreko elkartasunari buruz, beren esperientziari eta Siriako egoerari buruz hitz eginen dute.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina