2017(e)ko martxoaren 31(a), ostirala

Mendillorri BHIko Eskola Kontseilua

Luzea atzoko eguna! 13:35ean lan egutegia bete ondoren, 15:00ak arte luzatu nintzen mintegian klaseak prestatzen. Zertxobait bazkaldu, te berde bat hartu, eta 16:30etan Batxilergoko 1.a gainditu ez zutenentzako azterketa. 18:00etan bukatu eta, jarraian, ondoko gelara sartu Eskola Kontseiluan parte hartzeko. 20:00etan edo bukatu genuen. Polita eguna, ezta?

Ez ziren orduak lasai-lasai eta presarik gabe gai asko aztertu eta eztabaidatu ahal izateko. Hala ere, Eskola Kontseiluak duen garrantzia aintzat hartuta (nahiz eta Espainiako Gobernuak kontrakoa pentsatu eta aholku-organo bihurtu), mahai gainean jarri nahi izan nituen bi kontu hauek:

Batetik, hainbat irakasleok dugun kezka handia irakaskuntza pairatzen ari den kanpoko proben eta PISAren zorigaiztoko ondorioengatik. Bestelakoak izan beharko gure lehentasunak: ematea ikasleei bizitzak planteatuko dizkien erronkei egoki erantzuteko bitarteko egokiak, gaitasunak lantzea, beti ere helburu izanik ikasle motibatuak, autonomoak, kritikoak eta, garrantzitsuena dena, zoriontsuak izatea, ez da gutxi, ezta?.

Bestetik, D eredua eraginkor izaten jarraitzeko, benetako euskarazko murgiltze eredua bermatzeko beharra; horretarako, ezinbesteko ikusten dugu berezko espazio fisikoa izatea, non administrariak, pasabideetako giroa, irakasleok, patioa... euskaldun izanen diren. Oinarri hori bermatuta, murgiltze ereduan sakontzeari helduko genioke, benetako murgiltze eredua izan dezagun. Azken batean, murgiltze eredua euskarazko klaseak baino askoz gehiago da. Hala ere, espazio hori lortu bitartean, ongi legoke sakontze horretan murgiltzen hastea, ezta?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina