2017(e)ko urriaren 9(a), astelehena

Duela 50 urte, CHE Guevara gizona hil zuten, mitoa sortu

 Gizonak ezin du arnasa hartu, leher eginda egoteaz gain asmak gogor zigortzen baitu. Hala ere, azken hatsa eman arte etsi gabe aurrera jarraitzeko kemena du. Ernesto Che Guevara du izena, eta horrela aritu da beti, Kubako Sierra Maestran, Kongoko oihanetan eta, azken hilabetotan, Bolibiako baso eta mendietan.
  Ezagutzen dutenek diotenez, tematia da, eta egoskorra bere zereginetan. Zeharkaldi amaiezinetan nekeak jota hauspo bularrak ixten zaizkionean, beste edonork egingo lukeen moduan gorputza bere onera etorri arte atseden hartu beharrean, hortzak estutu eta atzean ez geratzen saiatzen da, gogorretan gogorrena balitz bezala. Are gehiago, sarritan, motxila astunena hartzen du soinean, ingurukoei eta batez ere bere buruari erakusteko, hala nahi izanez gero, gizakia gai del edozein gauza egiteko.
  Politikan ere horrela jokatu du beti. Nonbait Iraultza bideratzeko baldintzarik ez dagoela entzuten duen bakoitzean, "baldintzak sortu egiten dira!" erantzuten du. Edo, zer eginik ez dagoela entzuten duenean, "dena dago egiteko" ihardesten du. Kubako Iraultza da borondate horren adibide esanguratsuena.
  "Bi, hiru, lau Vietnam sor ditzagun!" idatzi berri du Tricontinental erakundeari bidali eta bere testamentu bihutuko den azken gutunean. Eta hitzetatik ekintzetara, Bolibian sartu da su berri bat piztu asmoz.
  Hezur eta azal besterik ez da bere gorputza, baina nonbaitetik ateratzen du indarra. Barne borondatetik, ezbairik gabe, eta sozialismoaren garaipenaz duen sinesmenetik.
  Alabaina, orain, Bolibiako Quebrada del Yuro izeneko hegian, ez aurrera ez atzera, bertako armadak setiarurik egoteaz gain, indarge eta eri dago. Badaki oraingoan bere indarren muga gainditu duela. Badaki gauza guztiek bezala gizakiaren borondateak ere zeharkatu ezin diren mugak dituela, norberarenak zein gizarteak jartzen dizkionak. Baina ez du amore eman nahi izan.
  Laster hilotz izango da. Begiak urrunean galduta balitu bezala egingo diote argazkia, eta aldizkari eta egunkarien azaletan barrena zeharkatuko du mundua. Gizona hil dute, mitoa sortu.

Joxe Iriarte Bikila, Iraultzen maratoia, Txalaparta, 2002, 185-186. orr.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina