2017(e)ko urriaren 12(a), osteguna

Urriaren 12a, Herri Indigenen Eguna

Nafarroa Garaiko Parlamentuak erabaki du Herri Indigenen eta Kultur Aniztasunaren Eguna izatea urriaren 12a. Gobernua babesten dute lau alderdiek proposatu eta onartu dute. Memoriaz eta Historiaz ari garenean, Egiaz, Justiziaz eta Erreparazioaz ari gara. Justizia eta Erreparazioa, tamalez, nahiko urrun badira ere, izugarri ekimen polita dugu erabaki hau, 1492ko urriaren 12 hartan abiatu zen zorigaiztoko prozesu historikoak suposatu zuena hobeki ezagutzeko.


Kolon

Haizeteen orroei eta mamutxa itsasontzijaleen goseari erronka eginez, Kristobal Kolon almirantea itsasoratu zen.
  Berak ez zuen aurkitu Amerika. Mende bete lehenago helduak ziren bertara polinesiarrak, bost mende lehenago bikingoak. Eta guztiak baino hirurehun mende lehenago, lur hauetako biztanlerik antzinakoenak ziren helduak, Kolonek indio deitutakoak, Ekialdera atzeko atetik sartua zela uste izan baitzuen.
  Bertoko horiek ziotena ulertzen ez zuenez, mintzatzen ez zekitelakoan zen Kolon; eta biluzik zebiltzanez, otzanak oso eta dena ezerezaren truke ematen, jende adimentsua ez zirelakoan.
  Bere bidaiek Asiara eramana zutelako ziurtasuna betean hil zen arren, zalantzan ere egona zen Kolon. Bigarren bidaian uxatu zituen baina, zalantza oro. Bere ontziak Kubako badia batean ainguratuta, 1494ko ekainaren erdi aldean, hura Txina zela ezartzen zuen agiria aldarrikatu zuen almiranteak. Bere marinelek ere halaxe aitortzen zutela ere adierazi zuten idatziz; eta norbaitek aurkakorik esanez gero, halakoari ehun zartako eman, hamar mila maravediko isuna jarri eta mihia moztu egingo ziotela.
  Azpian, sina egiteko gauza ziren marinel urrien sinadura.


Eduardo Galeano, Ispiluak. Mundua ia ororen historia, Txalaparta, 2013, 134-135. orr.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina