2015(e)ko apirilaren 28(a), asteartea

Gaztelugatxe, Bizkaiko gaztelu nafarra

  Aurreko aste buruan memoria gune anitz izan genuen Pirinioetako bi aldeetan: Gernikako bonbardaketaren 78. urtemuga, Baigorriko Nafarroa Eguna... eta mila txoko txiki, gure historiak pairatzen duen inbisibilizazio prozesu luzeari umilki aurre egiten saiatzen direnak. Bizkaiko mutur eder batean topa dezakegu  Nafar historiaren zatitxo bat, baskoiek haien buruari berezko egitura politiko-administratiboa eskaini zioten garai hartakoa. Hona hemen Gaztelugatxeko ermitara igo baino lehen, Nafarroa Bizirik elkarteak ezarritako zutarria:

Gaztelugatxe

Gaztelugatxe
Argazkia: Patxi Abasolo
  Gaztelu baten existentzia jasotzen da Antso III. Nagusiaren semea zen Gartzia III. Nafarroako erregearen garaietako dokumentazioan, 1053. urtean. Eneko Lupiz tenentearen eta bere emaztea zen Todaren bidez, Gaztelugatxe, Sancti Johanis de Castiello izenarekin agertzen dena, dohaintzan eman zioten Aragoiko San Juan de la Peña monastegiari. Hurrengo aipamena 1172an agertuko zaigo, López da Haro Bizkaiko jauntxoak Gaztelako Santa María de la Vid ordenaren aldeko dohaintza egin zuenean.
  1200an Gaztelako Alfonsoak Durangaldea, Gipuzkoa eta Araba lurraldeak konkistatu dizkio Nafarroako Antso VII Azkarrari, 1176an bi erresumen artean sinatutako hitzarmena apurtuz.
  Hurrengo aipamena 1334an agertuko da. Leku honetan babesa hartu zuten jauntxo bizkaitar batzuek, Juan Nuñez de Lararen alde eta Alfonso XI. Gaztelako erregearen aurka aritu zirenak. Azken hauen artean agertzen ziren Joan Mendotzakoa eta Martin Arostegikoa bermiotarrak. Gaztelaren erregearen eraso bortitzaren aurrean, euskaldun ausart hauek, Gaztelako armadaren erasoak erresistitu zituzten hilabete bat baino gehiago, eta honek behartu zuen Gaztelar erregea eta bere armada erretiratzera.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina