2015(e)ko maiatzaren 8(a), ostirala

Abel Azkona, "Lurperatuak": Arte eta Memoria


  Abel Azkona artista iruindarrak hogeita hamar pertsona lurperatu zituen iragan ostiralean, Iruñeko Erorien Monumentuan. Lurraren azpian memoria dagoela salatu nahi izan du.

Argazkia: http://www.affna36.org
  Soinu berezia egiten du euriak plastiko beltzen kontra erortzean. Tap-tap-tap. Hori da Iruñeko Rodezko kondearen plazan entzun daitekeen hots bakarra, bertaratutako dozenaka bagunek isil-isilik begiratzen baitiote artistari, harka lur beltza esku artean hartu eta harlauza bustien gainean etzanda dauden boluntarioei botatzen dien bitartean. Hogeita hamar bat dira. Oinutsik. Begiak itxita. Mutu. Euritea zakartuz doa pixkanaka. Ekitaldia hasi eta berehala, dena dago blaitua: arropa, aurpegiak, harriak, oin biluziak... Honezkero, hoztan hasiak dira hilotzak.

  "Gaurko protagonista ez naiz ni, fusilatuen senideak baizik. Tolosatik (Okzitania) edo Zaragozatik (Espainia) Iruñera etorri diren horiek guztiak elkarrizketatu beharko zenituzkete", esan zien bertaratutako kazetariei. "Benetan hunkarria da 80, 85 edota 90 urteko gizon-emakumeak hemen ikustea. Euren gorputzak eman dituzte artea eta memoria uztartzen dituen proiektu honetarako, eta hori txalogarria da".
Boluntario horietako bat izan zen Arcadio Ibañez San Juan, Miranda Argako bizilaguna. Haren baratzetik ateratakoa zen performancean erabilitako lur guztia. Bost senide hil zizkioten Ibañezi 36ko gerraren ondorengo urteetan: aita eta lau osaba-izeba. Haien gorpuak desagerturik daude oraindik, baina Deikaztelu inguruan egon litekeela uste du.

Faxismoaren monumentua
  Azkonarentzat, ezinbestekoa zen norbanakoen oroitzapen horiek guztiak Iruñeko Erorien Monumentuaren aurrean biltzea, "herri honetan dena baita tabu". Artista iruindarrarentzat Rodezno kondearen plaza "memoriarik ezaren hiriburua da". "Nik arte ikasketak egin nituen gaztetan, eta Erorien Monumentuaa ez da artea. Diktadoreei gorazarre egiten dien eraikin faxista bat besterik ez da. Horrexegatik, plaza hau faxismoaren biktimen senideekin betetzea itzela da, historiari buelta ematea da".
  Francoren alde borrokatu zirenak omentzeko eraiki zuten Erorien Monumentua, eta ikur frankista ugari biltzen ditu eraikinak oraindik ere. Ikurren legea betetzeko asmoz, gehienak estali ziren, baina ez ziren ezabatu. Horrez gainera, Mola eta Sanjurjo jeneral kolpisten hilobiak daude monumentuaren sotoan, eta haien omenezko meza egiten da urtero, uztailaren 18ko altxamenduaren urteurrenean. Lurperatuak lanarekin, historia beltz hori azaleratu egin nahi izan du Abel Azkonak.


Iturria: Ion Orzaiz, "Ahanzturaren kontrako artea", Nafarroako Hitza, Berria, 2015eko maiatzaren 8a, 5. or.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina