2015(e)ko urriaren 4(a), igandea

Omenaldia Nafarroako Diputazioko 33 langile errepublikazaleri (1936-2015)

  36ko gerran, Nafarroako Diputazioarentzat lan egiten zuten 33 pertsona hil zituzten frankistek. 79 urteren ondoren, gobernuak omenaldia egin eta plaka bat inauguratu du. Hona hemen Joxerra Senar kazetariak gaur  Berrian idatzitako kronika.

Harlauza altxatu da
Argazkia: A. Canellada (Berria)
Ramon Ramos Garcia Nabaskozekoa zen, baina urteak zeramatzan Iruñean, Nafarroako Diputazioarentzat lanean. 36ko gerra piztu eta hamahiru egunera, uztailaren 31ko 15:30ean, etxean atxilotu zuten bere aita Jose Ramosekin batera. Eskuak lotuta zezen plazara eraman zuten, eta, biharamunean, handik atera eta Zizurren hil zuten frankistek. Gerra ondoren hil ziren 3.500 nafarren artean, 33k Nafarroako Diputazioarentzat lan egiten zuten. Horietako bat zen Ramon. Hildakoen artean, bidezainak, ospitaleetako langileak eta inspektoreak zeuden. Diputazio haren oinordeko den gobernuak inoiz ez die omenaldirik egin. Ahanztura ofizialak 79 urte iraun du. Azkenik, atzo, Nafarroako gobernu berriak harlauza astun hori altxatu eta omenaldia egin zien. 
Ekitaldi hunkigarria izan zen. Jauregiko patioan lehen aldiz 33 langileen izen-abizenak entzun ahal izan ziren, biolinaren doinupean. Zelaida Biurrun biolin joleak lehen akordeetan Errepublikako ereserkiaren doinua jo zuen [...].
Ricardo Mulak bere aita Francisco Mula izan zuen gogoan. Izquierda Republicanako militantea zen: 1937an eraman zuten Oronoz Mugairitik, eta handik gutxira hil. «Oraindik haren arrastoen bila jarraitzen dut Lantzeko inguruetan. Sufritu dugunok izan ezik, inork ezin dezake imajinatu zer den hainbeste urtez sufritu ondoren gure ametsa eta helburua lortzea: omenaldi hau errealitate egitea». Gogoan izan zuen bere ama «ausarta, maitasunez hiru haur aurrera atera zituena». Nafarroa «gris eta beldurti hartatik» atera behar izan zuten ihesi, «ez baitzitzaien bizitza normal eta lasaia egiten uzten familia errepublikanoei».Amaieran, jauregiaren aurrean, hildakoen omenezko plaka inauguratu zuten, eta senideek zein herritarrek krabelin gorriak eskaini zituzten. Horietako asko hunkituta zeuden. Atzotik, 33 pertsonaren izenak ikusi ahalko dira gobernuko atari nagusian.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina