2016(e)ko otsailaren 3(a), asteazkena

#OscarsSoWhite


 Segregazioak badirau. Bigarren urtez jarraian, aktore beltzik ez dago Oskar sarietara  izendatutakoen zerrendan. Hainbatek iragarri dute protesta gisa ez direla joango. Mugimendua zabaltzen ari da, eta sareak astintzen ari da #OscarsSoWhite kanpainarekin. Aniztasuna sustatze aldera, aldaketak hitzeman ditu azkenean Hollywoodeko Akademiak. Baina badirudi jada berandu dela otsailaren 28ko gala polemikarik gabe igarotzeko.

Hattie McDaniel aktorea, 1940ean.
 Los Angeles Times kazetak plazaratutako datuen arabera, akademiako kideen %93 zuriak dira; %73, gizonezkoak; eta 63 urte da haien batez besteko adina. Horiek dira hautagaiak aukeratzeko boterea dutenak. Eta, orain arteko sarien historiari erreparatuta, gutxitan aukeratu eta saritu izan dituzte aktore beltzak. Sariek 88. aldia izango dute aurtengoa, eta urteotan guztietan soilik 25 aktore beltz izendatu izan dituzte sarirako hautagai —izendatu guztietatik %1,5 baino gutxiago—. Gutxiago izan dira sarituak. Hattie McDaniel izan zen lehena, 1940an; taldeko aktorerik onenaren saria eman zioten Gone with the Wind filmean neskamearen rolean egindako interpretazioagatik —galan ezin izan zen pelikulako taldekideekin batera eseri, segregazio neurriak indarrean izanik, beltzentzat bereizitako gune batean eserarazi baitzuten—. Aktore protagonista onenaren saria lortzen lehena, berriz, Sidney Poitier estatubatuarra izan zen, 1963an, Lilies of the Field filmean egindako lanari esker. Eta haien atzetik saritu dituzte urteotan Louis Gossett Jr., Whoopi Goldberg, Cuba Gooding Jr., Halle Berry, Denzel Washington, Morgan Freeman, Jamie Foxx, Forest Whitaker, Jennifer Hudson, Mo'Nique, Octavia Spencer eta Lupita Nyong'o.


* Informazio gehiago: 



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina