2014(e)ko abenduaren 26(a), ostirala

Ziberbullying, gainditzeko dagoen ikasgaia

   Gaur BERRIACybergprogram 2.0ren berri izan dugu, EHUko hainbat ikerlarik abiatu duten programa, ikasleek Internet bidez pairatzen duten jazarpena (ziberbullyinga) eteteko asmoz. Eskolako jazarpenaz zein, zehazki, ziberbullyingez atera diren datuak eta zifrak izugarrizkoak dira. Maite Garaigordobil psikologoak dioenez, eskolan hasi baino ez da egiten jazarpena. Hori dela eta, funtsezkoa da lankidetza bultzatzea familiaren eta ikastetxeen artean. Hadi egon gaitezen, asko dago jokuan!

Gainditzeko dagoen ikasgaia


Argazki Press
Etenik gabekoa da jazarpena. Aurrez aurrekoak ziren lehen kolpeak; birtualak dira orain sarearen zurrunbiloan. Nerabeen arteko eraso fisikoek bere horretan jarraitzen badute ere, kasuak ikastetxetik irteten ari dira. Bizkorra izaten ari da desplazamendua, eta ziberbullying-a da gaur-gaurkoz arazorik handiena. Sareko bullying-a indar handiz zabaltzen ari da: gero eta gazteagoak ari dira pairatzen. Biktimari beste eraso mota batzuek adinako eragina laga diezaiokeela diote adituek. Jasateko aukera handiagoa da, eta geraraztekoa, ostera, zailagoa. Interneteko sare sozialek eta gailu berriek, oro har, esku hartzea zaildu dute, are eta nekezagoa baita erasotzaileei trabak jartzea. Gazteen arteko indarkeriaren akuilu bihurtu da sarea, ikastetxetako jolastokiak ez ezik. Egoeraz kezkaturik, EHUko zenbait ikerlarik Cyberprogram 2.0 izeneko programa sortu dute, Internet bidezko erasoak saihesteko eta gutxitzeko asmoarekin. Maite Garaigordobil EHUko irakasle eta Psikologian katedradunak gidatu du egitasmoa; martxan dago iaztik Gipuzkoako hiru ikastetxetan.

Programak DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko 3.026 estudianterekin egindako ikerketa batean du jatorria. Eskolako jazarpenaz galdetu zieten iragan urtean 12 eta 18 urte arteko ikasleei, eta datuek diote kezkatzekoa dela egoera: ikasleen %83,7k aitortu dute eskola jazarpen egoeraren batean esku hartu dutela azken urtean; horietako %39,2k jakinarazi dute biktimak direla, %38,4k erasotzaileak eta %79,5ek halakoak ikusi dituztela. Hiru biktimatik bi erasotzaileak dira, hortaz, ikerketaren arabera. Kopurua zertxobait apalagoa da ziberbullying-ari erreparatzerakoan: hirutik bat da erasotzailea. %30,3k adierazi dute jazarri egin dietela noizbait sarean, %15,5ek tratu txarrak eman dituztela, eta beste %65,1ek ikusi egin dituztela.

Galdetegi eta ariketa sorta bat dakar programak, erasoa identifikatzen ikasi eta ondorioak ateratzeko. Eztabaida moduko saioak ere atontzen dituzte astean behin, taldean. «Ikasleak arriskuez jabetzea, hausnartzea eta estrategiak bilatzen jakitea da asmoa».

Ordenagailuak eta sakelako telefonoak jazarpenerako bide gero eta ohikoagoak dira. Hain justu, erasoen artean soilik Internet bidezkoek egin dute gora. Sareak errotik eraldatu ditu nerabeen arteko harremanak; erraztasunak eskaini dizkien arren, arriskuak «agerikoak» dira: anonimotasunaren babesean beldurra sorraraztea, argazkiak baimenik gabe partekatzea, pasahitza lapurtzea, norbaiten tokia hartzea, dei iraingarriak egitea... «Etengabeak» eta ugariak dira erasoak.

Garaigordobilek ohartarazi du muturreko kasuek suizidioa eragin dezaketela. «Kasurik okerrenetan». Ez du neurri askirik ikusten arazoa saiheste aldera. Areago, erasotzaileen kontra egin beharrean, «zama guzti-guztia» biktimen gain lagatzen dela salatu du: «Jazarpen kasu bat antzematen denean, sarritan biktimek egin behar izaten dute eskolatik alde, eta hala, behintzat, ez da lortzen arazoa konpontzea. Erasotzailea lehengo lekuan geratzen da». Erantsi du gizarteak ez diela «erantzun aproposa» ematen halako kasuei. Jazarpenari aurre egiteko zenbait protokolo aipatu ditu, baina «bistako hutsuneak» ikusten dizkie. «Arazoa ziztu bizian ari da zabaltzen». Irakasleak iritzi dio, halaber, ikastetxeek ez dutela erreminta askirik.

Momentuan bakarrik ez, luzera ere eragina izaten du Internet bidez jasandako jazarpenak; ondorio «larriak» biktimentzat. Baina ez soilik haientzat. Erasotzaile eta behatzaileentzat ere eragin «kaltegarriak» dauzka, Garaigordobilen aburuz. «Gazteen nortasuna garatzeko traba da, betiko markatuta geratuko baitira. Izan eskolan, sarean edota kalean parekoa da: denak dira galtzaile».

Sentsibilizazioa eta enpatia
Garaigordobilek adierazi du programarekin orain arte erdietsitako emaitzek frogatu egin dutela «tresna eraginkorra» dela, «berdinen arteko indarkeria murriztu eta prebenitzeko». Programa darabilten zentroetan erasotzaileen kopurua jaitsi dela azaldu du.

Zehazki hori da erronka: biktima, erasotzaile eta behatzaileen «isiltasuna» apurtzea. «Ohartu behar dira salatzailea ikasle solidarioa dela, ez aho handi bat. Baina asko isildu egiten dira beldurragatik». Bereziki, biktimarekiko enpatia jorratu dute. Nerabeen jokabide positiboan eta autoestimuan jarri dute berebiziko arreta, «erasotzaileen eta erasoa ikusi dutenen jarrera eraldatzeko».

Garaiz eta ikuspuntu anitzetatik esku hartzeko premiaz mintzo da Garaigordobil. «Erabat beharrezkoa da prebentzioa, baina nola egin? Hor dago koska». Sentsibilizazioan eragitearen aldekoa da, uste baitu Euskal Herrian inguruko herrialdeetan baino handiagoa dela. Alabaina, argitu du oraindik asko dagoela egiteko.

Eskolan hasi baino ez da egiten jazarpena. Hori dela eta, funtsezkotzat jo du lankidetza bultzatzea familiaren eta ikastetxeen artean. «Prebentzioa garrantzitsua bada ere, familia da giza garapenerako lehen sozializazio eremua. Biktimari eragindako kaltea konpontzen lagundu behar diote gurasoek erasotzaileari. Ezinbestean».

Ez da arazoa ezkutatu edo ukatzearen aldekoa. Jazarpena detektatzen den unetik esku hartu behar da: «Muinari heldu behar diote gurasoek: ezin dute esan jokaera desegoki horiek haurren kontuak direnik». Seme-alabekiko «afektibitatea» arrazoizko zigor eta diziplinarekin uztartzen dituzten ereduak ditu egokitzat; ohartarazi du gehiegizko zigorra darabilten ereduek seme-alaben jarrera antisozialak indartu egiten dituztela : «Seme-alabekiko maitasun eta konpromiso urriegi eta zigor gehiegi ikusi ditugu erasotzaile gazteen familietan».


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina