2016(e)ko azaroaren 27(a), igandea

Fidel Castro Ruz (1926-2016): Bizitza bat historiari emana

Ostiraleko azken albistegiaren ondoren, gauerdian, eman zuten Fildel Castro Kubako iraultzaren lider historikoaren heriotzaren berri. Habanan, 90 urte zituela, hil egin da Historia Garaikideko ikur nagusietako bat, mundu osoko ezkerraren erreferentea.

Iraultzaren garaipena. Fidel, fusil batekin. Bere
 eskuinean Raul anaia, iraultzaren garaipena ospatzen.
Ostiraleko klasean, Batxilergoan, amaiera eman genion 1. Ebaluazioko gaitegiari, Langile Mugimendua gaiari, hain zuzen. Jauzi ederra eman genuen XIX. mendetik orainera Iñaki Petxarroman-ek idatzitako Eta hurrengoa, Le Pen artikuluarekin (Berria, azaroaren 11). Bertan azaldu zitzaizkigun gelan landutako kontzeptu piloa: marxismoa, sozialismo erreala, sozialdemokrazia, Sobiet Batasuna, estalinismoa, kapitalismo neoliberala, nazismoa, faxismoa, bankuak, multinazionalak, brexit-a, Europako Batasuna... Nola imaginatu, une horretan bertan, prozesu historiko horien protagonista bat, XX. mendeko historiaren lekuko pribilegiatua zena, ihes egiten ari zitzaigula?

Honetan Fidel-i berari emango diogu hitza, berak azal diezaigun alderdi ortodoxoarekin eta marxismoarekin izaniko lehen harremana:

"Karrerako lehen urteotan oso lotuta egon nintzen Alderdi Ortodoxoaren aldekoak ziren unibertsitateko adiskideekin. Ni bat nentorren mugimendu harekin. Aurrerago, gustuko ez nituen gauzak ikusten hasi nintzen. Kontzientzia politikoa erradikalagoa hartuz joan nintzen, eta Lenini eta Marxi buruz gehiago jakiten hasi. Engels ere irakurtzen nuen, eta filosofia lan ugari, baina, batez ere, Marxen teoria politikoak. Ondorioztatu nuen ekonomia kapitalista zentzugabea zela. Lehenagotik ere komunista utopikoa nintzen, oinarri zientifiko eta historikorik gabea. Oso gaizki hartzen nituen pobrezia, injustizia, desberdintasunak... Marxen Manifestu Komunista-k eragin handia egin zidan, ze haren ondorioz gauza batzuk ulertzen hasi nintzen. Gizartea zer den erakutsi zidan marxismoak".

3. Ebaluazioan izanen dugu aukera Fidel Castrok bizi eta protagonizatu zituen gertakari historikoak lasaiago aztertzeko. Momentuz, hona hemen, Kubako iraultza garaile atera ondoren, Carlos Pueblak sortutako kanta: "Y en eso llegó Fidel" .

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina