2016(e)ko azaroaren 4(a), ostirala

Gaztetxeak, auzoko lokal sozial autogestionatuak

Gaur blog honen egilearen beste alde bat aurkeztu nahi dizuet, 2010etik Arrotxapeko Ezkaba aldizkarian egindako ekarpena. Herri aldizkaria da Ezkaba, hurrengo urtean 25 urte beteko dituena, beti ere lan militante edo boluntarioa ardatz. Historia atalaren ardura dut; hala ere, maiz bestelako saltsatan ere sartzen naiz. Honetan duzue Arrotxapeko Gaztetxeko gazteei egindako elkarrizketa. Aldizkaria irakurri nahi izanez gero, klik bat besterik ez duzu egin behar. On dagizula!




ARROTXAPEko GAZTETXEA:
AUZOKO LOKAL SOZIAL AUTOGESTIONATUA


Argazkia: Aritz Iriarte
La Rochapea ya tiene Gaztetxe. El 3 de septiembre cuarenta jóvenes rochapeanas ocuparon un taller sin uso desde el año 2008. Durante estas semanas, han sido muchas las personas que se han acercado a tomar parte en este precioso auzolan, limpiando y pintando el local, o en las distintas actividades diseñadas para todas las gentes del barrio.

2011ko urtarrilaren 30ean, igande gauean, polizia nazional espainolak eta udaltzainek bortizki aterarazi zituzten okupak Irule gaztetxetik. Aurreko egunean, larunbatean, Kapitalismotik at taldeak  egindako deiari jarraiki, ehun bat gaztek okupatu egin zuten Marcelo Celayeta kalean hutsik zegoen industria-nabe bat. Honako helburua zuten: “aske gune bat sortu, non espekulaziotik kanpo bizi ahalko ziren”. Astirik ez zuten izan, ordea. 24 orduko esperientzia izan zen Irule gaztetxearena, Arrotxapeko azken esperientzia okuparena.

Bost ure beranduago, 2016ko irailaren 3an, larunbat goizean, gazte talde bat sartu egin da Artika kaleko 28. zenbakiko eraikinean. Hainbat urtez Carser autobus enpresaren lantegia izan zen, eta hutsik zegoen 2008. urtetik. Gaztetxe berriko proiektuaz hitz egiteko goizegi bada ere, Ezkaba aldizkaria hurbildu egin da aske gune izan nahi duen lokal honetara, bertan diren gazteen asmoak zuzenean ezagutu ahal izateko.

Ezkaba: Nortzuk zarete?
Eunate Orkin
Argazkia: Patxi Abasolo
Eunate Orkin: Gehienak oraingo Gazte Mugimenduko kideak gara, lehengo Gazte Asanbladakoak, auzoko gazte piloa eta auzokoa ez direnak, guztiok lanean, dena aurrera eraman ahal izateko. Gazteenak ikasleak gara, 15 urtetik 20 urtera, hortik aurrera gehienak langile gazteak.

Ezkaba: Non gaude?
Eunate.: Artika kalean, 28. zenbakian, Gaztetxean.

Ezkaba: Zer da Gaztetxe bat?
Eunate: Gaztetxe hitzak badarama gazte izena, baino auzo osoari zuzendutako lokal bat izanen da. Antolatu dugu ekintza piloa jende guztiari zuzenduta, txikiei zein helduei. Auzoari irekita izanen den lokal sozial bat.

Ezkaba: Zergatik Gaztetxea eta ez Etxe Okupatua?
Eunate: Uff!.., bada proiektu bat gazteek eta gazteentzako sortua, antolatuko ditugun gauzak  jende guztientzako izanen dira, baina, bai, bereziki gazteei begira izanen da lokala.

Ezkaba: Zer dela eta okupazio hau?
Eunate: Duela hiruzpalau urte egin zen gazte diagnosi bat. Etxez etxe joan zen gazte guztiengana galdezka ea zeintzuk ziren gazteen beharrak eta ikusi genuen lokal bat behar genuela.

Ezkaba: Zergatik orain?
Eunate: Ikusi dugulako momentu egokia dela, errezago delako hemen irautea aurreko udalarekin baino.

Ezkaba: Ba al du zerikusirik Iruñeko Gaztetxea sortu izanak?
Eunate: Ez dakit, nik uste ezetz, auzoan anitz Gaztetxe izanditugu. Urteak eman ditugu Gaztetxerik gabe, behar hori ikusten genuen, orain izan dugu aukera eta aprobetxatu dugu.

Ezkaba: Zein izan da Udalaren jarrera?
Eunate: Ez da gurekin kontaktuan jarri. La Carbonilla izan da Udalak eskaini digun aukera bakarra, baina gazteok badaukagu bestelako nahi eta beharrak.

Ezkaba: Udaltzainen istorioak ere izan dira, ezta?
Eunate: Bai, sartu ginenean, hurrengo egunean kide bati isuna jarri zioten zebrabidetik ez pasatzeagatik, probokazio hutsa izan zen, ez zutelako isunak jartzeko aitzakirik, eta egoera horretaz baliatu ziren horretarako.

Ezkaba: Zergatik hautatu duzue lokal hau?
Eunate: Uste dugulako lokal honek behar guztiak asetzen dituela, handia da eta nahiko ongi dago kokatua auzoan, Matesa ondoan dagoela esatearekin nahikoa da hona erraz hurbiltzeko.

Ezkaba: Iruñeko Gaztetxeak udalaren onespena jaso du. Ba al da bestelako desberdintasunik  zuen egitasmoarekin?
Eunate: Nik uste dut lokala bera, askoz handiago da, eta gu bi astetan aurreratu gara piloa, Iruñeko Gaztetxea baino gehiago mugitzen garelako, nik uste hori dela nabariena.

Ezkaba: Eta La Carbonillarekin?
Eunate: Tamaina da nabariena, La Carbonilla osoko gela guztiak batuta ez dira ezta lokal honen erdia ere. Badaukagu ere askatasun handiagoa, adibidez, La Carbonillan ezin da kontzerturik egin, euria egiten badu ezin da bazkaririk antolatu, eta hemen bai.

Ezkaba: Nola erantzun du auzoak? 
Eunate: Auzokideen aldetik harrera ona izan dugu, beti dago salbuespenen bat, baina pasatzen diren gehienek animoak ematen dizkigute.

Ezkaba: Nolakoa izan da bestelako erakundeen erantzuna?
Eunate: Auzoko EH Bilduk azaldu du interesa, baina azkenean ez da asanbladara hurbildu.

Ezkaba: Udal ordezkariren bat?
Eunate: Ez, ez da inor interesatu.

Ezkaba: Nola funtzionatzen duzue, nola zaudete antolatuta?
Eunate: Asanbladaren bidez, eta baditugu hiru lan talde: propaganda eta komunikazio taldea, egitasmoa auzora zabaltzen duena; aisialdia taldea, egitaraua antolatzen duena (hitzaldiak, kontzertuak, pintxopotea eta abar), eta lan taldea, eraikuntza-lanaz zein garbiketaz arduratzen dena. Bagaude nahiko antolatuta, eta ostiraletan, 19:00etan, Asanblada orokorra egiten dugu. Komunean jartzen dugu lan talde guztiek egin dutena eta gero baldin badaude bestelako puntu gehiago, bada,  horiek jorratzen dugu. Auzolanak goizeko 10:00etatik eta arratsaldeko 14:00etatik aurrera dira.

Ezkaba: Aske gunea... genero ikuspegi batetik ere bai?
Eunate: Bai, adibidez obra-ondakinak ateratzen ari ginenean konturatu ginen horretan ari ziren guztiak mutilak zirela, eta lau neska hurbildu ginen obra-ondakinak ateratzera. Guztiok, neska zein mutilok aritzen gara elkarrekin. Gazte Mugimenduan beti izan dira gehiago mutilak, horretaz konszienteak gara, eta orain neska gehiago parte hartzen ari gara.

Ezkaba: Azken batean, lokal fisikoa baino, baloreetan oinarritutako proiektua.
Eunate: Bai, toki fisikoa da gauzak antolatzeko, baina garrantzitzuena da auzoaren bizitasuna lortzeko egin behar den proiektua.

Ezkaba: Eskaintza kulturala anitza eta zabala bermatzen ari zarete. Ze nolako erantzuna jasotzen ari da?
Eunate: Bai, hitzaldiak, zine emanaldiak, kontzertuak... Oso balorazio positiboa egiten dugu. Lehenengo pote pintxoarekin flipatuta gelditu ginen, jende mordoa etorri zelako, gazte aunitz auzo desberdinetatik eta auzokide piloa. Oso animaturik gaude, ikusten dugulako jendea hurbiltzen dela, batzuk auzolanera, beste batzuk ekitaldietara...

Ezkaba: Nola ikusten duzue Gazte Mugimendua?
Eunate: Oso indartsu. Uste dut egon dela inkomunikazio pizka bat gazte mugimenduaren eta herri mugimenduaren artean, gazte mugimenduak ez daki zer egiten ari den herri mugimendua eta alderantziz, orduan nik uste krisi dagoela jendeak pentsatzen duelako “ba, beste batek egingo du!”, eta egin behar dena da guztiok inplikatu.

Ezkaba: Nola ikusten duzue auzoa?
Eunate: Iruñeko auzoko handiena gara eta herri mugimendu ahulena dugu. Hau da nire ikuspuntu pertsonala. Nik uste jendea iratzarri behar dela eta auzoari behar duen bizitasuna eman.

Ezkaba: La Carbonillan talde piloa biltzen dira. Ba al duzue auzoko bestelako taldeei zabaltzeko asmorik?
Eunate: Oraindik ez dugu horretaz Asambladan hitz egin, baino puntu nabari bat da auzora gehiago zabaltzea, denbora beharko dugu pentsatzeko nola egin.

Ezkaba: Aurrera begira, zer?
Eunate: Espero dugu etorkizun luzea izatea. Ez dakigu zer gertatuko den, baina gu oso itxaropentsu gara, guk iraunen dugu, eta auzorako kristona izanen da.

Ezkaba: Zerbait nabarmendu nahi, mezu berezirik bidali nahi?
Eunate: Animatu guztiok etortzera. Gaztetxea auzo osoari irekita dago, ez soilik gaztei. Eta adi egoteko eta irakurtzeko auzoan zehar jartzen ditugun kartelak.


Testua: Patxi Abasolo López
Argazkiak: Patxi Abasolo eta Aritz Iriarte
Ezkaba aldizkaria, 238. zka., 2016ko urria.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina