2016(e)ko azaroaren 22(a), asteartea

Ikasleak eta sakelakoa: debekatu ordez, arauak jarri

Artikulu interesgarria gaur Berria-k eskaini diguna. Iñaki Berastegi kazetariak dioskunez, gero eta lehenago erosten diete gurasoek haurrei lehendabiziko sakelakoa. Gurasoek, ordea, gutxi kontrolatzen eta arautzen dute sakelaken erabilera, eta horrek, sarritan, arazoak sortzen dizkie haurrei: "ziberbullying"-a edo sarean norberaren datuen kontrola galtzea, besteak beste. Hona hemen bi orrialde horietatik ateratako hainbat pasarte:

Iñigo Uriz / Argazki Press
Hamar eta hamabi urte artean erosten zaie haurrei lehenbiziko sakelakoa, nahiz eta lehenago jasotzen dutenak ere badiren. Erosketa horrek lehen hezkuntzatik bigarren hezkuntzarako jauzi horrekin ere bat egiten du. Adituen ustez, ikertu gabe dago zein den telefonoa erosteko adin egokia, eta beraz, zehaztea oso zaila da.

Egun, sakelakoak deiak egin, jaso edo mezuak bidaltzeko baino tresna askoz ere konplexuagoak bihurtu dira, Internetek ematen dituen aukerei esker. Hala, horien erabilera okerrak, eta gehiegizkoak, arazoak sortzen ditu haurren artean, bereziki. Arazo horiek ez sortzeko, ezinbestekoa da gurasoek euren seme-alabei sakelakoen eta teknologia berrien erabilera arautzea.

Guraso gisa jakin behar dugu gure seme-alabek zein aplikazioetan dituzten profilak. Azken erantzuleak gurasoak gara.

Arauen artean garrantzi handienetako bat duena denbora mugatzea da. Denbora mugatzeari oso hertsiki lotua dago sakelakoak erabiltzeko lekuak mugatzea, edo, kasu batzuetan, debekatzea: erabaki hori gurasoek hartu ohi dute.

Denbora mugatzeaz gain, ordu zehatz batzuetan debekatzea da beste aukeretako bat; bazkalorduan edo afalorduan debekatzea. Otorduetan sakelakorik ez erabiltzearen aldekoa da Garmendia: "Egokia iruditzen zait neurri hori. Baina, otorduetan sakelakoa ez erabiltzeko konpromisoa haurrek zein gurasoek hartu behar dute".

Smartphone-ek lortu duten gauzetako bat sare sozialetara sarrera erraztea eta horien erabilera zabaltzea izan da. Sarrera erraz horrek, ordea, arriskuak sortzen ditu erabiltzaile gazteenentzat: ziberbullying-a edo identitate digitalaren kontrolaren galera, besteak beste.

Whatsapp aplikazioa da gazteen artean gehien erabiltzen den sare sozialetako bat. Hori horrela, erabilera hori mugatzeko neurriak badaudela uste du Crespok: "Interneterako sarbidea soilik wifi bidez egiteko aukera ematen diete haurrei guraso batzuek". Whatsappek ere identitate digitala sortzen laguntzen du. Haurrei ez ezik, gurasoei ere kontuz ibiltzeko eskatu behar zaiela dio Goñik: "Askotan, gurasoak dira beren seme eta alaben argazkiak profiletan jartzen dituztenak. Edonoren eskura jartzen dituzte".

Garmendiak, ordea, uste du debekatzea ez dela konponbidea: "Gaur egun, ez du zentzurik haur bat Internetetik kanpo hezteak". Sare sozialetarako sarrera "atzeratzea" eta arauak jartzea dira, Garmendiarentzat, konponbidea. Goñik uste du arauak ezartzea, "ezinbestekoa" bada ere, haurren "autoerregulazioa" bultzatu behar dela.


Artikulu osoa irakurtzeko:



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina