2015(e)ko urtarrilaren 25(a), igandea

DBH-4ko azterketak eta Kubrick-en "Senderos de Gloria" ("Paths of Glory")

Larunbat arratsalde osoa lanean, DBH-4ko azterketak zuzentzen, bai, 47 ikasle... eta alaben etengabeko galderak, beti ere lan ordu horiek luzatzen: "Nor da Oier?"... "Eta Iranzu?... "Bikain atera al du?"... "Zer moduz...? Uffa, gu bai txapeldunak, biba aitatxo irakasleok! Eta, gainera, pozik emaitzekin... oro har, jakina! Pozik erritmoa hartu dugulako, gehixeago ezagutzen dugulako elkar, eta gustura, bai, benetan diot. Oroitzen naiz talde horietako baten lehenengo azterketa hartaz, irailean, 28 ikasletik 8 besterik ez zuten gainditu, hura desastrea! Honetan, klase berean 22k gainditu egin dute. Tranparik egin gabe, eh? Mailari eutsiz, hori den/k! Hori bai, guztiok gaindituko dugulako itxaropena galdu gabe, aukerak izango ditugu eta. Beste taldean ere, erritmo ezberdina bada ere, aurreratzen ari gara poliki-poliki. Ea garaiz ailegatzen gara ekainera, hala bedi!

Inperialismoa eta I. Mundu Gerra gaian murgilduta gaude. Honetan, ari gara Alizia Lurralde miresgarrian bezala, atzetik abiatuz. Azken batean, I. Mundu Gerra hura Inperialismoaren ondorioa besterik ez zen izan, iragarritako ondorio zorigaiztokoa.
Stanley Kubrickek zuzendutako Senderos de Gloria (Paths of Glory) izan dugu aztergai, lehenengo 35 minutuak, lubakien gerra irudien bidez ezagutzeko. Militarismoaren aurkako lana dugu Kubrick-en lana. Eta "-ismo" horietan guztietan murgiltzeko proposamena  izan da etxerako lana: Ze nolako baloreak azaltzen dira filmean? Militarismoa, matxismoa, autoritarismoa... Zein eszenetan azaltzen dira?


[Iraupena: 05:16 minutu]


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina